Tasio Erkiziaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak zabalik dituen eginbideekin jarraitzea erabaki du, "terrorismoa" goratu zuelakoan. 2008ko abenduaren 21ean Arrigorriagan (Bizkaia) egin zitzaion omenaldia Jose Miguel Beñaran Argala-ri, eta bertan, hitza hartu zuen ezker abertzaleko buruzagiak.
Ustez, ekitaldia kartel batzuen bidez iragarri zuten, eta, han esaldi bat ageri zen. Hauxe: "Borroka armatua ez da inoren gustuko, borroka armatua desatsegina da, gogorra da, eta horren ondorioz kartzelan amaitu ohi da, erbestean, torturatua zara, edo hilda amaitu dezakezu, hiltzera behartu egiten zaituzte, pertsona gogortu egiten du, min egiten dizu, baina aurrera egiteko ezinbestekoa da borroka armatua".
Ekitaldi horretan, ustez, "indarrak batzea" beharrezkoa zela esan zuen Tasio Erkiziak. "Masa kritikoa badago, herri honetan biztanleria nahikoa dago eskenatoki demokratiko batera heltzeko", erantsi zuen, eta ustez, Argala goratuz amaitu zuen.
Tasio Erkiziak epailearen aurrean deklaratu du dagoeneko. Eta epailearen esanetan, gertakariek "ustezko terrorismo goratze delitu bat" osatzen dute. Horregatik, eginbideekin aurrera jarraitzea erabaki du gaur epaileak.
politika
Tasio Erkiziaren aurkako eginbideekin segiko du Espainiako Auzitegi Nazionalak
"Terrorismoa" goratzea leporatzen zaio, 'Argala'-ren aldeko omenaldian parte hartu zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu