Datu batek islatzen du ondoen suhiltzaile ogibidea zein maskulinizatua dagoen: Araban, lanean ari diren 180 suhiltzaileetatik soilik hiru dira emakumeak —Langraiz Okako, Laudioko eta Kanpezuko parkeetan emakume bana dago—, eta hiriburuan behar egiten duten 150 suhiltzaileetatik zazpi baino ez dira andrazkoak. Arabakoak dira datuak, baina estrapolatu litezke Euskal Herri osora. Izan ere, gaur egun oraindik ere lanbide horri buruzko estereotipo maskulinoak nagusi dira gizartean, eta suhiltzaile izatea gizonezkoen esparrutzat daukate askok.
«Arazoa da suhiltzaile izatea ez dagoela emakumeen iruditerian». Andrea Aja Maruri (Santander, Espainia, 1977) Langraiz Okako parkeko suhiltzailea da, eta esperientzia propioagatik daki oztopoz betetako bidea dela emakume batentzat suhiltzaile izatea. 40 urterekin egin zen suhiltzaile, eta ongi gogoan du hasierako urteak zein zailak izan ziren: «Gizon giroan nengoen, eta askotan borrokatu egin behar nuen nire lekua aurkitzeko; batez ere neure buruarekin egin behar nuen borroka».
Denborarekin, eta talde lanari esker, bere tokia aurkitu du, baina arras maskulinizatutako lanbide batean jarduten duela sumatzen du oraindik: «Sentsazioa dut gizonek baino gehiago erakutsi behar dudala, eta lan honetarako balio dudala demostratu behar dudala». Ajak uste du erreferente faltak eragin zuzena duela horretan eta, oro har, emakume askoren hautu profesionalean: «Neskatoek ez dute emakume suhiltzailerik ezagutzen, ez telebistan, ez kalean... Hori bera da oztopo handienetakoa. Ezin imajinatu dezakezu zuk ere lan hori egin dezakezula, aurretik halakorik ikusi ez baduzu».
«Neskatoek ez dute emakume suhiltzailerik ezagutzen, ez telebistan, ez kalean... Hori bera da oztopo handienetakoa»
ANDREA AJA MARURISuhiltzailea
Egoerak kezkatuta, Euskal Herriko emakumezko suhiltzaileen elkartea osatu zuten, eta campus bat antolatzea erabaki, suhiltzaileen lanbidea emakumeengana hurbiltzeko asmoz. Egitasmoak izan zuen arrakasta ikusita —192 emakumek eman zuten izena—, aurten ere berriro antolatu dute ekinaldia: azaroaren 21etik 23ra egingo dute campusa, Espejoko parkean, Emakume, zu ere suhiltzaile lelopean. Iazko campusak Arabako Suhiltzaileen Zerbitzuaren babesa izan zuen, eta aurtengoak, berriz, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun Sailarena.
Ajak kontatu duenez, campusa antolatzeko ideia kasualitatez sortu zen. «Nazioarteko emakume suhiltzaileen elkarte batek aldian-aldian egiten duen bileretako batean parte hartu nuen, eta han neskak suhiltzaile izatera animatzeko moduaz hitz egin zuten». Batzar horretan jakin zuen Kanadan, Finlandian eta Suedian mota horretako jarduerak antolatzen zituztela, eta ideia hura Euskal Herrira ekartzea erabaki zuen: «Segituan pentsatu nuen: 'Hau guk ere egin behar dugu'».
Ariketa praktikoak eta ahalduntzea
Joan den urtean egin zuten campusa lehen aldiz; 14 eta 18 urte bitarteko neska gazteentzako pentsatuta egon zen, eta espero baino arrakasta handiagoa izan zuen. Horrek animatu egin zituen berriro ere antolatzera: hala, aurten egingo dute bigarren aldiz, eta oraingoan 18 eta 25 urte bitarteko emakumeentzat izango da ikastaroa. Denera, 62 emakumek eman dute izena; iaz bezala, 30 toki dituzte, eta zozketa bidez aukeratuko dituzte parte hartzaileak.
Ajak azaldu duenez, campusaren helburua ez da soilik suteak prebenitzeko, itzaltzeko eta salbamendu lanak egiteko mundua emakumeengana hurbiltzea: «Lanbidearen inguruan dauden estereotipoak berrikusi nahi ditugu, eta generoarekin, estereotipoekin eta rolak eta sinesmenak gainditzearekin lotutako dinamikak bultzatu».

Helburu horiei helduta, hainbat ariketa eta jarduera antolatu dituzte hiru egunez: besteak beste, entrenamendu fisikoak, dinamikak eta talde jolasak, genero estereotipoei eta ahalduntzeari buruzko gogoetak, suhiltzaileen parkera bisitak, suteak itzaltzeko maniobrak eta trafiko istripuetako erreskateen simulazioak egingo dituzte. «Talde lana, autokonfiantza eta mugen kudeaketa oinarri hartuta lan egingo dugu», gaineratu du Ajak.
Neurri positiboen alde
Suhiltzailearen inguruan maskulinitateari lotutako estereotipoak alboratzeko urratsak egitearen aldekoa da Aja: «Askok pentsatzen dute suhiltzailea heroia dela, eta ez duela beldurrik, baina gure lana ez da horrelakoa. Talde lanean egiten dugu dena». Hain justu, uste du «heroien mitoak» emakumeen parte hartzea oztopatzen duela: «Emakumeak ez du bere burua ikusten rol horretan, baina lan hau ez da indar hutsa; trebetasuna, koordinazioa eta tentsio egoeretan lasaitasunari eustea dira ezaugarri garrantzitsuenak».
«Askok pentsatzen dute suhiltzailea heroia dela, eta ez duela beldurrik, baina gure lana ez da horrelakoa. Talde lanean egiten dugu dena»
ANDREA AJA MARURISuhiltzailea
Suhiltzaile izateko oposizioak dira lanerako sarbide, baina Ajak uste du egungo hautaketa sistemak ez duela lanaren errealitatea ongi islatzen. «Proba fisiko askok ez dute egunerokoarekin zerikusirik. Ez gara inoiz kordan gora igotzen, eta, hala ere, hori baloratzen da. Horrek atzean uzten ditu emakumeak», kexu da. Londresen, adibidez, bestelako eredu bat dagoela azaldu du: «Han, frogak lan errealean oinarritzen dira: pertsona bat arrastaka eraman, material astuna mugitu, eskailera igo... Ez da kirol proba hutsa». Hala ere, azpimarratu du Arabako Foru Aldundiak azken urteetan pauso batzuk eman dituela probak ogibidearen errealitatearekin uztartzeko, eta horiek positiboak direla uste du.
Nolanahi ere, emakume gehiago suhiltzaile izan daitezen, Ajak ezinbestekotzat dauzka berdintasunaren aldeko neurri positiboak, uste baitu gizon eta emakumeak ez direla baldintza eta aukera berdinetan abiatzen: «Kupoak ezartzea, adibidez, egungo egoera zuzentzeko tresna bat da». Emakume suhiltzaileen campusak bide horretan urrats sinboliko eta praktikoa izan nahi du: «Ate bat ireki, eta iruditeria kolektiboan toki bat egin nahi dugu».