"Salbuespen neurriak" amaitzearen alde agertu ziren atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile bat (Jose Ricardo de Prada), Goreneko bat (Joaquin Gimenez) eta Espetxe Zaintzarako beste bat (Jose Luis de Castro). Euskal presoen egoeraz aritu ziren Madrilen.
Aitortu zuten araudi eta praktika "berezi" bat dagoela eraikita haien kontra, eta oraindik indarrean segitzen duela. Adierazi zuten ETAk jardun armatua behin betiko utzi ondoren sortutako egoera politikoan "erantzun judiziala" aldatu beharra dagoela.
Balorazio positiboa egin du Sortuko presidente Hasier Arraizek, gisa horretakoak entzutea "ezohikoa" delakoan. Haren arabera, gero eta gehiago dira Espainian ere "blokeo egoera" hausteko eta normalizazio demokratikorako prozesuak aurrera egitea aldarrikatzen duten ahotsak. "Bestelako ildo politiko eta juridiko bat eskatzen dutenak". Garrantzitsutzat jo du: "Halako epaile batzuei entzutea argi eta garbi sakabanaketa politikaren kontra hitz egiten poztekoa da. Nabarmendu dute, gainera, presoek eskubidea dutela beren etxe inguruko espetxeetan egoteko".
Nolanahi ere, Arraizek ohartarazi du ez dela "nahikoa", eta aurrerapauso gehiago eman behar direla prozesuak aurrera segi dezan. "Hitzetatik ekintzetara" igarotzeko eskatu, eta urrats gehiago egitera deitu du. "Euskal preso politikoen egoera konpontzea funtsezkoa da, eta sakabanaketarekin amaitzea guztiontzako lehentasun".