Subillako akuifero garbiaren alde, topa!

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ur gezako biltegi handienera jaitsi dira Gasteizko eta Kuartangoko Fracking Ez plataformetako hamahiru kide; gasa ateratzeko egitasmo horren arriskuez ohartarazi dute han.

Jon Rejado.
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Topa!». Kobazulo baten zulobideetatik entzun zen oihu horren oihartzuna, Arkamuko mendilerroaren azpian (Ginea, Araba), dozenaka metrora. Ezohiko lekua ezohiko hitz hori entzuteko. Ordea, ezohiko egoera izan zen atzo Arabako txoko horretan. Gasteizko eta Kuartangoko Fracking Ez plataformetako hamahiru kidek kobazuloan behera egin zuten, Subillako akuiferora heldu arte, gasa ateratzeko egitasmoak honda dezakeen ur gezako biltegi handienetako bat ikusi arte. Han ur gardenekin topa egin zuten, eta gasa ateratzeko sistema horren arriskuez ohartarazi zuten.

Gineatik gertu hasi da «lur azpiko historiako lehen manifestazioa». Hala deitu zion plataformak. Kokapena bera adierazgarria da. Eusko Jaurlaritzak gasa ateratzeko egitekoa den zundaketen lekutik hogei kilometro ingurura dago. Hain zuzen ere, akuifero horren hedadura 170 kilometro koadro ingurukoa da. Gasteizko ekialdetik Burgosera (Espainia) iristen da.

Akuiferora sartzeko lekura heldu ondoren, baso baten erdian, prestaketa lanei ekin diete. Arnesak jantzi, materiala prestatu... eta barrura. Aho estua pasatu ondoren, bidea zabaltzen da. 40 metroko jaitsiera bertikala, kilometro erdiko ibilalditxoa, zazpi metro inguruko jaitsiera, 200 metroko jaitsiera... buruko argien laguntzarekin egin dute bidea plataformako kideek ura ikusi arte. «Niretzat hunkigarria izan da akuiferora heltzea; jendeak ulertu behar du, jakinarazi behar diogu zer dugun lur azpian».

Hara heldu ondoren, xanpain kopak atera, akuiferoko ura hartu, eta topa egin dute. Tragoxka bat edan dute guztiek, etorkizunean ere hori bera egin ahal izango duten ustearekin. Horrez gain, Akuiferoa ez ukitu dioen pankarta bat atera dute, baita haustura hidraulikoaren aurkako kartelak ere.

Jaurlaritzaren «iruzurra»

Gasteizko eta Kuartangoko plataformek egindako saioaren garrantzia gogorarazi du Oterok. Gasa ateratzeko haustura hidraulikoa duen arriskuaz ohartarazi du. Honda daitekeen natur baliabideetako bat da Subillako akuiferoa, Otero azaldu duenez. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzari «iruzur» egitea leporatu dio, Euskadiko Energiaren 2020 planaren aurkezpenean egindako baieztapenengatik. Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordeak aurreratu zuen 2015. urtera arte ez dela hartuko erabakirik. Ordea, 2015. urtera arte esplorazio lanei eutsiko diete. Hau da, gutxienez bi zundaketa egingo dituzte, egitasmoa bideragarria den jakiteko.

Oterok uste du Garmendiaren adierazpenokin azken hilabeteetan sortu den mobilizazioa gelditu nahi dituztela. «Haustura hidraulikoaren arriskuez hitz egitean jendeak pentsatzen du dagoeneko ez dagoela arriskurik, baina Eusko Jaurlaritzaren asmoa ez da aldatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.