Sumarren helburua da babes ofizialeko etxeen %20 alokairukoak izatea

Eusko Jaurlaritzak etxebizitza arloan izandako jarrera txarretsi du Alba Garcia lehendakarigaiak, eta Espainiako eskuinaren diskurtsoarekin alderatu du EAJrena.

Alba Garcia, Arrasaten egindako agerraldian, gaur goizean. SUMAR
Alba Garcia, Arrasaten egindako agerraldian, gaur goizean. SUMAR
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 5a
15:35
Entzun

Sumarrek etxebizitzaren auziari heldu dio kanpainaren lehen egunean. Goizean, Arrasaten (Gipuzkoa) egin du ekitaldia, eta, arratsaldean, berriz, Bilbon. Izan ere, biak ala biak tentsionatutako guneak dira, beste hainbat herri eta hiriekin batera, Etxebizitzaren Behatokiaren arabera. Alba Garcia lehendakarigaiak salatu du bi kasuetan askok zailtasun handiak dituzte etxebizitza duina eta arrazoizko prezioa lortzeko. Horri aurre egiteko, proposatu du 2040erako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako babes ofizialeko etxeen %20 alokairukoak izatea.

Etxebizitzaren auziari aurre egiteko eta, nagusiki, prezioak mugatzeko «neurri integralak» behar direla nabarmendu du Garciak. Horretarako zenbait proposamen ere egin ditu. Besteak beste, Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzu bihurtzea eta «aktiboki sustatzea» alokairuko etxebizitzen parke publiko bat. Horretarako «gobernu aurrerakoi» bat behar dela ere adierazi du: «Aliantza berrien garaian gaude, gure herriko jendearen bizitza hobetzeko konpromisoa hartzeko garaian». 

Izan ere, Garciak azaldu du «kezkagarriak» direla etxebizitzaren inguruko gaur egungo datuak: «Etxebizitzen %13 baino ez daude alokairuan. Estatuko batezbestekoa baino bost puntu gutxiago. Baina ez da hori arazo bakarra. Arazo nagusia da etxebizitza horien ia %80 merkatu librean daudela».

Eta azken hamarkadetako gobernuen «autokonplazentziarekin» lotu du hori. Zehazki, EAJk etxebizitza arloan duen jarrera kritikatu du, argudiatuta «Espainiako eskuinaren eta ultraeskuinaren diskurtso berbera» dutela jeltzaleek; besteak beste, okupazioaren auziari heltzeko moduagatik eta Espainiako Etxebizitza Legearen inguruan erakutsitako jarreragatik. Eta, beraz, EAJ-PSE gobernua eten beharra azaldu du: «Zer egiten du PSEk, Eusko Jaurlaritzan etxebizitza politikez arduratzen den alderdiak? Protesta besterik ez. Pedro Sanchezek iragarri du EAJrekin gobernua errepikatzeko asmoa duela».

Errejon, polizia ereduaz

Bilbon egindako ekitaldian, Garciarekin batera parte hartu dute Xabi Jimenezek, Ezker Anitzako Bilboko Udaleko zinegotziak; Carmen Muñozek, Berdeak Equoko eledunak; eta, Iñigo Errejonek, Espainiako Kongresuan Sumarren bozeramaile denak. Azken horrek polizia eredua izan du hizpide, eta segurtasun eredua aldatzeko beharra adierazi du. Iñigo Cabacasen heriotza ekarri du gogora, eta gaitzetsi du familiak «oraindik justizia eta erreparazioaren zain» jarraitzen duela. 

«Hamabi urte dira Cabacas hil zutela, eta atzo berriro atera zuten kalera Polizia, kaleko saltzaileak jipoitzeko», salatu du Errejonek. Izan ere, Atzo arratsaldean Bilboko erdialdean zeuden kaleko saltzaile batzuei jazarri zitzaien Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa. Bada, EAJri zuzendu zaio Errejon, eta esan dio «erratzen» ari dela polizia ereduarekin, «gerra pobreziaren aurkakoa delako, ez pobreen aurkakoa». Haren iritziz, «lasaitasuna bermatuko duen polizia eredu bat behar da». 

Sumarrek Kongresuan duen bozeramailearen arabera, «eraldaketa sozial eta nazionalak» lortzeko Espainian biano aukera gehiago dago EAEn, eta, beraz, herritarrak ez lirateke EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu batekin konformatu beharko. Eta ziurtatu du Sumarren botoek «ezkerreko gehiengoa bermatzeko» izango direla. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.