Teknologiaren erreinaldiari muga jarri nahian

Adingabeak eta Internet: harreman arriskutsua bezain saihetsezina. Interneten erabilera ankerrak mugatzeko legeak egiten ari dira. Adituen iritziz, ostera, gakoa da gurasoek eta adingabeek lema hartu eta arduraz erabiltzen ikastea.

Ama bat bere haur jaioberriari argazki bat egiten. BERRIA
Ama bat bere umeari argazki bat egiten. BERRIA
kristina martin
2025eko abenduaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Internet «lurralde basatia izateari uztea»: hori da, Gazteen eta Haurren gaietarako Espainiako ministro Sira Regoren hitzetan, esku artean dituen bi lege proiektuen xedea. Arau horien bidez, adingabeak babestu nahi dituzte ingurune digitalean dauden arriskuetatik. Horretarako, zenbait zigor ezarri nahi dituzte teknologia modu okerrean erabiltzen dutenentzat. Bi lege horiek Hego Euskal Herrian izango dute eragina.

Ingurune Digitaletan Adingabeak Babesteko Legea eta sharenting-ari buruzkoa dira lege horiek. Lehenengoa tramitean dago Espainiako Gorteetan. Sharenting-a edo gurasoek seme-alaben irudiak eta bideoak sare sozialetan zabaltzea arautuko duenak, ostera, lehen urratsak baino ez ditu egin.

Frantziako Gobernua ere arduratuta dago sare sozialek haurrengan eta nerabeengan duten eragina dela eta, eta aurtengo maiatzean asmo bat plazaratu zuen: Espainiari, Greziari eta Irlandari gonbita egin zien koalizio bat osatu eta sare sozialetan sartzeko gutxieneko adina 15 urtetara jaisteko. Behin legedia garatuta, Europako Batasunera zabaltzeko asmoa agertu zuen.

Batzuen ustez, itsasoari muga jarri nahi izatea da, gaur egungo gizarteak teknologiarekin duen harremana etengabea eta saihetsezina baita. Haurrei eta nerabeei dagokienez, oso zaila dirudi oreka lortzeak: adituek ohartarazten dutenez, teknologiaren erabilera gehiegizkoak eta okerrak kalte itzelak ekarri ahal dizkiete, baina, zehazten dutenez, herritar digitalak izanik, ezin diote teknologiari bizkarrik eman. Legeak, beraz, mugak jarri ahal dizkio teknologia asmo txarrez baliatzen duenari. Hala ere, adituek uste dute gakoa dela gurasoek eta adingabeek teknologia arduraz erabiltzen ikastea.

Internet eta teknologia legez arautzeko beharra arrazoitzeko datu esanguratsu batzuk plazaratu zituen Sira Rego gazteen eta haurren gaietarako Espainiako ministroak: gurasoen %89k seme-alaben argazkiren bat argitaratzen dute gutxienez hilean behin. Beste datu bat: ia haur guztiek presentzia dute sare sozialetan jaiotzen diren une beretik.

Espainiako Poliziak eman berri duen beste datu bat hotzikarak sortzeko modukoa da: pedofiloei atzematen zaien materialaren %72 sare sozialetatik lortutako irudiak dira, izan haurrek eta nerabeek bere profiletan argitaratutakoak, izan gurasoek beraiek zabaldutakoak. Nahiz eta sexu kutsurik gabeak izan, adimen artifizialarekin (AA) moldatzen dituzte eta pornografiko bihurtu.

Antsietatea, lotsa, jazarpena...

Muturreko arrisku horretaz gain, adituek ohartarazi dutenez, adingabeen irudia sare sozialetan neurri gabe zabaltzeak ondorio larriak izan ditzake: antsietatea, lotsa, autoestimu arazoak eta jazarpena sor ditzake haurrengan eta nerabeengan.

Datu horiek dira egoeraren larriaren erakusle: arazo oso konplexua izanik, konponbideak ere hala moduzkoak dira, adituen iritziz. Jarduera legez arautzea eta mugak jartzea da konponbideari heltzeko ertz soil bat.

