Hizkuntza eskubideak

TicketBAI programa euskaraz jartzeko eskatu du Uemak, hizkuntza eskubideak bermatzeko

Uemak ohartarazi duenez, TicketBAI programa izateko aplikazio bat instalatu behar da, baina eskainitako 149 aukeretatik soilik 34 dira euskaraz.

TicketBai programa. UEMA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko apirilaren 26a
12:54
Entzun

Uema udalerri euskaldunen mankomunitateak TicketBAI programa euskaraz jartzeko eskaria egin du, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzen ez dituela nabarmenduta. Programaren helburua zerga iruzurra eragoztea da, eta, horretako, jarduera ekonomikoren bat egiten duten guztiek aplikazio bat instalatu beharko dute, fakturak kontrolpean egoteko. Hala ere, Uemak salatu du 149 aplikazioetatik soilik 34 jar daitezkeela euskaraz: «Hizkuntza kudeaketaren ikuspegitik, hutsune nabarmenak ditu egitasmoak; behin softwarea erdaraz instalatuz gero, ez dago aukerarik tiketak eta fakturak euskaraz egiteko, eta euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko».

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek abiatu dute programa, eta, horri esker, lurralde bakoitzeko ogasunei zuzenean iritsiko zaizkie egiten diren fakturak edo tiketak, Internet bidez konektatuta egongo baita. Urtarrilaz geroztik, abian da borondatezko aldia, baina datorren urtetik aurrera derrigorrezkoa izango da.

Programak euskaldunen hizkuntza eskubideetan izan dezakeen eraginaz jabetuta, Uemak beharrezkotzat jo du udalekin harremanetan jartzea, hala herrietako zerbitzu guztietara iritsi ahal izateko. «Beharrezkoa ikusi dugu udalen bidez saltokietara iristea, euskarazko aplikazioak jar ditzatela eskatzeko, herritarrei ere tiketak eta fakturak euskaraz egin ahal izateko», adierazi du Iraitz Lazkano lehendakariak. Horretarako, hiru gutun eredu prestatu dituzte udalekin, Uemako kide diren herrietara bidaltzeko, «herritarrekin euskaraz aritzera bermatzen duen zerbitzuaren alde egin dezaten».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.