"Juan Pablo II Aita Santu handiaren ondoren, kardinalek ni aukeratu naute, Jaunaren langile umil bat". Halaxe adierazi zuen Benedikto XVI.ak 2005eko apirilaren 19an, kargua hartzeko ekitaldian. Elizak duen 265. Aita Santua da. Seigarren Aita Santu alemaniarra da; lehena Víctor II izan zen.
Bigarren Mundu Gerran aritu zen, alemanen hegazkinen aurkako zerbitzuan. Freisingeko Filosofia eskolan egin zituen ikasketak eta teologian doktore izan zen Municheko Unibertsitatean; irakasle gisa aritu zen beharrean. 1951an egin zuten apaiz.
Eliza katolikoaren ortodoxiaren zaintzaile sutsua izan da. Hori horrela, bere aukeraketak kritika ugari sortu zituen, neo-kontserbadoretzat jo zuten eta hainbatek zioten berarekin Elizak gogortu egingo zuela bere jarrera hainbat gairen inguruan: abortuaren debekua, eutanasia eta homosexualitatea, esaterako.
Aldekoak ere izan ditu, ordea. 2005ean bertan Colonian (Alemania) gazteen hainbat taldek egin zuten bilgunean babes zabala jaso zuen. 2007an 2.830.100 lagun bildu ziren euren agerraldietara Vatikanon eta Castelgandolfon.
Nazioartean kritika
Kargua hartu zuenetik hainbatetan agertu da kritiko nazioarteko zenbait auziren gainean. Mahomaren karituren kasua gogor salatu zuen, eta bakea eta elkar ulertzea lortu ahal izateko beharrezkotzat jo zuen "erlijio eta sinbolo guztiak errespetatzea".
Irango gatazka nuklearrari irtenbide baketsu bat emateko deia ere egin zuen, eta estatu palestinar baten alde agertu zen. George W. Bushek tropak Irakera bidaltzeko erabakiari "justifikaziorik gabea" iritzi zion.
Bidaiak eta argitalpenak
Lehen bidaia ofiziala Aita Santu gisa Barira (Italia) egin zuen, 2005eko maiatzaren 29an. Hogeiren bat bidai egin ditu Italiatik, azkena 2012ko urrian Loretora. Atzerrian ere hainbat herrialdetan egon da: Alemania, Polonia, Espainia, Turkia, Brasil...
2005etik hainbat argitalpen egin ditu: entziklikak, apostolu-aholkuak eta baita liburuak ere. 2007tik 2012ra gutxienez hiru liburu idatzi zituen Jesusen bizitzaren gainean.