Sira Rego ministroa arau horren oinarriak jartzen hasi da, eta, horretarako, adituengana jo du. Aditu horien artean dago EU Kids Online EHUko ikerketa taldea: Maialen Garmendia eta Nekane Larrañaga soziologoak dira talde horretako kideak.

«Udaberrian sortu zuten lantaldean parte hartzera gonbidatu gintuzten. Gaiarekin lotutako lan batzuk bidali genituen, eta, horiekin, lanerako dokumentu bat sortu zuten», kontatu du Maialen Garmendia EU Kids Online taldeko ikertzaile nagusiak. Hilaren hasieran Madrilen egin zuten bilera bat, eta han ere izan zen EHUko ikerketa taldea. Hamabost urteko ibilbide zabala du EHUren aterpean diharduen talde horrek, haurrek eta nerabeek informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin (IKT) duten jardueraren ikerkuntzan. Europako EU Kids Online sarea osatzen dute 34 herrialdetako ehun adituk eta ikertzailek.

Nekane Larrañaga eta Maialen Garmendia, EHUko soziologia irakasleak. GORKA RUBIO / FOKU
Nekane Larrañaga eta Maialen Garmendia, EHUko soziologia irakasleak. GORKA RUBIO / FOKU

Sharenting-ean bi joera bereizten dituzte Garmendiak eta Larrañagak: batetik, badira helburu ekonomikorik gabe seme-alaben argazkiak gertukoekin partekatzen dituzten gurasoak. Bestetik, badira gurasoak haurren irudiak dirua lortzeko zabaltzen dituztenak; joera hori, gainera, indarra hartzen ari da.

Haien ustean, legea lagungarria izan daiteke irudien zabalpen horri muga jartzeko, baina garrantzi handiagoa ematen diote gizartearen sentsibilizazioari. «Gurasoek jabetu behar dute asmo onez zabaltzen ari diren irudi horiek modu ankerrean erabiltzeko arriskua dagoela», ohartarazi dute. Gogorarazi dutenez, argazkiak sare sozialetan argitaratuz gero, irudi horien kontrola erabat galtzen dute jabeek.

Sharenting-aren arriskuak zerrendatu dituzte bi soziologoek: ahaztu gabe kasurik larrienean pedofiloen eskutan eror daitezkeela, badira kasuak, esaterako, gurasoek zabaltzen dituztela irudi batzuk, hala nola «seme-alabak pixontzian, ibiltzen ikasi berritan estropezu egiten.. hasiera batean inozoak eta dibertigarriak izan daitezke argazki horiek, baina gerora iraingarri bihurtu». Gogora ekarri dute sarri argazki horiek erabili izan dituztela ikaskideek edo ingurukoek umeak barregarri uzteko.

«Sare sozialetan profila sortzeko gutxieneko adina 16 urtera igoko du lege berriak. Baina lege hori nork betearaziko du, gurasoek betearazten ez badute?»

NEKANE LARRAÑAGA EU Kids On Line taldeko ikertzailea 

EHUko bi ikertzaileek ohartarazi dutenez, sharenting-aren beste arrisku bat da adingabeen aurrean praktika hori normalizatu daitekeela. «Haien seme-alaben irudiak noiznahi partekatzen dituzten gurasoak ohitura hori ari dira sustatzen». Seme-alabek imitazioz ikasten dutela azaldu du Maialen Garmendiak: «Ez dauka zentzurik gurasoek urteetan haurren irudiak partekatzen aritzea eta, seme-alabek 12 urterekin sakelakoa dutenean eta haien irudiak argitaratzen dituztenean, hori debekatzea».

Legeak arrisku horiei aurre egiteko nahikoa ote diren galdetuta, ez dira baikorrak. Legeek erabilera oker batzuk mugatzeko balio dezaketela onartuta ere, iritzi diotenez, «ezinezkoa da familien barruan argazkiekin egiten dena kontrolatzea».

