Sortuk lan militantea Euskal Herriaren zerbitzura jartzeko konpromisoa berretsi du

IV. Kongresuko itxiera ekitaldia egin du Sortuk gaur, Irunen. Nazio Idazkaritza berria aurkeztu dute, Xabi Iraola buru duela, eta babes handia jaso du bozketetan.

Sortuko Nazio Idazkaritza berria, gaur, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU
Sortuko Nazio Idazkaritza berria, gaur, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
Irun
2026ko urtarrilaren 24a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Militantzia behar da bere izerdi eta neke. Dena egin dugu, baina dena dago egiteke. Gaur fikzio bat da, baina egia izan daiteke. Aspalditik gatoz, urrutira goaz, Euskal Herria dugu bizigai eta den-dena irabazteko». Beñat Gaztelumendi bertsolariaren hitz horiek ekarri ditu gogora Xabi Iraola Larraia Sortuko koordinatzaile nagusi berriak, taldearen konpromisoa berritu eta azpimarratzearekin batera: nazio askapen mugimenduaren lan militantea Euskal Herriaren zerbitzura jartzea. Aitzineko belaunaldiei eskerrak eman, eta ondokoei borrokarako deia egin die: «Gu ez gaude gaur hemen beste askok ibili zituzten bide berak ibiltzeko. Gu gaur hemen gaude, honaino ekarri gaituen ibilkera presente, gure bide propioak ibiltzeko. Ezker abertzalearen proiektu politiko historikoaren sustraiak mantenduta, proiektu hori gaurkotzeko, eraberritzeko eta bide berriak irekitzeko».

Txalo zaparrada batez erantzun diote Irungo Ficoba (Gipuzkoa) erakustazokan bildutako 600 militanteek, IV. Kongresuaren itxieran. Hain justu, Nazio Batzarra egin dute lehenbiziko, eta datozen hilabeteetan egin beharreko urratsak zehaztu dituzte bertan, Herri Gogoa txostena izanen dutelarik bide orri; ekitaldia egin dute gero, eta datozen urteetako erronkak eta zuzendaritzako taldea aurkeztu dituzte. Nazio Idazkaritza berriak babes zabala jaso du ortzegun eta ortziraleko bozketetan: %96. 

Ezker independentismoa beste fase politiko batean murgilduta dagoela erran, eta belaunaldi berriak izanen dituen hiru erronkak ekarri ditu gogora Iraolak: «Euskal proiektu nazionala eraberritzea, esku artean ditugun belaunaldi erronkei erantzuna emanez; politikaren benetako zentzu eraldatzailearekin birkonektatzea, eskuin muturraren eskutik posizio antipolitikoak hedatzen ari diren garaiotan; euskal estatuaren oinarriak eraikitzea, eremuz eremu estatu gisa pentsatuz eta arituz». Halaber, EH Bilduren eta EH Bairen aldeko apustua indartuko dutela berretsi du. Horiek direlako, Iraolaren erranetan, ezkerreko independentisten «erreferentzia politiko nagusiak, eta eraldaketa politiko eta sozialerako tresnak». 

Iraolak azaldu duenez, fase berri horri ekiteko, herri dinamiketan jarriko dute indarra, herria herritarrekin eraikitzea izanen dutelako xede. «Gure lan militantearen muinean gure herriaren askapen nazionala eta soziala eskuratzeko ardura dago. Hori gara, horretarako gara», erran du. 

Hala, borrokarako deia egin du, baita gehiengo sozial eta politiko zabalak egituratzera ere. Gehitu du «konpromiso antifaxista berritu bat» egituratu behar dela, eta, faxismoa borrokatzearekin batera, Euskal Herriaren eraldaketa gaitasunak eta anbizioak garatu behar direla. «Badira zumeak, badira bideak, eta badira aukerak. Hala ikusiko dugu, besteak beste, martxoaren 17ko greba orokorrean. Euskal Herrian posible da», borobildu du. 

Lekukoa, zortzi urteren ostean

Aukera eta bide horietan konfiantza osoa azalduz eman dio lekukoa Arkaitz Rodriguezek Iraolari. Zortzi urteren ostean kargua utzi du Rodriguezek, eta urteotan jasotako babesa eta konfiantza eskertu dizkie militanteei. Azken urteotako aurrerapausoak nabarmendu ditu azken hitzaldian: «Ezker abertzalearen estrategia aldaketa egonkortu eta sakontzea; presoen eta, oro har, errepresaliatuen auzia desblokeatzea eta konponbidean jartzea; EH Bildu eta EH Bai zabal eta indartsuen eraikuntzari ekarpena egitea; nazio burujabetzaren bidean jauzi baterako baldintzak sortzea; eta askapen prozesua funtsezko garai batera ekartzea». 

Rodriguez eta Iraola gaur, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU
Rodriguez eta Iraola, gaur, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU

Halaber, «hiru aukera potentzial handi» daudela esplikatu du: «Preso eta errepresaliatu politikoen auziari behin betiko irtenbidea ematekoa; ezkerreko independentismoak indarrean diren instituzio nagusietako gobernuetara iristekoa; eta burujabetzaren bidean jauzi bat egitekoa».

Horiei «ahalik eta eraginkorren ekiteko» egin du Sortuk egokitzapena, Rodriguezen arabera. Honako hauek dira Nazio Idazkaritzako kide berriak: Nuria Altzugarai Gartzia, Itsasne Fernandez Duarte, Oihane Agirre Ulaiar, Paul Laka Garamendi, Oihana San Vicente Saez de Zerain, Maialen Kortabarria Zabala, Asier Zamorano Arri, Maialen Arteaga Gonzalez, Txomin Poveda, Idoia Zengotitabengoa Laka, David Pla Martin, Haimar Altuna Ijurko, Iker Araguas Jusue eta Elena Beloki Resa. Txalo artean igo dira oholtzara.

Internazionalismoa

Bertze hainbat ordezkari politikok ere parte hartu dute gaurko saioan. Zehazki, Palestina, Venezuela, Kuba, Uruguai, Kolonbia, Kurdistan, Irlanda, Korsika, Katalunia eta Galiziako hainbat ordezkari igo dira oholtzara. 

Guztiak oholtzan zirela, Elena Beloki Sorturen Nazioarteko arduradunak hartu du hitza, eta gogoratu «boterearen birbanaketa sakon bat» gertatzen ari dela, eta horrek «trantsizio luze eta gatazkatsua» ekarri duela. Belokiren erranetan, estatuak lehen lerroan daude, herri interesak babestetik urrun, kapitalari mesede egiteko. Horren aurka, burujabetza berriz definitzearen alde egin du, eta XXI. mendeko internazionalismoa aldarrikatu: «Lurraldeen eta jendearen burujabetzan, bakearen aldarrian, herrien autodeterminazioan eta herrien arteko lankidetzan oinarritua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.