Suizidioaz «zorroztasunez eta gizatasunez» hitz egiteko eskatu dute

2022 eta 2024 bitartean jokabide autolitikoengatik Bilbon larrialdietara egindako 1.636 dei aztertu dituzte ikerketa batean. Gizonek zein emakumeek izan dituzte jokabide horiek, gehienbat etxebizitza partikularretan.

Jokabide autolitikoengatik larrialdietara egindako deiei buruzko ikerketa aurkeztu dute gaur Cristina Blancok, Ander Iturriagak eta Beñat Madariagak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jokabide autolitikoengatik larrialdietara egindako deiei buruzko ikerketa aurkeztu dute gaur Cristina Blancok, Ander Iturriagak eta Beñat Madariagak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko irailaren 10a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilbon izandako jokabide autolitikoak direla eta, SOS Deiak 112 zerbitzuak 2.100 abisu baino gehiago jaso zituen 2022 eta 2024 bitartean. Nork bere buruari kalte egitea da jokabide autolitikoa, hala nola ebakien, kolpeen edo sendagaien gaindosien bidez. Abisu horietatik 1.636 aztertu dituzte ikerketa batean, eta horien emaitzak aurkeztu dituzte gaur Bilbon. Azterlanaren arabera, deiak emakumeek zein gizonek egin zituzten, jokabide gehienak etxean gertatu ziren, eta gehienetan jokabide autolitikoa izan zuen pertsonak berak eman zuen abisu.

Suizidioa Prebenitzeko Nazioarteko Eguna da gaur, eta ikerketaren egileek eguna baliatu nahi izan dute txostena aurkezteko: Cristina Blanco Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktore eta Aidatu Euskal Suizidologia Elkarteko lehendakariak, eta Beñat Madariaga eta Ander Iturriaga Bilboko Udaleko suhiltzaile eta suizidologian espezialistek landu dute. Blancoren arabera, suizidioa «arazo sozial larria» da, eta, ingurune hurbilenari eragiteaz gain, gizarte osoari eragiten dio. «Posible da suizidioa prebenitzea, baina horrek guztion ahalegina eskatzen du», erantsi du, eta zehaztu ezinbestekoa dela profesionalak prestatzea, erakunde guztietan estrategiak garatzea eta giza baliabideak eskaintzea. Are, funtsezko erabakiak hartzeko modua emango duten «datu fidagarriak, zorrotzak eta objektiboak» bermatu beharra dagoela esan du.

Blancok nabarmendu du suizidioari buruzko «narratiba aldatu» beharra dagoela: «Arazo konplexu horri buruz dugun pertzepzioa eraldatu egin behar dugu, eta aldaketa sistemiko bat sustatu». Eta zera erantsi du: «Premiazkoa da isiltasuna haustea, eta mitoak, aurreiritziak eta sinesmen faltsuak zalantzan jartzea». Haren arabera, «suizidioaz arduraz, zorroztasunez eta gizatasunez» hitz egin beharra dago. Horiek horrela, dei egin die komunikabideei, suizidioa «behar bezala» landu dezaten, «prebentzio agente unibertsal gisa duten ahalmen handia» erabil dezaten eta «kutsatze efektuak» saihets ditzaten, titular sentsazionalistak eta eduki desegokiak albo batean utziz.

Madariagaren arabera, egoera oso zailak bizitzen ari diren pertsonei ahotsa jartzea izan da ikerketa egiteko motibazio nagusia. Hiru urteetan larrialdi zerbitzuak jokabide autolitikoengatik jasotako 1.636 abisu aztertu dituzte: 537 jaso zituzten 2022an, 537 2023an eta 562 iaz. Madariagak zehaztu duenez, abisu batzuk ez dituzte aztertu, besteak beste, informazio gutxi zutelako. Horrez gain, ohartarazi du abisuak aztertu dituztela, eta ez pertsonak. Alegia: «Baliteke pertsona batek zenbait dei egin izana».

Jarraibiderik ez

Abisuak aztertuta, ez dute joerarik atzeman urteko garaiari dagokionez. Hau da, Blancok azaldu du jokabide horiek ez direla ugaritzen urteko garai jakin batean; udan edo neguan, adibidez. Horrez gain, ohartarazi du datuek aukera eman dietela mugiezinak diruditen ideiak zalantzan jartzeko. Esaterako, ondorioztatu dute emakumeen zein gizonen abisu kopurua antzekoak direla. «Niretzat bitxia izan da hori, beti entzuten baitugu gizonek ez dutela laguntzarik eskatzen; behintzat, ideia hori zehazten hasi beharko dugu».

