Sumarrek dio beren proposamenak EAJren eta PSE-EEren «eredu agortua eta zaharkitua» gaindituko duela

Sumar Mugimendua, Ezker Anitza-IU eta Euskadi Berdeak taldeen arteko koalizioak hauteskunde programaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, Bilbon.

Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaia gaur, Bilbon. SUMAR
Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaia gaur, Bilbon. SUMAR
2024ko apirilaren 3a
17:35
Entzun

Osakidetzako itxaron zerrendak, trantsizio energetikoa eta enplegua izan ditu hizpide gaur Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaiak. Zehaztu du, gainera, koalizioak hauteskundeetara aurkeztutako ereduak EAJren eta PSE-EEren «eredu agortua, zaharkitua eta ideiarik gabea» gaindituko duela. Sumar Mugimendua, Ezker Anitza-IU eta Euskadi Berdeak taldeen arteko koalizioak hauteskunde programaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, Bilbon. «Gaur euskal gizarteari aurkeztu nahi dizkiogu gure hamar oinarrizko neurri ausartak, gure herria eraldatzeko, garai berri baterako, zure garairako», borobildu du hautagaiak.

Zehazki, hamahiru neurri aurkeztu dituzte gaurko saioan: hamar neurri orokor eta lurralde historiko bakoitzarendako bat: «Gure bizitzak hobetzeko eta gure proiektuak posible egiteko hamahiru neurri dira. Neurri horiek hemen gauden bakoitzarenak dira, baina baita gure auzokideenak, lagunenak, medikuenak, erizainenak, irakasleenak, zaintzen gaituztenenak eta zaintzen ditugunenak, gure familienak, gure auzoenak, gure herrienak, gure hirienak, komunitate, herrialde gisa ditugun guztienak ere».

Aurkeztutako neurrien artean daude, besteak beste, etxebizitza eskubidea bermatuko dutela, eta, horretarako, alokairuen prezioa mugatu; «Osakidetza defendatzeko» eta itxaron zerrendak amaitzeko herri ituna eginen dutela; zaintza sistema publiko bat eraikiko dutela; hezkuntza publikoaren alde eginen dute, «hezkuntza kohesioaren ardatz nagusi gisa»; osasun mentala babesteko plan integral bat; eta Bidezko Trantsizio Energetikorako Euskal Estrategia berria eginen dutela.

Horrez gain, Garciak erran du ez dagoela ados egungo lankidetza publiko eta pribatuaren ereduarekin: «Egia esan, ongizate estatuaren pribatizazioa eta murrizketa da. Eta harrigarria bada ere, batzuek harago eraman nahi dute, eta pentsio funts pribatuak sustatzen dituzte enpresetan inbertitzeko. Hizkuntza subiranistaz mozorrotzen dute, tresna garrantzitsua dela diote, Gizarte Segurantzako sistema propio baten ernamuina izan daitekeelako». Lankidetza horren ondorioak ekarri ditu gogora: «Gure medikuarekin hitzordu bat eskatzen dugun bakoitzean sufritzen ditugu, eta asteak behar ditu, edo hilabeteak, espezialista batekin bada hitzordua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.