Torturaren Aurkako Taldearen eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, Espainiak ez du Europako Batzordeak bultzatzen duen Tortura Saihesteko Komitearen antzeko tresnarik. Beatriz Etxebarria eta Oihan Ataunen tortura salaketak ez ikertzeagatik Espainiako Estatua zigortu berri du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, eta erabaki horren berri jakin ondoren egin dituzte adierazpenok.
Haien arabera, tortura ahalbidetzen duen "inkomunikazioak" eta biktimek aurkeztutako salaketak ikertzeko "borondate faltak" handitu egiten du halako praktika "lazgarriaren" zigorgabetasuna.
Uste dute eragindako mina "ikertu eta konpontzean" datzala gakoa. "Ikerketarik gabe ezinezkoa baita gertatutakoa jakitea eta jazotakoaren aitortzarik gabe ez dago erreparazio posiblerik". Baina, diotenez, Espainian "torturaren biktimenganako errespetua falta da oraindik": "Errekonozimendua eta aitortza jaso beharrean, bazter batean jarraitzen dute, gaizki tratatuak".
TATek eta Behatokiak gogoratu dute Etxebarria eta Ataunen gaineko epaiarekin Europako Giza Eskubideen Auzitegiak sei zigor ezarri dizkiola Espainiari tortura salaketak ez ikertzeagatik —horietatik bost euskal herritarren kasuak dira—. Auzitegi horrek ez ezik, beste zenbait erakundek ere gaitzetsi dituzte torturak, gogorarazi dutenez —Human Rights Watch eta Amnesty Internationalek, besteak beste—.