Tabakoarena ez beste droga guztien kontsumoa jaitsi da, nabariago gazteen artean

Hamar gaztetxotik seik ez dute alkohola edaten, eta erdia kontsumitzen dira droga ilegalak; hori adierazi du Jaurlaritzak

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Baikor kaleratu ditu drogen kontsumoari buruzko datuak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Haren arabera, azken urteetan erdira jaitsi da legez kanpoko drogen kontsumoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; kokainaren, anfetaminen eta kalamuaren kontsumoa hartu du aintzat. Legezko drogen kontsumoak ere behera egin du, alkohola kontuan harturik. Beherakada bistakoa da gazteen artean. Salbuespena, tabakoa; debekatzeko legeak-eta egin dituzte, baina lehengoan dago kontsumoa. Baikor da, hala ere, Osasun Saila: «Datu aldekoak eta oso onak dira», esan du Jesus Maria Fernandez sailburuordeak.

Bi urtean behin ohi duenez, drogei buruz ikerketa bat egin du Jaurlaritzak. Iazkoak dira datuak. Kontsumoa ez ezik, herritarrek droge inguruan duten ikuskera ere aztertzen du. Guztien artean, alkoholak segitzen du izaten babes handiena: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean, hamarretik lauk uste dute droga horren kontsumoa ez dela larria —gazteen artean erdia da kopuru hori—. Gainerako drogekiko ezinikusia areagotu dela dio Jaurlaritzak, baina inguruko herrialdeetan baino txikiagoa dela.

Legez kanpoko drogetan nabaritu dute gehien kontsumoa jaitsi dela. 2004ko datuekin alderatu dituzte oraingoak. Nabaria da aldea: kokaina lehengo erdia hartzen dute herritarrek; anfetaminen kontsumoa %60 jaitsi da; eta kalamuaren kontsumoa azken urteetako baxuena da —orain lau urte baino 63.000 gutxiagok erretzen dute, eta gazteen artean nabariagoa da beherakada—. Hala ere, bere lekuan jarri du egoera Jaurlaritzak: Europako Batasuneko datuekin alderatuta, buru-buruan dago EAE kalamuaren kontsumoaren datuei begiratuta.

Alkoholaren kontsumoan ez da hain nabaria beherakada. Gehiegikeriak gutxitzea izan da adierazgarriena, datuei begiratuta:34 urte baino gutxiagokoen artean, hirutik batek onartu du urtean behin behintzat mozkortu dela —2004an erdiak baino gehiago ziren—; zaharragoen artean, %13 dira —lehen, lautik bat—.

Gazteen artean izaten ari dira aldaketa gehienak. 15 eta 19 urte arteko gazteetan, hamarretik seik diote ez dutela alkoholik edaten, edo oso gutxi edaten dutela. Asteburuetako kontsumoarekin lotu ohi da gazteena, eta behera egin du horrek ere: «arriskutsutzat» jotako neurrian edo gehiegi edaten duten gazteen kopuruak erdira egin du sei urtean —%17 dira orain; lehen %34—. Taldean elkartu eta kalean ere gutxiagok edaten dute alkohola: %37 ziren lehen; orain, %33. Eragin baikorra du horrek, Eusko Jaurlaritzako Droga-menpekotasunaren zuzendari Celina Peredaren irudiko: «Ezezagunekin borroka gutxiago izaten dituzte gazteek, eta babesik gabeko sexu harreman gutxiago izaten dituzte». Baikor sailburuordea ere: «Osasuna zaintzeko ardura dutela erakutsi dute herritarrek», adierazi du.

Legearen itxaropenean

Baikor bai, baina tabakoak jarri dio ke beltza ikerketari. Azken bi urteetan ez da jaitsi erretzaileen kopurua. Jaurlaritzak goraipatu du erretzeari uzten diotenak gero eta gehiago direla, erretzaileek gero eta gutxiagotan pipatzen dutela eta erdiak prest daudela uzteko. Baina, ez, kopurua ez da jaitsi. Eta hori, azken urteetan begitan hartua dutenik erakundeek. «Beharbada, kanpainak ez dira aski izan. Beharrezkoa zen lege aldetik hartzea neurriak. Gizartean errotuta dago, eta ez dakigu benetan zer den tabakoa». Gaztetandik hasten dira zigarroak pizten: 16,7 urterekin, batez beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.