Uztailaren 2an Sorturen asanblada nazionalak baiezkoa ematen badu, Kizkitza Gil de San Vicente eta Eneko Aldana izango dira alderdiaren zuzendaritza berrian Ipar Euskal Herriko bi ordezkariak. BERRIAk joan den ostiralean aurreratu zituen Kontseilu Nazionalak proposatutako beste hamahiru kideen izenak: Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Pello Otxandiano, Gorka Elejabarrieta, Maite Sabalza, Gotzon Elizburu, Enkarna Cordon, Jone Etxeberria, Unai Gonzalez, Oiakue Azpiri eta Haimar Altuna.
Egungo Kontseilu Nazionalaren tokia hartuko dute —2013ko otsailean hautatu zuten hura, Sorturen eratze biltzarrean—, eta abenduko kongresura artean ariko dira, egiteko jakin batekin: Sorturen "birfundazio" prozesua gidatzea. Egunerokoaz ere arduratuko dira, eta publikoki inork ez du kargu jakinik izango. Egungo zuzendaritzatik Otegi baino ez dago —dena dela, 2009ko urritik aurtengo martxora arte preso egon da hura, Bateragune auzian—.
Sortuk dio zuzendaritza berriaren proposamena egitean kontuan hartu dituela kideen parekidetasuna —hamabostetik zortzi gizonezkoak dira, eta zazpi, emakumezkoak— eta lurraldetasuna —"irismen nazionala"—. Euskaldunak dira denak. Halaber, aintzat hartu dituzten beste irizpideak dira "berrikuntza eta freskotasuna; gaztetasuna eta esperientzia; eraginkortasuna —misioa aurrera ateratzeko kohesio eta baliabide nahikoak—; eta gaur egungo Sortu ezagutzen duten kideak eta Sorturen ibilbidean egunerokotasunean itota ibili ez direnak".
Abian barne eztabaidaren ondorioa izango da "aldaketa sakon" hori. Maiatzaren 7an bukatu zuten Abian, eta erabaki zuten ezker abertzaleak eraberritu beharra duela "prozesu independentista eraldatzailea" garatzeko. Eta dena Sortutik hasita, hura jotzen baitute mugimenduko "bilgune erreferentziala".
Asanblada nazionala Barañainen ez, Gasteizen baizik
Hasiera batean Sortuk uztailaren 2ko asanblada nazionala Barañaingo (Nafarroa) auditoriumean egitea aurreikusi zuen (650 lagunentzako tokia du), baina jende gehiagok eman du izena eta lekua aldatu behar izan dute; Gasteizen izango da bilkura, Europa jauregian (mila lagun sartzen dira).
Kontseilu Nazionalak hiru urteotako txostena aurkeztuko du. Gero, birfundazio prozesuko diseinua eta araudia, eta zuzendaritza proposamena bozkatuko dituzte. Sortuk parte hartze zabala lortu nahi du, sortukideetatik haratago helduz; edozeinek eman ahal du izena, Sortu.eus-eko fitxa beteta.