Mundua

Stormonteko Legebiltzarra martxan da berriro

2002ko urritik etenda egon ondoren, gaur jarri dute abian Stormonteko Legebiltzarra Irlandako iparraldean. 2003ko azaroaren 26ko hauteskundeetan aukeratutako 108 diputatuak erregistratu egin dira gaur, eta diputatu aulkia hartu dute. Hilaren 22tik aurrera hasiko dira lan politikoan. Gobernua eratzea izango dute lehendabiziko helburu zaila.

2006ko maiatzaren 15a
13:14
Entzun
Erregistratu egin dira gaur Stormonteko Legebiltzarreko 108 diputatuak, eta, halaber, beren lekua hartu dute. Horrez gain, minutuko isilunea gorde dute guztiek gaur zortzi Ballymenan hil zuten Michael McIlveen nerabeagatik.

Datorren astelehena arte ez dira hasiko lan politikoa egiten. Gainera Londresek eta Dublinek ezarritako presioaren pean arituko dira Stormonteko legebiltzarkideak. Izan ere, sei asteko epea, uda artekoa, eman dite lehendabizi unionista eta errepublikanoen arteko oreka zailak hautsi eta Gobernua eratu eta Ostiral Santuko akordioetan aurrera egiteko. Adostasunik ezean, iraila arte etenda geratuko da berriro Legebiltzarra, eta azaroaren 24a arteko epea zabalduko da berriro helburu bera lortzeko. Data horretarako emaitzarik ezean, Londresek eta Dublinek eten egingo lukete berriro Legebiltzarra, eta beren egitekotzat hartu Ostiral Santuko hitzarmenak aurrera eramatea.

2002ko urrian Londresek, bere kabuz, parlamentua bertan behera uztea erabaki zuen, IRAren espioitza sarea aitzakia hartuta. Hala ere, 2003ko azaroan hauteskundeak egin ziren, Legebiltzarra abian gaur arte jarri ez bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.