Gure lan baldintzak ez ezik, zerbitzuaren kalitatea ere okertu egingo da». SOS Deietako telefono zerbitzuko langile Ana Garciak eta Marisa Cuestak hala laburbildu dituzte Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zerbitzua Bizkaian zentralizatzeko hartu duen erabakiak izango dituen ondorioak. Cuestak Arabako telefono zerbitzuan lan egiten du, eta jada jakinarazi diote martxoaren 12tik aurrera Bilbora joan beharko duela lanera. «Asko galduko dugu, bai ekonomikoki, baita pertsonalki ere». Gipuzkoako zerbitzuko langileek oraindik ez dute jakinarazpen ofizialik jaso, baina badute asmo horren berri sindikatuen bidez. «Ahal den guztia egingo dugu atzera egin dezaten, bidegabea eta zentzugabea baita egitera doazena. Uste dugu hurrengo urratsa kaleratzeak izango direla. Ez gaude hori onartzeko prest, eta dagoeneko aurkeztu dugu eskari bat Lan Sailean, atzera egin dezaten», jakinarazi du Garciak.
SOS Deietako zerbitzu bakoitzean bi lantalde aritzen dira beharrean: telefono deiak hartzen dituztenak eta gero dei horiek kudeatzen dituztenak. Ertzaintzako kideak dira azken horiek. Baina neurriak soilik telefonoa hartzen aritzen direnei eragingo die.
Gipuzkoako egoitzan hemezortzi lagun aritzen dira deiak jasotzen, eta Arabakoan, hamahiru. Haien lan baldintzak salatu ditu ELAko ordezkari Edurne Iriondok. «Azpikontratatuta daude, eta telemarketin sektoreko lan hitzarmena dute. Hitzarmen hori berritu gabe dago 2009tik». Urtean 1.800 ordu lan egiten dituzte, eta hilean 1.000 euroko soldata jasotzen dute. «Duten ardura eta prestakuntzarako oso lan baldintza kaskarrak dira». Iriondok Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren jarrera salatu du. «Beti goraipatzen dute zerbitzu honetako langileen profesionaltasuna eta zein azkar bideratzen dituzten deiak. Baina egiten ari diren bakarra trabak jartzea da. Gainera, haiekin hitz egiten saiatu gara, baina ez digute inolako proposamenik egiten. Ez dute hitz egiteko borondaterik».
Zerbitzuaren kalitateagatik daude kezkatuta. «Deiak bideratzeko, denbora gehiago beharko dugu, eta lan honetan kontrakoa behar da: azkartasuna. Segundo batzuk irabaztea erabakigarria izan daiteke, egoerak larriak izaten baitira gehienetan», zehaztu du Garciak.
Deiak bideratzeko denbora gehiago behar izateko bi arrazoi aipatu dituzte. Batetik, langileek hiru herrialdeetako deiak jasoko dituzte. «Horrek ez du batere lagunduko. Guk, adibidez, Gipuzkoako errepide eta herriak dezente ezagutzen ditugu. Ia guztietan ditugu erreferentziak, eta horrek asko laguntzen digu deiak azkar bideratzeko orduan. Bizkaiko edo Arabako batek, berriz, ez ditu izango erreferentzia horiek, eta denbora gehiago beharko du deitzen duenak nondik egiten duen jakiteko. Beraz, denbora galduko da. Guri berdin gertatuko zaigu beste herrialdeetako deiekin», azaldu du Garciak. Bestetik, deiak kudeatuko dituztenak ondoan ez izatea salatu dute biek: «Berriro ere erabaki zentzugabe bat hartzera doaz. Izan ere, bi zerbitzuen arteko koordinazioa ezinbestekoa da, eta leku desberdinetan egonda hori zailagoa izango da».
Bestalde, biek iritzi diote lan baldintza okerragoak izango dituztela. Bilbora joateko, egun baino denbora gehiago igaro beharko dute joan-etorrian. «Guk egin ditugu kalkuluak, eta egun baino 500 bat ordu gehiago izango dira. Asko da hori, baina esan digute horregatik ez digutela ordainik emango », esan du Cuestak.
Donostiako langileen kasuan, ezinbestean autoa hartu beharko dute. «Goizeko txanda seiretan hasten da, eta Bilbora joateko ez dago autobusik. Arratsaldean lan eginda ere arazo bera dugu, gaueko hamarretan irteten baikara, eta ez gara iristen azken autobusa hartzera», esan du Garciak. Garraio publikoa hartuko balute, gainera, denbora gehiegi beharko lukete Bilboko egoitzara iristeko. «Txurdinaga auzoan dago, eta Donostiatik Bilbora joateko autobusa ez ezik, metroa hartu beharko genuke, eta, ondoren, hamar minutu oinez egin». Aukera bakarra autoan joatea dela iritzi diote: «Baina dugun soldata kontuan hartuta, hori oso garestia da. Erregaiaren prezioa gora doa etengabe, eta A-8ko bidesaria inguruko garestiena da. Gastua ikaragarria da».
Hori kontuan hartuta, Herrizaingo Sailari eskatu diote har dezala zerbitzuaren zentralizatzea lekualdatze gisa. Baina uko egin dio. «Lekualdatze moduan hartuko balute, joan-etorriak egiteko langileok diru gehiago jasoko genuke. Agindu diguten bakarra da diru poltsa bat egongo dela bidaietarako. Baina ez dakigu zenbat diru izango den».
Kaleratuko dituzten beldur
Gainera, kaleratzeak izan daitezkeela uste dute langileek. «Aste honetan bertan argitaratu dute zerbitzua kudeatzezko deialdi publikoa, eta lan txanda bakoitzean langile gutxiago aurreikusten dituzte. Beraz, litekeena da kaleratzeak izatea. Azken batean, hori da zerbitzua zentralizatzeko arrazoia».
Gipuzkoako langileak hasi dira protestak egiten. Aste honetan bertan, bi orduko lanuztea egin dute. Asteartean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batzartuko dira, eta Donostiako Udalarekin ere hitz egiteko asmoa dute. «Gure kezken berri emateaz gain, zerbitzua hemen geratzeak zer-nolako garrantzia duen azaldu nahi diegu», azpimarratu du Iriondok. Araban, Cuestak zehaztu duenez, aztertzen ari dira egoera, eta gero erabakiko dute zer egin.
SOS Deiak, deiak SOS
Eusko Jaurlaritzak Bilbon zentralizatuko du SOS Deietako telefono zerbitzua. Araban eta Gipuzkoan deiak hartzen dituztenak kexu dira, zerbitzuaren kalitatea okertuko dela uste baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu