Telefono bat euskaraz erabili ezina aski motibo da erabilera kontratua eteteko. Hala ondorioztatu du martxoaren 28an Bilboko Lehen Instantziako 4. Epaitegiak emandako epai batek.
2010eko apirilaren 21ean du abiapuntua auzibideak; Patxi Garcia Abascal erabiltzaileak, Vodafone telefono konpainiaren eskaintza bati jaramon eginez, telefono berri bat eskuratu zuen. Berehala erreparatu zien gailu berriaren eragozpenei, «ulertzeko eta erabiltzeko» zaila zen, etaeuskaraz, gainera, zerbitzurik gabea. Txineraz edo hungarieraz erabiltzeko aukera ematen zuen, euskaraz ez. Telefono konpainiari gailu errazago bat eskatu zion, euskarazkoa, eta ematen ez bazioten, hitzartutako kontratua eteteko eskatu zuen. Dendan ez zuten haren eskaera ase, eta auzitara jotzea ebatzi zuen. Abokatua da, eta kasuaren defentsa berak egin du. Lan arrakastatsua izan da: epaiaren arabera, kontratua eteteko aski arrazoi bada euskarazko zerbitzurik ez eskaintzea.
Konpainiak kontratuan, telefono berria debalde ematearen truke, baldintza bat ezarri zien 18 hilabete pasa aurretik hitzarmena etetea erabakitzen zuten erabiltzaileei: ehun euro ordaintzekoa. Epaiaren arabera, aldiz, euskaraz zerbitzua ematen ez zuen gailu bat eman ziotenez, horretara ezin dute derrigortu Garcia Abascal.
Abokatua gustura dago epaiarekin. «Lehendabiziko aldiz onartu dira euskaldunok eremu pribatuan euskara erabiltzeko ditugun eskubideak». Aurretik hainbat ebazpenek eremu publikoan euskaraz jarduteko eskubidea bermatu izan duten arren, epai honek urrats bat harago egin duela nabarmendu du.
Telefonoa euskaraz erabili ezina, kontratua eteteko zio
Epai batek arrazoi eman dio, euskaraz erabil ezin zitekeelako, Vodafoneri telefono berri bat eskatu zion erabiltzaileari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu