TATek eragileei eskatu die torturaren aurkako konpromisoak agertzeko

Udazkenean egitekoa den ekimen handi batean eta Iruñeko gaurko martxan parte hartzeko eskatu dute

jokin sagarzazu
Donostia
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Tortura eta tratu txarren salaketak amaitzeko, Euskal Herriko gizarte eragileek, sindikatuek eta alderdi politikoek «ekimen zehatzak» sustatu behar dituztelaadierazi du TAT Torturaren Aurkako Taldeak. «Konpromisoak hartzeko garaia» dela nabarmendu du Ane Ituiño abokatuak, eta, besteak beste, honako aldarrikapen hauekin engaiatzeko eskatu die eragileei: tortura existitzen dela onartzea, atxilotuei ezartzen zaien inkomunikazio aldia amaitzeko nazioarteko eragile ugarik eginiko eskaerarekin bat egitea eta torturak eta tratu txarrak jasan dituzten herritarren birgaitze juridiko, psikologiko eta ekonomikoa ziurtatzeko konpromiso zehatzak adostea.

Era berean, udazkenean egin asmo duten «ekimen erraldoi» batean eta azken polizia operazioa salatzeko, gaur, 17:30ean, Iruñeko Gaztelu plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu du TATek. Besteak beste, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, LABek, ESK-k, Eilasek, CGTk eta Etxerat-ek babestu dute gaurko ekimena.

Joan den asteko operazioan atxilotutako bederatzi herritarren tortura testigantzen berri eman zuen Ituiñok atzo, Donostian eginiko agerraldi batean. Atxilotuen senideez inguratuta, salatutako torturen erantzule nagusi egin zuen Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea. Abokatuak nabarmendu duenez, atxilotuak polizia etxeetan jasotzen ari ziren tratuaren berri zuen epaileak, baina ez zuen torturak eta tratu txarrak saihesteko neurri bakar bat ere hartu. Atxilotu guztiek salatu zituzten torturak epailearen aurrean. Grande-Marlaskak, baina, ez du tramitaziorik abiatu. Ituiñok azaldu duenez, Euskal Herriko epaitegietan aurkeztuko dituzte salaketak.

Torturak, «agerikoak»

TATeko kideak adierazi duenez, ofiziozko abokatu batek kexa agertu zuen epailearen aurrean, hiru atxilotuk polizia aurrean egin zuten deklarazio polizialean hainbat irregulartasun antzeman zituelako. Ituiñok dioenez, abokatuak epaileari azaldu zion atxilotuen erantzunek «automatikoak» ziruditela; aldez aurretik prestatuak zeudela, alegia. Salaketa horren inguruan Grande-Marlaskak ez zuela neurririk hartu salatu du Ituiñok. Eta ofiziozko abokatuaren salaketaz gain, adierazi du atxiloketetan izan zen idazkari judizialaren txostenean jasota dagoela atxilotuek ez zutela polizia aurrean ezer deklaratuko.

Eneko Compains atxilotuaren kasua ere ekarri du gogora. TATeko abokatuak azaldu duenez, polizia etxean jasaten ari zen tratua dela eta, epailearen aurretik berehala pasatzeko eskaera egin zion auzi medikuari, tratu txarrak txosten batean jaso ondoren. Torturatua izaten ari zenaren zantzurik ez zegoela erantzun zuen, baina, Grande-Marlaskak.

Naroa Ariznabarretak, berriz,operazio horretan atxilotutako Aniaiz Ariznabarretaren salaketaren berri eman du. Igandean bisitatu zuten Soto del Realgo espetxean. Aniaizen aurkako torturak bidaian hasi zirela adierazi du haren ahizpak. Irain eta mehatxu artean, gerritik gora biluztu eta bularrak ukitu zizkiotela azaldu du. Behin polizia etxean, gorputza manta batekin eta apargomarekin bildu eta jo egin zutela salatu du. Poltsa behin eta berriz egin ziotela eta galdeketa saio luzeak izan zituela azaldu du, halaber. Torturak azken egunera arte izan zirela nabarmendu du; azken egunean gorputz osoa ukitu ziotela eta poltsa egin ziotela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.