Sortuk agerraldia egin du Donostian, Jaurlaritzak aurkeztu berri duen programaz jarduteko. Autokritika ontzat jo du Pernando Barrenak: "Ona da bizikidetza finkatzeko, iraganeko akatsak ez errepikatzeko eta zauriak sendatzen laguntzeko". Baina iruditzen zaio Urkulluk eta Fernandezek autokritika mota bat dutela buruan: "Termino baloratiboetan, eta EAJrekin bat datorrena izan behar du". Uste du abiapuntua hori bada horrek ez duela inora eramango.
Halere, autokritikaren bidea jorratzeko prest agertu da, eta gogoratu du gaur-gaurkoz ezker abertzalea dela biktima guztiak aintzat hartu dituen eragile bakarra eta autokritika egin duena, "besteek segitzen dute biktimak hierarkizatzen".
Bestalde, Auzitegi Nazionalak euskal presoei ukatu berri dien gerturatze eskaeraz mintzatu da. "Zinikoa" iruditzen zaio esatea sakabanaketak ez dituela eskubideak urratzen. PPren jarrera salatu du, eta ez du aldaketarik espero. Horregatik, dei egin du akordio konpartituak lortzeko bidea jorratzera, ahalik eta presio handiena egin ahal izateko gaur egungo espetxe politika amaitzeko.
PPren ustez, "ulergaitzak" dira Jaurlaritzaren proposamenak
Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak ere kritikatu egin du Zuzendu programa. Quirogaren esanetan, Urkulluren gobernua ezker abertzaleari "estaldura" ematen ari zaio gisa horretako proposamenen bidez. EAJri egotzi dio ETAri "garaipen txikiak" eman nahian ari dela, "partida 10-0 amai ez dadin". Bide hori uzteko eskatu dio, eta lan egiteko "terrorismoaren bandera berriro altxa ez dadin".