Tejeria izendatuko dute Eusko Legebiltzarreko presidente, bigarrenez

EAJk bi kide izango ditu mahaian, eta PP kanpoan geldituko da. Mahaian izango diren taldeek itxi gabe dute oraindik gainerako ardurak banatzeko akordioa. PPk «pluraltasuna» galdegin du

DAVID AGUILAR/EFE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Bakartxo Tejeria izango da Eusko Legebiltzarreko hurrengo presidentea, eta PP mahaitik kanpo geldituko da. Elkarrizketa guztiak oraindik itxita ez dauden arren —bilerak hitzartuak dituzte zenbait alderdik gaur goizerako—, bi gai horien inguruan ados daude EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE. BERRIAk jakin duenez, Bakartxo Tejeria aurkeztu du EAJk hautagai gisa —aurreko legealdian ere legebiltzarreko presidente izan zen—, eta gainontzeko taldeek ez dute jarri hautagaitzaren kontrako eragozpenik. Horrez gain, EAJk eutsi egingo dio mahaian bi ordezkari izateko eskakizunari, eta EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE prest daude baldintza hori onartzeko. Beraz, PP ordezkaririk gabe geldituko da datorren legealdiko mahaian.

Mahaiko presidenteordetzak EH Bildu eta PSE-EErentzat izango direla zabaldu zuen atzo ETBk. Legebiltzarreko taldeek BERRIAri adierazi diote, ordea, oraindik guztiz zehaztu gabe dagoela mahaiko arduren behin betiko banaketa. Dena den, adostasunerako aukera gehien duen formuletako bat da ETBk aurreratu zuena: legebiltzarreko presidenteordeen ardurak EH Bildu eta PSE-EEko ordezkariek hartzea, eta bi idazkaritzak Elkarrekin Podemosen eta EAJren esku uztea.

Datorren ostiralean osatuko da Eusko Legebiltzarra, eta orduan argituko da mahaiko kideak nor izango diren ere.

PP, «pluraltasun» eske

Mahaiaren osaketan «zentzuz» jokatzera deitu du PPk. Mahai «plurala» aldarrikatu du Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak. Alonsok eta alderdi popularreko gainontzeko zortzi ordezkariek legebiltzarkide akta jaso zuten atzo, Gasteizen. Ondoren, PP mahaitik kanpo uztea «zentzurik gabekoa» dela azpimarratu zuen popularren buruak, hedabideen aurreko adierazpenetan.

Alderdi Popularra legebiltzarreko mahaitik «baztertzea» kaltegarria izan daitekeela ziurtatu du Alonsok, eta «hausnarketa» eskatu die gainontzeko taldeei. «Legealdia oso luzea da, eta gauza askoren gainean hitz egin beharko da». PPri «hasieratik ateak ixtea» legealdi hasiera «txarra» izango da, haren esanetan. «[Legebiltzarrean] Gehiengorik ez dagoela ulertu beharra dago, eta talde guztiei eman behar zaie akordioak egiteko aukera».

Legebiltzarreko mahaian talde politiko bakoitzak ordezkari bat izatea defendatu du PPk —bost ardura postu dira, eta bost talde—.«Hori da normalena, zentzuzkoena eta, gehiengoen jokoen arabera, arrazoizkoena» EAJk, baina, bi kide galdegin ditu, «ordezkagarritasun printzipioa» dela eta. Alonsok nabarmendu duenez, jeltzaleek bi ordezkari lortuz gero EAJren eta PSE-EEren arteko «koalizio posibleak» gehiengoa emango lieke mahaian, nahiz eta bi talde horiek ez duten gehiengorik legebiltzarrean.

PPk ez ditu amaitutzat eman legebiltzarreko mahaia osatzeko negoziazioak. Oraindik bilera batzuk «egin gabe» daudela adierazi du. «Ez dugu negoziazioa itxi, eta aste osoan elkarrizketekin jarraitzea espero dugu, ostiralean osatuko baita legebiltzarreko mahaia».

Alonsok espero du taldeen arteko negoziazioek PPri ordezkari bat errazteko balio izatea. «Guztion intereserako egokiena den erabakia hartzea espero dut, legealdia elkarrizketaren ildotik garatu ahal izateko».

Negoziazio horietan, PPk EAJri senatuan talde propioa osatzeko senatari bat utzi izana ere gogoraraziko duela adierazi du Alonsok. «Zalantzarik gabe, argumentu egokia da, jarrera irekia eta jendearekin kontatzeko borondatea islatzen dituelako».

Maroto, Alonsoren ordez

Alonso lehenengoz izango da legebiltzarkide Eusko Legebiltzarrean, eta, ardura hori betetzeko, Madrilgo diputatu izateari utziko dio. Javier Maroto Gasteizko alkate ohi eta legebiltzarkide izandakoak hartuko du haren lekua Espainiako Kongresuan.

Alonsok «ilusioz» helduko dio legebiltzarreko lanari. «Pertsonalki konprometituko naiz legebiltzar honetan gertatuko den guztiarekin».

Alderdi Popularrak legebiltzarrean izango duen egitekoa «alternatiba konstituzionala defendatzea» izango da; «moderazioaren, elkar ulertzearen eta Euskadi eta Espainiaren arteko batasunaren aldekoa».

Alonsok argitu duenez, «eraikitzeko asmoarekin» egingo du lan Alderdi Popularrak, baina «baita kontrapisua egiteko eta kontrolerako nahiarekin ere. Horrez gain, «euskal gizarte guztiarentzako elkarbizitza eta moderazio bermea» izan asmo du. Helburu horrekin, «jendeak sentitu eta pentsatzen duenetik gertu» egoten saiatuko dela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.