Izututa esnatu dira gaur Hernaniko alde zaharreko (Gipuzkoa) zenbait familia. Egurrezko egitura duen etxe bateko hirugarren solairuan sute bat hasi da 06:00 aldera, berritu egin da 08:00etatik aurrera, eta etxetik atera behar izan dituzte 30 familia baino gehiago, Kale Nagusian. Hernaniko Udalak jakinarazi duenez, ez da inor zauritu, baina kalte materialak handiak izango dira.
36. zenbakidun atarian piztu da sua, goizaldean. Bizilagunek abisua emanda, suhiltzaileak 06:00 alderako iritsi dira Kale Nagusira, eta ustez kontrolpean hartu dute sua. Baina egurrezko egiturak dituzte etxe horrek eta inguruko guztiek, eta 08:00 aldera berriro indarra hartu du suak, eta inguruko etxeetara azkar zabaltzeko arriskua sortu da.

Ordu erdian, egoera aldatu da: Kale Nagusiko 32. eta 44. atarien arteko etxebizitza guztiak hustu dituzte ertzainek eta udaltzainek; zazpi atarietatik, 30 bat familia baino gehiago atera dira kalera, jantzia zutena besterik ez zeramatela.
Donostia, Tolosa eta Zarauzko bospasei suhiltzaile unitate, anbulantziak eta polizia gehiago ere agertu dira, Nafar kalearen eta Plaza Berriaren arteko Kale Nagusiko zatia itxi dute, eta hiru bat ordu behar izan dituzte 36. atariko teilatuan garretan zegoen sua menderatzeko. 11:30 aldera kontrolatu dute, baina orduak behar izan dituzte egonkortzeko.
Sutea hernaniko kaxkoan pic.twitter.com/4UmIOgETOx
— gorka imaz aranzadi (@giorgio_hernani) February 2, 2025
Suhiltzaile gehienek alde egin dute ordutik aurrera, baina zaintza lanetan gelditu dira batzuk, eta han jarraitu dute arratsaldean eta gauean. Egurrean gar txiki batzuek iraun dezakete, eta sua berriz ez pizteko lanean jardun dute.
36. atariko eraikinaren goiko aldea erabat kiskali eta suntsitu da: teilatua erori egin da, eta egitura kaltetua dago. Oraindik balorazioak egitekoak dituzte, baina kalte handiak ditu eraikin horrek. Ikusi beharko da zenbatekoak izan diren kalteak ondoko atarietan, 34.ean eta 38.ean; suak 34. zenbakiko teilatuari eragin dio, eta urak kalteak eragin ditu 36. atariaren ondoko bi etxebizitzetan ere.

Eguerdi partean, 14:00etan, gutxi gorabehera, atari batzuetako bizilagunei etxera itzultzen utzi diete, haien eraikinetan kalterik ez zela bermatu ahala. Argindarra eta gasa eten dituzte, suhiltzaileek ur asko bota dutelako sua mendean hartzeko; arratsaldean berrezarri dituzte.
Larrialdi zerbitzuek 36. atariko bizilagunei esan diete ezingo direla itzuli etxera, eta aldameneko bi etxeetako bizilagunak ere ezin izan dira itzuli etxera, oraingoz behintzat; guztira, hamahiru familiak lo egin beharko dute gaur etxetik kanpo. Udalak ostatua eman die bizilagun batzuei, hotel batean.
Zauriturik ez
Kalteak bai, baina zauriturik ez du eragin suteak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, osasun zerbitzuek bi lagun artatu dituzte, emakume bat eta ertzain bat, baina ez dituzte ospitaleratu behar izan. Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak adierazi du larrialdi zerbitzuek eta bizilagunek azkar esku hartu dutela, eta horri esker ez dela kalte handiagorik izan: «Azkar atera ahal izan dituzte etxetik suteek kalte egindako eraikinetan bizi ziren pertsonak, eta ez da inor zauritu».
Udaleko arduradunak eta teknikariak egoera aztertzen ari dira, kaltetutako bizilagunen beharrei erantzuteko. Erretako etxeko teilatu puska batzuk eta errautsa erori dira Kale Nagusiaren atzealdeko karkabara, eta gauean oraindik itxita zeuden alde zaharreko parte batzuk. Oraingoz ez dute argitu zergatik piztu zen sutea.