Urte politikoa amaitzearekin batera, Sortuk alderdiaren zortzigarren Nazio Konferentzia egin du egunotan, Abadiñon (Bizkaia). Han, militanteek erabaki dute alderdiaren IV. kongresua urtebete aurreratzea, «askapen prozesuaren egungo fase politikoak eskatzen duen eraginkortasuna izateko». Udazkenean ekingo diote, eta datorren urtearen hasieran amaitu.
Nazio Konferentziari atzo ekin bazioten ere, gaurkoa izan da erabakiak hartzeko eguna, 10:00etan abiatu baitute Nazio Batzarra. Azaldu dutenez, bi gai nagusi jorratu dituzte: estatus politikoaren inguruko eztabaida eta nazioarteko egoera «gatazkatsu bezain ezegonkorra». Era berean, aukera baliatu dute azken hauteskunde zikloaren balantze «oparoa» egiteko, eta aurrera begirako erronka nagusiak zehaztu eta plan politikoaren lanketa egiteko.
Horiek hala, bi ebazpen onartu dituzte. Batetik, erabaki dute alderdiaren IV. kongresua urtebete aurreratzea, aurtengo udazkenera. Era berean, Sortuko kideek Sozialismorako Euskal Bidea ebazpena onartu dute. Azaldu dutenez, bat egiten du hilabeteotan egindako gogoetekin, eta hark ezarriko du aurrera begirako «norabide estrategikoa». Izan ere, ez da Sortuk afera mahai gainean jartzen duen lehen aldia. Maiatzaren 1aren atarian ere, alderdiak beharrezkotzat jo zuen «herritar eta langile guztiei etorkizun duina eskaini diezaiekeen sozialismoaren» alde egitea, eta, bestalde, Euskal Herriaren «burujabetza ekonomikoa» defendatu zuen.
«Askatzeko garaia»
Irailaren 27rako antolatutako ekitaldia ere gogoratu dute. Sortuk nazio ekitaldi bat egingo du Iruñeko Anaitasunan, Askatzera lotuak lelopean, eta hartan parte hartzeko deia egin dute gaur ere. Hain zuzen, udazkenean beteko dira 50 urte Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituztenetik, baina baita Franco hil eta Juan Carlos Borboikoa haren oinordeko izendatu zutenetik ere. «Ondo lotuta utzi zuten korapilo hura askatzeko garaia da, Euskal Herriaren independentziarako bidean», adierazi du alderdiak, ohar batean.
Gai hori presente izan dute Nazio Konferentzian ere. Atzo, Lotura haietatik, askapen prozesu hau solasaldiarekin ekin zioten egitasmoari, eta gaian sakondu zuten Iratzar fundazioak antolatutako beste hiru hitzaldiren bitartez: Euskaldunaren barbarizazioa, Transmisioaren korapiloak eta Euskal Kanta Errebeldea, gatazkaren soinu-banda.