Sortuk bi pankarta eskegi ditu Cuelgamurosen, «korapiloa askatzeke» dagoela salatzeko

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen urteurrenaren karietara egin dute ekintza, 'Askatzera Lotuak' kanpainaren barruan.

Sortuk Cuelgamurosen eskegi dituen bi pankartak. SORTU
Oihana Elduaien Uranga.
2025eko irailaren 18a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi guardia zibil pertsona bat fusilatzen ageri den irudia batean, 1936-1975 urteak idatzita. Eta Ni pudisteis, ni podéis, ni podréis (Ezin izan zenuten, ezin duzue, eta ezin izango duzue). Gora Euskal Herria askatuta! letrak bestean. Cuelgamuroseko basilikak itxura berezia hartu du gaur. Ate nagusiari begira, ezkerreko lehen bi arkuak erdi estali dituzte, teilatutik eskegitako bi pankarta erraldoirekin. Frankismoaren sinbolo nagusia den lekuan gertatu da hori, gaur, Txiki eta Otaegiren heriotzaren 50. urteurrenaren karietara.

«Begira, begira, begira!», entzun dute Sortuko ekintzaileek pankartak zabaldu direnean. Ezer asko gehiagorik ez, azkar batean autoetan sartu eta handik alde egiteko bidea hartu baitute. Dozena eta erdiren bat ekintzaile joan dira, taldeetan antolatuta, hainbat kotxetan. Helburu argia zuten pankarta horiek zabalduta: «Oraindik korapiloa askatzeko dagoela eta horretarako garaia dela gogoratzea».

Ekintzaileetako batek BERRIAri kontatu dionez, turista talde bat, mezatara zihoazen edadetu batzuk, zerbait grabatzen ari zen kazetari talde bat, eta bikote bakan batzuk zebiltzan plaza moduko zabaldegi horietan. Denak prest ziren: teilatuan batzuk, plazan besteak. Turista taldea basilikara sartu den unea probestu dute pankartak eskegitzeko. Zabaldu dituzte, eta prest zituzten pisuekin ondo lotuta geratu direla ziurtatu dute. Ez dute ezer zulatu, ez hautsi. Haiek hantxe utzi, eta kotxeetara jo dute. Cuelgamurosek hartzen duen eremutik ateratzeko dagoen ate bakarreneraino iritsi dira, zortzi bat minutuan. Atea irekita. Kanpora.

Sortuk «Euskal Herriaren nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea errespetatzeko aldarria» eraman du hara, frankismoaren ikurra den monumentura. Hilaren 27an beteko dira 50 urte frankismoak aginduta Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi euskal herritarrak fusilatu zituztenetik. Egun horretan ekitaldi nazionala egingo du Sortuk Iruñeko Anaitasunan. Handik bi hilabetera hil zen Francisco Franco diktadorea. Hil aurretik, esan zuen «ondo lotuta» utzi zuela segida. «'Ondo lotuta' utzi zuten korapilo hura behingoz askatzeko garaia» dela azpimarratu du Sortuk gaur, egunotan egiten ari den beste hainbat egitasmorekin batera.

Cuelgamurosen zabaldu duten irudia ez da hautazkoa, eta lekua ez da edozein. Txiki eta Otaegiren fusilamenduak salatzeko erabili izan den irudia da Cuelgamuroseko arku bat estali duena (San Lorenzo de El Escorial, Madril). Haiek hil zituztenetik urtero egin izan diren Gudari Egunetako bat iragartzeko erabili zen, eta Txiki - Otaegi tituluarekin Hordagok argitaratutako liburu baten azala ere bada.

Aukeratutako lekua, zeina Guadarramako mendilerroan baitago, frankismoaren ikur nagusietako bat da. Erorien Harana izena eduki zuen Francisco Franco diktadorearen aginduz sortu zutenetik, eta 2002an, Espainiako Memoriaren Legea onartu zutenean, hura eraikita dagoen bailararen izena hartu zuen: Cuelgamuros.

1936ko gerran «hildakoen omenez» eraiki zuten. Mendialdean dago, basoz inguratuta. Zabalgune handiak ditu atarian, arku handi batzuk, eta haien erdian ate bat. Han barruan, mendiaren estalpean, basilika, eta hildakoen hezurrak. Mendiaren gailurrean, 150 metro luzeko gurutze erraldoi bat.

1940 eta 1958 artean eraiki zuten soldatapeko langile gutxi batzuek, baina batez ere preso errepublikanoen eskulan behartuarekin. Gainera, 1936ko gerran hildakoak omentzeko zela esan zuten arren, alde batekoak bakarrik omentzeko asmoa zuen. Altxamendu faxistan parte hartu zutenak, alegia. Errepublikano batzuen hezurrak ere eraman zituzten geroago, baina haien familien baimenik gabe.

Eta, haiekin guztiekin batera, han ehortzita egon ziren Francoren beraren eta Jose Antonio Primo de Riveraren gorpuzkiak ere. Memoriaren legearen ondorioz, handik aterata daude bi horien gorpuzkiak: 2019an atera zituzten Francorenak, eta 2023an Primo de Riverarenak.

2023an hasi ziren gainerakoen gorpuzkiak ateratzen. Tartean ziren Hego Euskal Herrian ehortzita egon eta gero hara eramandako errepublikanoak ere.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.