Tortura. Istanbuleko protokoloa

Testigantza froga gisa

Jaiki Hadi elkartea Istanbuleko protokoloa aplikatzen ari da torturak salatu dituzten 30 laguni. Torturak utzitako barne orbana kanporatzea da helburua, pertsona horiek torturak jasan dituztela frogatzeko.

. TAT / BESTEAK.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Torturatzaileak ez du aztarnarik uzten. Orbana uzten du. Barne orbana. Baina ageriko aztarnarik ez. Kasu bakan batzuetan besterik ez dute marka utzi. Horregatik, zaila da tortura frogatzea, eta, are gehiago, sistema oso bat hura babesten ari bada, edo tortura sistemaren beraren parte bada.

Baina tortura badago. Salaketak badaude. Eta orbanak badaude. Ezkutuko barne orban horiek ageriko egitea da gakoa. Bistaratzea. Azaleratzea. Eta badago horretarako balio duen tresna bat: Istanbuleko protokoloa. Jaiki Hadi elkartea protokolo hori aplikatzen ari da. Pertsona batek torturak jaso dituen edo ez frogatzen du. Nazio Batuen Erakundearen protokolo bat da, eta, hemen ezaguna ez den arren, pisu handia dauka. Indar handia.

Istanbuleko protokoloak helduleku indartsua ematen die Euskal Herriko tortura kasuei. Izan ere, tortura testigantzari berari froga izaera onartzen dio. Torturak utzitako orban psikologikoa aztertzen du, Oihana Barrios psikologoak dioen bezala, orban psikologikoak beti gelditzen baitira. «Pertsona bat torturatu dutela frogatzen du. Testigantza bat benetakoa den ondorioa ateratzen baduzu, esaten ari zarena da pertsona hori egia esaten ari dela, eta, egia esaten ari bada eta torturatu egin dutela esaten ari bada, egia da torturatu egin dutela. Balorazio profesional hori da tortura frogatu dezakeen frogarik garbiena. Oraintxe daukagun tresnarik hoberena da».

Une honetan, torturak salatu dituzten 30 euskal herritarri protokoloa aplikatzen ari dira. Protokoloaren aplikazioa amaitu dute, eta ondorioak ateratzen hasi behar dute. Datorren urte hasieran ikerketa kaleratzeko moduan izango direla espero dute.

Juridikoki ez dute gehiegi lortzerik espero, kasu asko preskribituta daudelako, beste asko itxita daudelako, eta ireki ere egin gabekoak ere asko direlako. Hala ere, urra ditzaketen bide guztiak urratuko dituzte. «Honekin ez zaie orain arte bezain erraza egingo beste aldera begiratzea», dio. Baina errealista da: «Ez dut espero orain ez dakit zenbat torturatzaile espetxera joaterik, baina, onarpen bat egoten baldin bada, konformatuko naiz. Onartzen bada hemen torturatu egin dela, asko torturatu dela, 30.000 pertsona torturatu direla onartzen bada, urrats handia da».

Gainera, auzitegietan borrokatzeko ez ezik, aitorpena lortzeko ere balio dezake. Hala dio Barriosek: «Egunen batean biktimen bulego bat eratzen badute, horretarako ere balioko du. Froga batekin demostratu ahalko dute torturatu egin dituztela».Ez dute oraindik zehaztu nora eta nola joko duten ondorioekin, baina Barriosek argi du ate guztiak joko dituztela. Eta horretan ez dira bakarrik egongo. Argituzen laguntza ere izango dute, haiek ere proiektuaren barruan baitaude.

Lagin zabala

80ko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte, 30 laguneko lagin bat hartu dute. 15 emakume eta 15 gizonezko daude; hamarkada bakoitzeko 10. «Historia hau aspalditik dator». Herrialde guztietako jendearekin ari dira lanean eta polizia ezberdinen eskuetan egon direnak aztertzen ari dira.

Tortura salaketarik jarri ez duen jendea ere sartu dute proiektu honetan. Horren xedea da norbait gezurretan ari bada hori ere bistaratu egiten dela erakustea. Baina, arazo bat daukate: «Testigantza hartzen diegunean, beti jipoitu dituzte pixka bat, edo beti mehatxatu dituzte. Beti da 'bai, tira, umiliatu ninduten', 'bai, biluztu ninduten', 'bai, mehatxatu ninduten amarekin', 'pare bat kolpe eman zizkidaten buruan, baina... hori ez da tortura'». Barriosentzat tamalgarria da ikustea ez dugula identifikatzen tortura eta tratu txarra zen den: «Indarkeriaren kontzepzioa desitxuratua daukagu».

Protokoloa aplikatzeko orduan beste arazo bat ere topatu dute: horretarako prestatutako profesionalen falta. Mediku, psikologo eta auzitegiko psikiatrek bakarrik aplika dezakete. Hego Euskal Herria eta Espainia kontuan hartuta, hiru psikologo besterik ez daude protokoloa aplikatzen dutenak. Profesional gehienek ez dute ezagutu ere egiten, eta ez dakite aplikatzen.

Kanpotik etorri dira profesionalak proiektuan laguntzera. Pau Perez psikiatra madrildarrada bat —bera hasi zen Espainian protokoloa aplikatzen—, Bartzelonatik etorri da beste bat, eta Erresuma Batutik ere bai. Denera, hamar lagun ari dira.

Torturaren arrastoak identifikatzeko tresna bat falta zelako egin zuen NBEk Istanbuleko protokoloa, 240 adituren artean. Erabilitako tortura metodoak jakiteko balio du, hura egin duten agenteak eta zuzeneko zein zeharkako kolaboratzaileak identifikatzeko; baita bizipen horrek pertsonengan utzitako arrastoa aztertzeko ere. Horretarako, hiru atal ditu: lehena abokatuentzat, bigarrena medikuentzat eta hirugarrena psikologoentzat.

Europan asko erabiltzen da protokolo hau, beste herrialde batzuetan. Latinoamerikan ikaragarri erabiltzen da, psikologo orok daki aplikatzen. Hemen, ordea, ezkutatuta egon da orain arte. Barriosek salatu duenez,Espainian ezkutatu egiten dira horrelako erremintak: «'Hobe ez jakitea', pentsatzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.