Adinari dagokionez, datuekin zuhur ibili beharra dagoela esan du Blancok, 415 abisutan ezin izan baitute pertsonaren adina zehaztu. Eskura izan dituzten datuetan oinarrituta, zehaztu dute 18 eta 29 urte bitarteko gazteak izan direla abisu gehien eman dituztenak. Hala ere, gazteenetan hilgarriak ez diren jokabideak dira nagusi, eta adinean aurrera egin ahala, gehiago dira heriotza eragiten duten saiakerak, bereziki gizonen kasuan.

«Premiazkoa da isiltasuna haustea, eta mitoak, aurreiritziak eta sinesmen faltsuak zalantzan jartzea»

CRISTINA BLANCO Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea eta Aidatu Euskal Suizidologia Elkarteko lehendakaria

Jokabide autolitikoak izan dituen pertsonak berak eman du abisu normalean; 494 kasutan, zehazki. «Horren arrazoia da gehienetan etxe batean izaten direla horrelako jokabideak», azaldu du Blancok. Eta Madariagak gehitu du kasu horien %82tan laguntza eskatzeko egin dutela deia. 451 kasutan, berriz, senide batek eman du abisu. Izan ere, «diferentzia nabarmena» dago gizonen eta emakumeen artean: «Gizonek normalean eurek deitzen dute larrialdietara; emakumeen kasuan, ordea, senide batek».

Etxe partikularretan izan dira jokabide gehienak, bai emakumeen bai gizonen kasuan. Hala ere, gizonek emakumeek baino joera handiagoa dute bide publikoan horrelako jarrerak izateko.

Burutu gabeko ideia

Jokabide mota aztertuta, hizlariak «ideia komunikatu» duela antzeman dute abisu gehienetan. «Gehienetan pertsona batek deitu du, bera edo beste pertsonaren bat arriskuan jarri delako edota ez delako ondo sentitzen, baina normalean burutu gabeko ideia izaten da», azaldu du Blancok. Hain justu, 741 abisu izan dira horrelakoak. Lesio bat sortu duen saiakera da gehien identifikatu duten bigarren jokabidea, eta lesiorik gabeko saiakera hirugarrena. Horren ostean daude heriotza eragiteko asmorik ez duten autolesioak eta, azkenik, heriotza eragiten duten saiakerak.

«Generoaren paradoxa» ere izan du hizketagai Blancok, transmititzen diren ideia horietako bat baita. Paradoxak dio lau heriotzetatik hiru gizonenak izaten direla. Eta hala da: «Datuak ikusita, %23 dira emakumeak». Baina lau saiakeretatik hiru emakumeenak izan dira. «Hori mito bat da», adierazi du. Esaterako, lesiorik gabeko saiakerak ikusita, %57 dira emakumeenak. «Beraz, ñabardurak egin behar dira, eta gehiago ikertu».

494

Jokabide autolitikoak izan dituzten pertsonek emandako abisuak. Bilbon izandako jokabide autolitikoak direla eta SOS Deiak 112 zerbitzuak jasotako 1.636 abisu aztertu dituzte ikerketan. Adierazi dutenez, abisu horietatik 494 jokabide autolitikoa izan duten pertsonek eurek eman dituzte.

Blancok argi utzi du esku artean duten informazioa aztertu beharra dagoela, eta «azterketa lokalizatuak» egin. «Bestela, arriskua dugu gurea ez den errealitate bat kudeatzeko». Ildo horretatik, gomendio batzuk eman dizkiete erakundeei, prebentzioa indartzeko.

Iturriagak zehaztu ditu gomendioak. Besteak beste, adierazi du egoera horietan lehenengo esku hartzen duten guztiek prestakuntza bateratua jaso behar dutela; hau da, suhiltzaileek, 112 zerbitzuko langileek, poliziak eta osasun langileek. «Diziplina anitzeko prestakuntza espezializatua jaso behar dugu, eta berrituz joan behar da», aipatu du. Horrez gain, gaur aurkeztutako ikerketak jarraipena izan dezan nahi dute, eta administrazioek lan hori euren gain har dezaten. Prebentzio komunitarioaren beharra ere nabarmendu du Iturriagak. «Bilboko toki batzuetara sartzea zaildu beharko litzateke, hesiak jarriz, edo laguntza telefonoak bertan jarriz». Erakundeen arteko koordinazioa ere eskatu du, baita egoera horietan jarduteko protokolo argiak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.