Berdintasunaren alde jarduten duten herritarren eta erakundeen lana goraipatzeko, Jaizkibel konpainiak Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria ematen du urtero. Aurten, Teresa del Valle ikerlari eta antropologo feministari emango diote —joan den hilabetean zendu zen—. Jaizkibelek nabarmendu duenez, eskerrak eman nahi dizkiote «Euskal Herrian antropologia feministaren atea zabaltzeagatik».
Hain justu, Del Valle izan zen antropologia feminista Euskal Herrira ekarri zuten aitzindarietako bat. Haren lan bat izan zen horren abiapuntu: Mujer vasca. Imagen y realidad azterlana (Euskal emakumea. Irudia eta errealitatea). «Bide hori harturik, dozenaka ikertzailek gure iruditeria eta analisi gaitasuna zabaldu eta lorarazi dituzte gerora», adierazi du Jaizkibel Konpainiak. Horiek horrela, Del Valleren «ondorengoak» ere omenduko dituzte, hau da, AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko kideak: «Teresaren ondarea zaintzen ez ezik, zabaltzen eta aberasten ere badabiltzanak».
Ikusi gehiago
Jaizkibelen arabera, euskal antropologia feministak tresnak eman dizkie «errituak, jaiak eta gizarteak» aztertzeko. «Batzuek errealitate estankoak ikusi nahi zituzten tokian, hariari tira egin zioten haiek, eta, historiaren matazari so, erakutsi dute gure ustezko tradizioak garai historiko bakoitzeko behar sozialetara egokitzen diren eraikuntzak direla. Eta ez digute soilik atzera begiratzen erakutsi, oraina ulertzen ere lagundu digute, etorkizuna eraldatzen saiatzeko».
Hainbat liburu
Antropologia feministarekin lotuta, Perspectivas feministas desde la antropología social (Ikuspegi feministak gizarte antropologiatik, 2000) eta Andamios para una nueva ciudad (Hiri berri baterako aldamioak, 1997) liburuak ere argitaratu zituen Del Vallek. Bestalde, laugarren Korrikari buruzko liburu bat ere landu zuen: Korrika: rituales de la lengua en el espacio (1988).
Antropologia feministaren barruan, botereaz hausnartu zuen Del Vallek, eta aztertu zuen zergatik dauden gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak boterean, eremu politikoan, enpresa munduan eta hezkuntza munduan. Hondarribia Berdintasun Hiria saria ez da jasoko duen lehenengo saria. 2010ean, Emakunde Saria eman zioten, eta, zortzi urte geroago, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria, erreferente izan delako euskal antropologian ikuspegi feminista txertatzen.