Espainiako Konstituzioa

Sortuk indarrak batzera deitu du, "haustura demokratikoa" bultzatzeko

Espainiako Konstituzioaren izaera "inposatzailea" eta "antidemokratikoa" salatu du. Harekiko haustura estaturik gabeko nazioen estutik etorriko dela ziurtatu du.

Espainiako Konstituziaren 40. urteurrenaren harira, hainbat belaunalditako kideak bildu ditu Sortuk, Gernikako Azokan. SORTU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko abenduaren 2a
10:48
Entzun

Ezker abertzaleko hainbat belaunalditako kideak bildu ditu Sortuk, gaur, Gernikako Azokan. Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrenaren harira, hark ezarri zuen esparru politikoari buruzko analisia egin du. Ezker abertzaleko kideen atzealdean, hiru argazki handik osatu dute agerraldiaren eszenografia: Francisco Franco diktadorea, Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege emeritua eta Felipe Borboikoa Espainiako erregearen hiru argazki erraldoi jarri dituzte, buruz behera. Sorturen esanetan, Espainiako Konstituzioak frankismoaren bi oinarri nagusiak egin zituen bere: Espainiaren batasuna eta kapitalismoa.

Duela 40 urte ezker abertzaleak konstituzioari buruz esan zituenak baieztatu direla adierazi du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak. "Esan genuen Trantsizio Demokratikoa deituriko hori transakzio bat baino ez zela, guztia
lotuta, eta ondo lotuta uztea helburu zuena". Hala, nabarmendu du estatu aparatuak ez zirela demokratizatu, eta 1936ko altxamenduko eta frankismoko krimenak zigortu gabe gelditu zirela. Horrez gain, konstituzioak Euskal Herriaren askatasun nazionala eta soziala oztopatuko zituela ere iragarri zuten, Rodriguezek nabarmendu duenez.

Haren esanetan, orduko analisiak "inoiz baino gaurkotasun handiagoa" du. "Gaur, askoz ere gehiago gara analisi horrekin bat egiten dugunak: euskal gizartearen gehiengoak, Kataluniako gizartearen gehiengoak eta espainiar estatuko sektore sozial zabal batek".

"78 erregimenak" estaturik gabeko nazioak seduzitzeko saiakera oro baztertu eta "birzentralizazioaren eta bortizkeriaren aldeko" apustua indartu du, Sorturen iritziz. Hala, ziurtatu du "autogobernuaren eta eskubideen zaurgarritasuna" inoiz baino handiagoa dela.

Egoera horri aurre egiteko, Sorturen esanetan, ezinbestekoa da "78ko erregimenarekiko haustura demokratikoa", Euskal Herriak "benetako demokrazia, justizia, askatasuna eta bakea" lor dezan.

Rodriguezek aurreratu du haustura hori ez duela Espainiako Estatuak ekarriko, estatu barruko nazioek baizik. Hori dela eta, indarrak batzera deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.