Liburuko atal bat. 'Distantziaren misterioa'

2012ko maiatzaren 29a
15:39
Entzun

Eszenatokiaren misterioaz Raimonek behin zera esan zidan mahai baten bueltan: ez baldin baduk eszenatokian hire indarra ahultzerik nahi, ez hadi kutsatu tabernaz taberna dabilen jendearekin. Misterio hori distantziarekin markatu behar da.

Distantziaren misterioa, lainopean galtzen den itsasontzia edo igurikatzen dugun eta gutxitan ikusten dugun neskatxaren irribarrea bezala. Zer da ba amodio platonikoa? Lainoak, brumak, keak, lausoak, misterioaren indarrak multiplikatzen duen sentimendua.

Azkenean distantzia horrek egiten duen efektua da inportantea, zuk kantari hori oso eskura baduzu azkenean ostikoz joko duzu.

Kantuei buruz, sorkuntza artistikoari buruz ari gara, eta hain zuzen ere gure ofizio honek duen gauzarik ederrena jendearen maitasuna da. Oporrak Portugalen eman ditut, zure diskoa genuen kotxean eta geroztik zure kantu bat burutik kendu ezinda nabil. Edo: ezkondu ginenean gizonak eta biok zure kantu baten estribilloaren hitz bakoitzaren lehen letra jarrarazi genion bitxigileari eraztunaren barrualdean.

Horrelako anekdotak ehunka dira Benitoren kasuan. Bizkaiko kostako herri batean amona hilzorian zen. Min handia zuen, egunak zein gauak oinazez pasatzen zituen. Morfinak dagoeneko ez zion eragin handirik egiten. Alabak halako batean Benitoren «Gaueko ele isilen balada» diskoa jarri zion. Eta, apur bat bada ere, amonaren sufrikarioa samurtzen zela zirudien, irribarrea bere ezpainetan azaldu arte. Pare bat ordutara hil zen gaixoa. Aurrerago kontatuko dizuet lagun mina nuen Laxaren kasua ere.

Amonari hiltzen lagundu zion Benitok. Kantuek horretarako balio dute, bizitzen laguntzeko, hiltzen laguntzeko. Baina kantariak norentzat egiten ditu kantuak: jendearentzat ala bere buruarentzat?

Honek gogorarazten dit Mozart-en esaldi bat, pelikula batean ikusi nuen. Bertan Mozarten bizitza masonikoa kontatzen zen. Haydn Mozarten eskutik sartu zen masoietan, sarrera ekitaldian berak eman baitzion banda eta ezpata. Pelikularen azken partean palazio baten aurrean zeuden biak, lorategi luze dotore batzuetan. Paseatzen zihoazen, hizketan, eta Haydnek zera esan zion Mozarti.

–Badiat hiretzat sorpresa bat, opari moduan emango diat.

–Zer duk ba, zer duk ba?

–Egon hadi lasai, emango diat bere garaian.

Hizketan jarraitu zuten masoien kontuez, baina Mozartek berriz:

–Joseph, zer daukak ba niretzat, zer daukak ba?

Halako ezinegona erakusten zuen Mozartek. Haydnek eskua poltsikoan sartu zuen eta zinta gorri batean bildutako paper bat atera zuen. Zinta kendu eta partitura bat erakutsi zion.

–Gure zaharrak azken aldi honetan egin duen gauzatxo bat duk.

Mozart partitura irakurtzen hasi zen mundutik kanpora bezala, txundituta.

–Agure zahar honek ez zeukak besteentzako musika egin beharrik, beretzako bakarrik egiten dik.

Johan Sebastian Bachen azken obra zen.

Garbi dago Bachek ez zuela dagoeneko inoren onespenaren beharrik, ez zela gizarteko notableen artean lekutxo bat izateko lanean ari. Plazer hutsez jarduten zuen sorkuntzan, bere buruarentzat bakarrik. Baina nola uztartu hori musika afizio eta ofizio baduzu? Pentsa Mozartek musikaren historian izan duen garrantzia. Erreferentzia izugarria izan da ondoren etorri diren musika estilo desberdinentzat, klasikotik hasi eta heavy musikan amaituz. Baina ez zuen garaiko gizartean inolako onespen eta arrakastarik izan. Bakardadean hil zen, txirotasunean. Fosa komunera bota zuten hil zenean, inork bere gorpua erreklamatu ez zuelako. Baina Bachek bezala Mozartek ere, sorkuntzari dagokionez, ez desiratzen ikasi zuen.

Zu gauza bat egiteko amorratzen baldin bazaude baina ez baduzu adierazten, azkenean antzeman egiten da. Lehentxeago edo beranduxeago azaldu egiten da. Inportantea da ez desiratzea. Oso estetika interesgarria du horrek. Niri oso erakargarriak egiten zaizkit dena erlatibizatzen duten pertsonak. Ez dute ezeren beharrik. Ikusten duzunean norbait dagoen tokian ongi dagoela, ez duela beharrik, kontxo, niri ikaragarrizko distira sortzen dit.

Bob Dylan beti izan da zakarra bai publikoarekin, bai prentsarekin. Bere kantaldietan, ez gabon ezta agur ere, ez du kanturik edo taldekiderik aurkezten. Ez dio dagoen lekuko publikoari, bertako erreferentziaren bat aprobetxatuz, inongo keinurik luzatzen. Ez du Errealeko edo Athleticeko kamisetarik (edo Espainiako selekzioarena) jartzen beste zenbaitek bezala. Gehiago esango nuke, ez dio publikoari begiratu ere egiten. Badirudi ez duela inor behar, ezer behar. 2006an Donostian izan zenean ere hala egin zuen. Kamerinoetan bera agurtzeko zain zituen euskal-erdal kantari guztiak bertatik botarazi zituen bere managerrak Dylan agertu aurretik. Ez zuen inorekin harremanik nahi. Benito eta Mikel Laboa kantaldi hartan egotera gonbidatu zituzten. Batek Dylanen aurretik kantatu beharko zuen, besteak ondoren. Benitok uko egin zion bertan kantatzeari.

Garrantzitsua askotan ez da izaten zer egin behar duzun jakitea, zer ez duzun egin behar jakitea baizik. Hori baldin badakizu, horri usaina hartzen badiozu, salbatu zara. Nik badut printzipio bat: Dylanek ba al du norbaiten beharrik kontzertu batean? Ez, ezta? Dylan gertakari bat da, jendea Dylan ikustera doa. Aurretik edo ondoren zein dagoen ez zaio inporta. Egun horretan zu jartzen bazaituzte bere aurretik, edo ondoren, zuretzat kalte.

Dylan prentsari iheska ere ibiltzen omen da. Behin disko baten aurkezpena zela eta kazetari guztiak deituta zeuden prentsaurrekora. Baina Dylan ez zen agertu. Inork ez omen zekien non zegoen, ez managerrak, ez diskoetxekoek... Bera gabe egin behar izan zuten aurkezpena. Imajina ezazue titularra: Ez dago Dylanen arrastorik. Edo: Bi aste dira inork Dylanen berririk ez duela. Niri behintzat diskoa erostera joateko gogoa etortzen zait.

Egin duzun diskoari inportantzia ematen baldin bazaude, otzan-otzan kontatzen, oso egoera tristea izaten da hori. Beti pentsatu dut testuinguru horretan saltzailearen aurpegia jartzen zaidala, ezin dut ekidin. Hau da, produktu baten propaganda egiten ari naizela. Oso lotsatuta sentitzen naiz egoera horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.