Suteak edo leherketak direla eta, urtean batez beste zortzi pertsona hil dira Hego Euskal Herrian azken 25 urteetan; hau da, guztira, 204 lagun. Hildakoen erdiak baino gehiago 65 urtetik gorako herritarrak dira; eta 15 urtetik beherakoak, berriz, %2. OPRA Arriskuen eta Istripuen Prebentziorako Behatokiak Lagun Aroren laguntzarekin egindako azterlanak azaleratu ditu datuok. Jakinarazi dutenez, heriotzak eragin dituzten sute gehienak etxebizitzetan gertatu dira.
Suteek eragindako heriotzei buruzko informazio «zehatzagoa» lortzea izan dute helburu azterlanean, «prebentzio ekintzak modu eraginkorragoan» bideratzeko, Naiara Larrea OPRAko zuzendariak adierazi duenez. Ikerketaren arabera, 2000. urtetik 2025era bitarte, 140 gizon eta 63 emakume hil dira Hego Euskal Herrian gertatutako sute eta leherketetan.
204 heriotzetatik 170 eraikinetan gertatu dira; biktimen %83,3 dira horiek. Zehatzago esanda, etxebizitza eraikinetan gertatu dira heriotza gehienak: hamarretik zazpi. Zehaztu dutenez, hildako emakume guztietatik %87 etxebizitzetan hil dira. Bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituzten etxeetan ere egin du azpimarra Javier Larrea OPRAko presidenteak. Etxebizitzetako heriotzen %9 halako etxeetan gertatu dira, eta hori, Larrearen ustez, «ehuneko handia» da. «Datu hori ikusita, aztertu beharko genuke zer babes neurri dituzten etxebizitza horietan bizi direnek», esan du.
Hildakoen %53k 65 urte baino gehiago zituzten, %38k 30 eta 64 urte bitarte, eta %10ek 0 eta 29 urte bitarte. Hortaz, ondorioztatu dute adinekoak direla «zaurgarrienak». Hildakoen artean, 40 bakarrik bizi ziren; horietatik 31 gizonezkoak ziren.
Suteek eragin dituzte hildakoak, gehienbat. Zehazki, 183 sutek (%90) eta hogei leherketek (%10) eragin dituzte hildakoak. Lanean, berriz, 25 urteotan hamahiru hildako eragin dituzte suteek eta leherketek; zortzi langile hil dira leherketen ondorioz.
Etxebizitzetako heriotzak aztertzerakoan, suteak eta leherketak gertatutako hilabeteak eta eguneko tenperaturak ere izan dituzte hizpide. Abendutik martxora bitarte gertatu dira heriotzak eragin dituzten suteak; hau da, neguan, «egunik hotzenetan». Hain justu, heriotzen bi heren hamar gradutik beherako tenperatura minimoko egunetan izan dira. Horren azalpena eman du Naiara Larreak: «Suposatzen dugu berogailuak gehien orduan erabiltzen direlako, edo etxeak berotzeko modu diferenteak erabiltzen direlako».
OPRAko presidenteak, bestalde, ohartarazi du gehienbat gauez gertatu direla heriotzak —hildako guztien %62,6—. Hartara, azpimarratu du su detektagailuek bizitza asko salba ditzaketela. «Suteak gertatzen diren leku ohikoena logela da», erantsi du. Izan ere, heriotzak eragiten dituzten %90 logelan, egongelan eta sukaldean gertatu dira.
datuak
%53
Suteen ondorioz hildako 65 urtetik gorako herritarrak. 2000. urtetik 2025era bitarte, suteek eta leherketek 204 hildako eragin dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik erdiek baino gehiagok 65 urte edo gehiago zituzten; zehazki, %53k.
8
Leherketen ondorioz hildako langileak. 25 urtean, suteek eta leherketek hamahiru hildako eragin dituzte lan esparruan. Zehazki, zortzi behargin hil dira leherketen ondorioz.
Sutearen jatorria ezin izan dute heriotza guztietan egiaztatu. 89 kasutan jaso dute horri buruzko informazioa, eta ondorioztatu dute erretzeko ohiturak, kausa elektrikoek eta beroa sortzen duten aparatuek eragin dituztela heriotzen erdiak baino gehiago. Heriotzaren arrazoia, berriz, 128 kasutan aztertu dute: erdiak baino gehiago gasen eta kearen bidezko intoxikazioak eragin ditu; bigarren arrazoia erredurak dira; hirugarrena, traumatismoak.
Herriaren tamainak ere badu zerikusia suteekin. «Zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da sute batean hiltzeko arriskua», azterlanean jaso dutenez. Mila biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, milioi biztanleko hildakoen indizea lau aldiz handiagoa da 50.000 biztanle baino gehiagoko hirietan baino. «Herri txikiek ez dute suteen aurkako araudirik; handiagoak direnek, berriz, bai», zehaztu du OPRAko zuzendariak.
24 hildako baserrietan
Baserrietan hildakoen kopurua ere nabarmendu du Javier Larreak: 24 pertsona hil dira hemeretzi ezbeharretan. «Euskal ondare historiko eta kulturala suntsitzen dute suteek, horietako asko hainbat mende dituzten baserrietan gertatzen baitira». 60 urtetik gorakoak ziren baserrietan hildakoen %83, eta kasuen %64tan, suhiltzaile etxe batetik hamar kilometrora baino gehiagora zeuden baserriak.
2017ko maiatzean Bilboko Zorrotza auzoan gertatutako sutea izan da mende honetako suterik larriena Hego Euskal Herrian. Familia bateko bost kide hil ziren, horietatik bi adingabeak. 2006an, berriz, Bilboko San Frantzisko auzoko ostatu batean lau lagun hil ziren. Urte berean, Puiun (Nafarroa), beste lau herritar hil ziren landetxe batean.
Horrelako ezbeharrik izan ez dadin, proposamen batzuk jaso dituzte azterlanean. Besteak beste, prebentzio kanpaina gehiago egiteko proposatu dute, eta suteak prebenitzeko ordenantza propioak egiteko, etxebizitzetako segurtasuna hobeto araututa egon dadin.