Nekane Larrañagak gurasoengan jarri du ardura. «Gurasoek arrisku horien jabe izan behar dute, eta ikusi seme-alabak zertan dabiltzan». Adibide bat jarri du: «Sare sozialetan profila sortzeko gutxieneko adina legez 14 urtekoa da, eta lege berriak 16 urtera igoko du. Baina lege hori nork betearaziko du, gurasoek betearazten ez badute?». Azpimarratu duenez, «guraso askok badakite seme-alabek sare sozialetan profila dutela adin hori baino lehenago, eta ez dute trabarik jartzen».

Debekua ez da bidea

Sharenting-ez aparte, oro har, teknologiaren erabilera okerra arazo handia dela berretsi dute Garmendiak eta Larrañagak. Argi dute, hala ere, teknologia, sare sozialak eta adimen artifiziala gizartearen parte direla, eta debekua ez dela bidea. «Arduraz erabiltzen lagundu behar diegu gure seme-alabei; zertan dabiltzan ikusi, Interneteko jardueraren bat haiekin partekatu, erabilera egokia egiteko aholkuak eman», proposatu dute. «Gurasoek ez badituzte arauak ezartzen, haurrek beraiek jarriko dituzte beren arauak».

Edonola ere, adingabeen teknologiaren erabilerari dagokionez, hezkuntza eta aisialdi esparruak ondo bereiztea komeni da. Larrañagaren aburuz, «askotan aisialdirako erabilera desegoki horiek gurasook aztoratzen gaituzte, eta teknologia deabrutzeko joera zabaltzen da».

Iritzi berekoa da Garmendia. Haren ustean, gizartearen gaur egungo antolaketarekin, guraso askok ez dute denborarik seme-alabek teknologiarekin duten harreman hori kontrolatzeko, eta, horren ondorioz, indartzen ari da beste joera bat: hezkuntzan teknologiaren erabilera zalantzan jartzekoa.

«Gazteen trebakuntzaren ardura osoa gurasoengan utziz gero, arrakala handia sor daiteke, familia guztiek ez dituztelako baliabide berak, ezta gaitasun eta ezagutza bera ere»

MAIALEN GARMENDIA EU Kids On Line taldeko ikertzaile nagusia

Garmendiaren ustez, «alderantziz egin beharko litzateke, eskolan gehiago erabili beharko litzateke teknologia». Eta arrazoitu du baieztapena: «Gazteen trebakuntzaren ardura osoa gurasoengan utziz gero, arrakala handia sor daiteke, familia guztiek ez dituztelako baliabide berak, ezta gaitasun eta ezagutza bera ere». Baietsi duenez, eskola da ikasle guztiek gaitasun antzekoak lortzeko bitartekaria.

Ikertzaileak gogorarazi duenez, herritarrek gaur egun behar dituzten gaitasunak ez dira duela 50 urte eskatzen zitzaizkienak. «Oraingo gazteak, 16 urte betetzen dituztenean, mundu digital bateko herritarrak dira, eta, mundu horretan bizitzeko gaitasunak ez badituzte, arazo asko izango dituzte». Beraz, soziologoaren aburuz, «ez dauka zentzurik teknologia erabiltzeko debekua 14 urte arte ezartzea, 16 urterekin bat-batean mundu digital horretan bete-betean murgildu behar badu».

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako sailburua, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako sailburua, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Tokiko komunitatean eta elkarlanean

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizatearen, Gazteriaren eta Erronka Demografikoaren sailburuak begi onez ikusten du Espainiako ministroak gaiari heldu izana, betiere «errespetatzen baditu Eusko Jaurlaritzak dituen eskuduntzak haurrei eta nerabeei dagokienez, eta hezkuntza eta osasun arloetan». Sharenting-ari dagokionez, Melgosaren iritziz, lege aurreproiektua eratu beharko litzateke hiru zutabeen gainean: osasun mentala, gurasoen zaintza positiboa eta haurren partaidetza.

