Tejeriak uste du Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenek talka egin ohi dutela botere banaketarekin

Eusko Legebiltzarreko mintegi batean aztertzen ari dira auzitegi hark ezarritako jurisprudentziaren eraginak.

tejeria
Bakartxo Tejeria, gaur goizean. EUSKO LEGEBILTZARRA
2024ko urtarrilaren 22a
12:25
Entzun

Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriaren esanetan, «ez dira gutxi» Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenek parlamentuekin talka egiten duten aldiak: «Epai horiek, askotan, talka egiten dute legebiltzarrek botere banaketaz eta gure ganberen bortxaezintasunaz dugun ikuskerekin». Auzitegi hark emaniko azken jurisprudentziak aztertzeko Eusko Legebiltzarrean bertan egiten ari diren mintegi baten aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek, adibidetzat jarrita Atutxa auziak eragindako harrabotsa.

Antolatutako mintegiaren aurkezpenerako eginiko oharrean, Eusko Legebiltzarrak zehaztu du Auzitegi Konstituzionalaren eta parlamentuen arteko harremana ez dela beti «baketsua» izaten: «Tarteka tentsioak ageri dira, eta badaude oraindik erabat ebatzi gabe dauden auziak».

Mintegiaren aurkezpenean, Tejeriak ere indar egin du auzi horretan, eta azaldu du agerikoa dela Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenek «garrantzia eta oihartzuna» dutela jardun parlamentarioan eta ganberek lan egiteko moduan. Gehitu du sarri talka egiten dutela ganberen «bortxaezintasunaz» egiten den interpretazioarekin ere, eta, beraz, komeni dela ezarritako jurisprudentziaren inguruko errepasoak egitea.

Hain zuzen, Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohiaren eta Gorka Knorr eta Kontxi Bilbao mahaikideen kontrako prozesua gogoratu du. Hirurak auzipetu zituzten Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa desegiteari uko egiteagatik. Tejeriaren esanetan, baina, auzipetu izanaren arrazoia izan zen «Eusko Legebiltzarraren autonomia defendatzea beste botere batzuen esku hartzearen aurrean».

Tejeriarekin batera, Montserrat Aumendi legebiltzarreko legelari eta Azterlanen zuzendariak eman dio hasiera ekitaldiari. Horiekin batera, «Legebiltzarreko jurisprudentziaren eremu zehatzak aztertzeko» helburua duen mintegian parte hartuko dute, besteak beste, Alfonso Cuenca Espainiako Gorteetako legelariak, Angel Sanchez Auzitegi Konstituzionalekoak, eta azken auzitegi horretako Laura Diaz magistratuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.