Sortuk larunbatean egingo du bere VI. Nazio Konferentzia

Alderdi independentistaren esanetan, azken bozek erakutsi dute ziklo politiko berri bat ireki daitekeela.

Arkaitz Rodriguez, iaz, Sorturen V. Nazio Konferentzian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2023ko irailaren 18a
17:16
Entzun

Sortuk bere VI. Nazio Konferentzia egingo du larunbat goizean Arrasaten (Gipuzkoa), eta ekitaldi politiko bat arratsaldean. Alderdi independentistaren arabera, ziklo politiko berri bati heltzeko aukera dago, eta bide horretan «independentziarako indarrak» biltzen jarraitzea jarri du helburutzat: «Bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen estatua behar dugu».

Irailaren 27an beteko dira 48 urte Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi etakideak fusilatu zituztenetik, eta urteurren horren testuinguruan egingo du Sortuk bere seigarren konferentzia nazionala. Data berezia da «nazio askapeneko mugimenduarentzat», ohar bidez azaldu dutenez: «Gure proiektu politikoan berresteko eguna da gure komunitatearentzat. Helburu guztiak lortu arte borrokan jarraitzeko zin egitea».

Alderdiak ezker independentistak azken urteetan jorratutako bideari ere heldu dio. Bada hamarkada bat «gatazka politikoa konpontzeko aro berri bati ekiteko erabakia» hartu zuenetik, eta azaldu dute Sortu ziklo berrira egokitzeko «ahalegin etengabean» ari dela: «Konbentzituta gaude ziklo berriak iruditeria berriak, sinbolo berriak eta kontakizun berriak behar dituela, iragana alboratu gabe».

Izan ere, Sorturen ustez, Hego Euskal Herriko udal eta foru bozetako zein Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzek erakutsi dute ziklo politiko berri bat abiatzeko aukera «parez pare» irekita dagoela, horietatik ateratako «gehiengo ezkerreko eta independentistak» Euskal Herriko gatazka politikoa «konpontzeko urratsak egiteko» aukera ematen baitu. Ipar Euskal Herriko testuinguru politikoari begira, berriz, abertzaletasunak hartutako «indarra eta zentralitatea» nabarmendu dituzte, «euskal lurraldearen aitortzan zein eskubide sozialen aitortzan» izan dezakeen eraginagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.