Suitzako hainbat legebiltzarkidek Aieteko Adierazpena babestu dute

«Euskal Herria bake bidean da, eta Suitzako Legebiltzarraren zati handi batek bidean laguntzea erabaki du», diotePierre Hazan Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidearekin bildu dira, Bernan

Pierre Hazan eta Manuel Tornare, atzoko bileran. BERRIA.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Aieteko Adierazpena gero eta babes handiagoa biltzen ari da. Suitzako 39 legebiltzarkide eta legebiltzarkide ohiren sostengua jaso zuen atzo. Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko talde bat dago Suitzako legebiltzarrean, eta hark antolatuta, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko Pierre Hazan hainbat legebiltzarkiderekin bildu zen atzo, Bernan, Suitzako Legebiltzarretik gertu dagoen egoitza batean. Genevako alkate ohi eta legebiltzarreko kide Manuel Tornarek zuzendu zuen bilera hori.

Euskal Herriko prozesua zertan den azaldu zien Hazanek. Zein urrats egin diren, eta zein egin beharko liratekeen gogoetan aritu ziren. Batik bat, nazioarteko eragileek izan dezaketen parte hartzean jarri zuen indarra. Nazioarteko komunitateak eginiko urratsak azaldu zituen: Bruselako Adierazpena, Harremanetarako Nazioarteko Taldea eta Aieteko Adierazpena, esate baterako. Zein etapa igaro diren pauso horiek emateko, eta bere ustez, aurrerantzean zein pauso eman beharko lituzkeen nazioarteko komunitateak. Prentsarik gabe egindako bilerara joandako Suitzako legebiltzarkideek interes handiarekin entzun zuten Hazanek esandako guztia.

250 hautetsik osatzen dute Suitzako legebiltzarra, eta haietako 39k egin dute bat Aieteko Adierazpenarekin. «Euskal Herria bakerako bidean da, eta Suitzako legebiltzarraren zati handi batek laguntzeko erabakia hartu du», diote komunikabideetara igorritako oharrean.

Sinatzaileen artean Carlos Sommaruga, Jean Ziegler eta Josef Zisyadis daude. Sommaruga alderdi sozialistako kidea da. Abokatua da lanbidez, eta 2003tik da legebiltzarkidea. Atzerri politikako eta gai juridikoetako batzordeetako kidea da, eta giza eskubideen aldeko legebiltzar taldeko lehendakariordea.

Ziegler 1981etik 1999ra izan zen legebiltzarkide. Gero Nazio Batuen Erakundera joan zen. Gaur egun Nazio Batuetako Giza Eskubideen Kontseiluko Aholku Batzordeko lehendakariordea da.

Zisyadis, bestalde, Ezkerra alderdiko kidea da, eta iaz arte izan zen legebiltzarkidea. 1994tik 1996ra Lanaren Suitzako Alderdiko idazkari nagusia izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.