Tabakoa uzteko botikak pagatuko ditu Nafarroako Gobernuak

Erabakiak dakar erretirarazi zen finantzaketa bat berreskuratzea. Lau urteotan Osakidetzak 15.000 laguni eman die arta tabakoa lagatzeko

BERNARDO RODRIGUEZ / EFE.
arantxa iraola
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Urritik aurrera berriz hartuko du bere gain Nafarroako Gobernuak tabakoa uzten laguntzen duten hainbat botikaren finantzaketa. Hamabi astean bareniklina, zazpi-bederatzi astean bupropion edo hamabi astez nikotina partxeak; horiek izango dira finantzatuko diren tratamenduak. Erretirarazitako finantzaketa bat berreskuratuko du era horretan Nafarroako Gobernuak. Urtean tratamendu bat pagatuko zaio erretzaile bakoitzari, berrordainketak ezartzen dituen irizpideen arabera.

Albistea atzo Nafarroako Osasun kontseilari Fernando Dominguezek jakinarazi zuen, Tabakorik Gabeko Mundu Egunarekin lotutako agerraldi batean. Osasun agintariek nabarmendu zuten botikak hartuta eraginkorragoak izaten direla kasurik gehienetan tabakoa lagatzeko tratamenduak; arrakasta %14-20koa izaten da substantziaren batekin lagunduta, eta %8-%11koa horrelakorik gabe. Joseba Zabala Galan medikua Hegoaldean tabakismoaren kontra diharduen elkarteko eleduna da. Pozik zegoen atzo: «Albiste ona da». Azaldu zuenez, Osakidetzak programa jakin batzuen barruan bermatzen du finantzaketa, baina ez beti. Eta erretzaileei laguntzeko ebazten diren «erraztasun» guztiak aintzat hartu behar direla uste du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren izenean, Osasun Publikoko zuzendari Miren Dorronsorok hartu zuen hitza atzo tabakismoaz jarduteko. Lau urteotan Osakidetzako osasun zentroetan tabakoa gainditzeko programetan 15.000 pertsona inguruk parte hartu dutela esan zuen. Eta kontsumoa «behera» ari dela erakusten duten datuak hartu zituen hizpide: «2017-2013 aldian gizonezko erretzaileak %28tik %24ra jaitsi ziren, eta emakumeak, %21etik %19ra». Datuak azken osasun inkestakoak dira, 2013koak. Ehunekoa, oro har, %25ekoa da; Eskandinaviako herrialdeekin alderatuta —erreferentziatzat dituzte haiek—, altua dela onartu zuen: izan ere, erretzaileen kopurua %12-13koa da han. Nafarroan portzentaje horretatik pitin bat gertuago dabiltza; Familia Medikuntzako Nafarroako Elkarteak plazaratu berri duen azterlan baten arabera, lehenbizikoz %20tik beherakoa da orain ehuneko hori: %19,8koa. Zabalaren arabera, datuek oroitarazten dute oraino lan handia dagoela: «Ez dira suziriak botatzeko erakoak».

Gazteenei begira

Datu positiboen artean, gazteen artekoa ere nabarmendu du Jaurlaritzak: 12-19 urte artean, erretzen ez dutenak %51,4 ziren lehen, eta %67,9 orain. Joera hori indartzeko, datorren urtean programa berri bat abiatu nahi dute aldundien eta udalen laguntzarekin: Kerik gabeko gazteak izena jarri diote, eta ikastetxeetara joko dute informazioa ematera. Garrantzi handia eman nahi diote kontsumoa guztiz baztertzen ez bada ere, gutxienean, lehenengo zigarroak erretzen hasteko adina atzeratzeari; egun 13 urteren bueltan hasten dira. Nafarroan egin berri duten ikerketaren arabera, berriz, eguneroko kontsumoarekin batez beste 16,5 urterekin hasten dira. Gazteei buruzko datuak aztertzean tabakoari bakarrik ezin zaiola begiratu uste du Zabalak; kalamuaren kontsumoa eta tabakoarena oso lotuta egoten direla esan du.«Estatuan 165.000 gazte hasi ziren iaz kalamua kontsumitzen, 145.000 tabakoarekin. Arazoa guztiz amankomuna da. Aldi berean ikusi behar da bien arteko erlazioa. Prebentzioa egiteko orduan kontuan hartu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA