Suhiltzaileek kontrolpean dute atzo eguerdian Nafarroako Izarbeibar ibarrean piztutako sutea. Zehazki, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietako lurrak erre dira; tartean, jada bildutako zerealen lur batzuk eta pinudi bat. Ez da inor zauritu, eta egoera normaltasunera itzultzen ari da.
Nafarroako Suhiltzaileek 11:50ean jaso zuten sutearen abisua; Eunateko Andre Maria elizatik gertu piztu zela uste dute. Lau helikoptero eta karga hegazkin bat bidali zituzten bertara, bi Nafarroako Gobernuarenak eta beste biak Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarenak. Obanosko igerilekua itxi egin zuten, helikopteroek bertatik ura hartu ahal izateko.
Helikopteroez gain, Nafarroako Suhiltzaileak, Foruzaingoa eta Guardia Zibila aritu dira sua itzaltzeko lanetan. Cordovillako, Lizarrako, Tafallako eta Zangozako baso brigadak bertara joan ziren. SOS Nafarroak X sare sozialean zabaldu zuenez, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren suhiltzaileak ere bidali zituzten, Errioxatik (Espainia) Nafarroara. Inguruko nekazariei traktoreekin laguntzeko eskatu zieten, suebakiak egiteko.
Nafarroako Gobernuak, 13:25ean, martxan jarri zuen Nafarroako basoen suteetarako larrialdiko Babes Zibileko Plan Bereziko bigarren egoera operatiboa. SOS Nafarroak azaldu zuenez, plana abian jarri zuten «Obanosen, Muruzabalen eta Eneritzen dagoen sutearen inguruko datuetan oinarrituta», planean agertzen ez ziren baliabideak behar izango zituztela uste zutelako.
Sutearen ondorioz, laurehun ardi atera zituzten Añorbeko eskorta batetik, badaezpada. Arratsaldean egoerak hobera egin zuen, eta garrak ez ziren herrietara iritsi.
2022an sute handia izan zen eremu horretan bertan. Hustu egin zituzten Obanos, Legarda, Muruzabal, Belaskoain, Zabaltza, Bidaurreta, Etxarri, Ziritza eta Ubani herriak. Garesko Udalak tokia egokitu zuen herri horietako herritarrei aterpea emateko: Legarda eta Muruzabaletik ebakuatutako herritarrak Garesko frontoira eraman zituzten, baina gero bertatik atera zituzten, sugarrak herrira gerturatzen ari zirelako.
Artaxoa eta Larraga artean ere beste su bat piztu zen arratsaldean, laborantza lurretan hori ere, eta NA-6020 eta NA-132 errepideak itxi behar izan zituzten. Iluntzean su hori ere itzaltzea lortu zuten, eta ibilgailuek bertatik igarotzeko baimena lortu zuten.
Presazko foru araua
Nafarroako Gobernuak presazko foru arau bat onartu zuen arratsaldean, eta datozen bero egunetan hainbat jarduera debekatu ditu. Zehazki, urbanizagarriak ez diren lurretan ezingo da egin sua erabiltzea dakarren nekazaritza, basogintza edo bestelako jarduerarik, ezta suteak sortu ditzakeen tresnarik erabili ere. Gobernuak azaldu duenez, atzo bertan sartu zen indarrean arau hori, eta gobernuak berak hori ezabatu arteko iraunaldia izango du.
Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak berretsi zuen sua ez zela zabaldu jendea bizi den eremuetara. Gauez bulldozer-arekin —lurra mugitzeko makineria— lanean jarraituko zutela esan zuen, eguzkia sartzean ezin baitzuten hegazkinekin eta helikopteroekin lanik egin. Bestalde, Foruzaingoa sua nola piztu den ikertzen ari da.
«Muturreko» arriskua
Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera, sute arriskua «muturrekoa» zen atzo ia Nafarroa osoan, oso handia da gaur, eta muturrekoa berriro bihar. Suteak sor ditzakeen edozein jarduera saihesteko gomendatu du SOS Nafarroak. Landa eremuetako suteetan nola jokatu ere azaldu du. Hasteko, 112 telefonora deitzea eta babes neurriak hartzea aholkatu dute. Neurri batzuk zehaztu dituzte: sugar handiko sute batean irtenbide bakarra azkar ebakuatzea dela azaldu dute; garrantzitsua da haizearen kontrako norabidean ihes egitea, keak ez itotzeko; ahal izatekotan, maldan behera, sua azkar igotzen baita maldan gora; eta egokiena eremu irekietara jaistea da, errepideetara, esaterako, baina baita jada erreta dauden eremuetara ere. Ke asko badago, ahoa eta sudurra arropa hezearekin estaltzea aholkatu dute.
Uztailean 175 sute izan ziren Nafarroan, gobernuak emandako datuen arabera; gehienak, sute txikiak. Nabarmentzekoak dira uztailaren 11n Uxuen gertatutakoa eta uztailaren 22an Beltzuntzen izandakoa. Bi kasuetan, uzta biltzeko makinek su hartu zuten, eta hemezortzi hektarea eta 3,6 hektarea erre ziren, hurrenez hurren. Larriena, baina, uztailaren 27koa izan zen: sua fardel makina batean sortu zen, eta 32 hektarea erre zituen.