Epai desberdinak kaleratuak zituzten auzitegiek orain arte jaietako txupinazoetan Nafarroako udaletxeetan ikurrina jartzeari buruz; bada, oraingoan irizpideak bateratu ditu Nafarroako Auzitegi Nagusiak esku artean dituen bi auzietan. Hala, Tafallan eta Iruñean, bietan "lege iruzurra" egin zela azaldu du.
Udalek argudiatu zuten EAEko agintariak txupinazora joan zirelako jarri zituztela ikurrinak, baina ezezkoa dio auzitegiak, alderantziz izan zela. Alegia, ikurrina jarri izana justifikatzeko gonbidatu zituztela EAEko agintariak, jakin bazekitelako bestela legearen kontra ariko zirela.
Iruñeko Udalaren kasuan "lege iruzurra" zela esana zuen administrazioarekiko auzitegiko 2. aretoak aurretik ere, eta epai hari helegitea jarri zion Iruñeko Udalak. Helegite hura baztertu egin du auzitegiak. Bestalde, auzitegi horretako 3. auzitegiak onartu egin du Tafallako Udalaren kasuan ez zela lege iruzurrik egon.
Nafarroako gainerako herriei buruzko ebazpena datozen egunetan argitaratuko du auzitegiak.