«Seme-alabak kalera doazenean gurasoek gomendioak ematen dizkiegun bezala, Interneten ari direnean ere esan behar diegu kontuz ibiltzeko eta zaindu behar dutela»

NEREA MELGOSA Eusko Jaurlaritzako Gazteria sailburua

Izan ere, irizpide horiek aintzat hartuta egin dizkio ekarpenak aurreproiektuari Melgosaren sailak: «Ongizate emozionala eta osasun mentala zehazki txertatzea proposatu dugu, baita sendotzea hezkuntza, osasun eta kultura eta aisialdi arloen arteko koordinazioa ere». Horretaz gain, funtsezkoa iruditzen zaio familiei laguntza eta formakuntza eskaintzea gai digitalen inguruan. Horrekin batera, adingabeen erantzukizuna eta ardura lantzeko beharra ere nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako sailburuak, azken finean helburua baita «haurrek eta nerabeek beraiek etorkizunari buruzko erabakiak hartzen irakastea».

Melgosaren aburuz, arazo horri heltzeko nahitaezkoa da tokian tokiko komunitatearekin batera egitea. Hala, ardura gurasoen esku uztea baino egokiago ikusten du esku hartze hori partekatzea zerbitzu sozialekin, gazteen elkarteekin eta hirugarren sektoreko elkarteekin, baita haurrekin eta nerabeekin ere.

Haurrak, nerabeak eta familiak Internet modu egokian erabiltzen laguntzeko tresnak landu dituztela jakinarazi du. «Adin tarte bakoitzari dagozkion gidaliburuak egin ditugu, helduek lagundu ahal izan ditzaten adingabeak arlo digitalerako trantsizio horretan». Azpimarratu duenez, adin horretan nerabeek probak egiten dituzte, bere burua erakusten dute sareetan eta arriskuak hartzen dituzte. Melgosaren esanetan, «seme-alabak kalera doazenean gurasoek gomendioak ematen dizkiegun bezala, Interneten ari direnean ere esan behar diegu kontuz ibiltzeko eta zaindu behar dutela».

Ingurune Digitaletan Adingabeak Babesteko Espainiako Legearen giltzak

  1. Guraso kontrola fabrikatik: gailu elektroniko guztiek —sakelakoek, tabletek eta telebista adimendunek, esaterako— gurasoen kontrolak izan beharko dituzte adingabeen segurtasuna bermatzeko.

  2. Adina egiaztatzeko sistema eraginkorra eta bete betebeharrekoa izango dela agindu dute. Adingabeak pornografiatik babestea da asmoa.

  3. Deepfake-a delitua izango da: adimen artifizialaren bidez (faltsifikazioak edo deepfake) eduki sexuala edo iraingarria zabaltzea eta sortzea zigortuko du arauak.

  4. Urruntze birtualeko aginduaren figura ezarri dute eremu digitalean delituak egiten dituztenentzat, eta horrek biktimarekin harremanetan jartzea eragotziko du plataformetan eta sare sozialetan.

  5. Sare sozialetan profila sortzeko baimena 16 urtera igotzen du.

  6. Azterketa pediatrikoak: umeek Internetekiko menpekotasuna duten eta erabilera desegokia egiten ari den antzemateko azterketa bat egingo dute pediatrek, eta patologia horiek artatzeko neurriak ezarriko dituzte.

  7. Alfabetatze digitalerako eta herritartasun digitaleko heziketarako plan bat ere proposatzen du. Lehen Hezkuntzatik ikasleek jaso ditzaten prestakuntza Internet bidezko faltsukeriei aurre egiteko eta Internet arduraz erabiltzeko.

  8. Eduki digitalen etiketatzea ezarriko da, hizkera ulergarriarekin, eta ohartarazpenak gehituko dira, baldin eta adin txikikoentzat egokia ez bada.

  9. Bideojokoetan diruaren truke funtzionatzen duten sarien kutxak debekatuko zaizkie adingabeei. Influencer-ei ere bete beharrak jarriko zaizkie adingabeak babeste aldera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.