Suhiltzaileak sutan

Salatu dute suhiltzaileen zerbitzua ez dela Donostiako Udalaren lehentasuna: «Nahikoa da!». Ostegunean bildu ziren suhiltzaileak Eneko Goia Donostiako alkatearekin.

Ezkerretik eskuinera: Beatriz Aiala, Aritz Araneta, Gorka Goiatxe eta Imanol Andonegi, Donostiako suhiltzaileak. BERRIA.
Irati Alvarez Malaxetxebarria
Donostia
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Udalak suhiltzaileenganako duen «utzikeria» salatu dute Gipuzkoako hiriburuko suhiltzaileek. Ostegunean bildu ziren Eneko Goia alkatearekin zerbitzurako duten aurrekontuaz hitz egiteko. Salatu dute urte hauetan suhiltzaileen zerbitzua ez dela «udalaren lehentasuna» izan ez udalarentzat eta ez udal gobernuarentzat: «Nahikoa da!».

Suhiltzaileek azaldu dute azken hamar urteetan, Garberako egoitzara pasatu zirenetik, egoera okertuz joan dela. Imanol Andonegi suhiltzaileen ofizialak dioenez, duela bost urte orain baino «ahalmen handiagoak» zituzten: «ez dugu garapenik izan; atzera joan gara». Gorka Goiatxe teknikariak bat egiten du Andonegirekin: «Kronologikoki areagotu da egoera: parke berria, zerbitzu berria eta, biztanleria handitu denez, plantillan beharrezko langile gehiago... Orain, turismoari bide egiten zaio, eta ados gaude datozen bisitariei bide egin behar zaiela horretan, baina ez da zerbitzua betetzeko adina inbertitzen eta bideratzen».

Azaldu dute arazoa non ikusten duten: udalak aurrekontua bideratzeko orduan eta planifikazio faltan: «Gobernu hau udalean dagoenetik ez du plan estrategikorik diseinatu zerbitzuarentzat, eta, gure aurrekontua pixka bat handitu bada ere, diputazioak urtean ematen duen dirua ez da handitu. Izan ere, udal gobernuak 2023an ez du euro bakar bat ere erabiliko zerbitzuaren inbertsioetarako. Orduan, baliabideak murrizten ari dira», dio Andonegik. Udalak 2016an martxan jarri zuen Gipuzkoa Babestu 20-30 plan estrategikoa, Donostiako suhiltzaileek gela berean dituzten bi zerbitzu operatibo batzeko helburuarekin. Alabaina, 2018an bertan behera gelditu zen, eta suhiltzaileek jakinarazi dute ordutik ez dutela horren berririk izan. «Ez dakigu politikariek zerbitzuari zein norabide eman nahi dioten. Gutxieneko premien plangintzarik ez dugunez, beti unean unekoa betetzen saiatzen gara. Gainera, zer planifikatuko dugu, ez badakigu zer egin behar dugun hemendik sei hilabetera? Aurrekontua ere bideratzen ez denez, ez dago behar adinako inbertsiorik langileak ordezkatzeko, plantilla egokitzeko, ibilgailuak hobetzeko, instalazioak hobetzeko, langileak prestatzeko, norbera babesteko ekipamenduak erosteko eta mantentzeko, ez eta segurtasuna hobetzeko ere». Ibilgailuen kasuan, esaterako, bigarren eskuko ibilgailuak dituzte, eta batzuek 25 urte baino gehiago dituzte. Eta langileei dagokienez, buruzagitza lanpostuak bete gabe daude. Goiatxek ondorioztatu duenez, aurrekontua egokitzea «udalaren ardura politikoa da».

Egoera «geroz eta larriagoa» dela dio Goiatxek. «Larrialdi bat erantzuteko behar diren baliabideak zenbat eta gehiago murriztu, orduan eta handiagoa da horrek herritarrengan sortuko duen segurtasunik eza». Haren iritziz, langileek, gainera, «presio handiagoa» dute. Andonegik adierazi du arazoaren jakitun langileek denetarik egiten dutela. «Langileek egokitzen ez zaizkien lanak ere egiten dituzte: instalazioak konpondu, kamioiak konpondu... Beste zerbitzuetan ez dut egoera hau imajinatzen; medikuntzan, esaterako». Azaldu dute suhiltzaileek «oso esfortzu handia» egiten dutela egoera hobetzeko, baina, azkenean, ezin dutela zerbitzua behar den bezala bete. Salatu dute agintari politikoek horren gaineko ardurarik ez dutela hartzen, eta horren eraginez langileek motibazioa ere galtzen dutela. «Gure zerbitzua emateko beharrezko duguna nahi dugu. Ez dugu soldatarik eskatzen, lana betetzeko baliabideak baizik», dio Andonegik.

Beatriz Aiala ofizialak esan duenez, prest daude itxaroteko, ulertzen baitute baliabideak lortzeko prozesua luzea izaten dela.

Udalarekin bilera

Ostegunean elkartu ziren suhiltzaileak Eneko Goia Donostiako alkatearekin. Aritz Araneta suhiltzailearen arabera, udalak ez daki zer egingo duten Foru Aldundiarekin duten hitzarmenarekin. «Udalak adierazi du ez dela alderdi politiko baten kontua, eta diputazioarena eta instituzioena dela ardura». Zera gehitu du:«Lan hitzarmena bertan behera utzi behar baldin badute, utziko dute, baina ez dakite ez nora goazen ezta hemendik urte bukaerara arte zer egingo dugun ere». Politikariei txosten bat eman diete, egiten dituzten arlo guztiak aztertu eta egoera ondo azaltzeko. Orain, suhiltzaileek gutxieneko behar batzuk eskatzen dituzte lanean jarraitu ahal izateko, eta etorkizunera begira plangintza bat prestatu ahal izateko.

«Politikariek, bere ardura bete beharrean, ardura besteena dela esan dute, eta ez dugu erantzunik jaso», dio Goiatxek. Udalari jakinarazi diote egoera aldatu ezean irailean batzar batera deituko dutela, eta orduan aztertuko dutelamobilizazioak nola egin. «Guk babesten ditugun 265.000 biztanle eta bisitariek jakin dezatela zein den egoera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.