Izenak Tinder zita aplikazioarenaren antza badu ere, egitasmo honen helburu nagusia desberdina da. Gaztetxe, gazte talde edo mugimenduen arteko senidetzeak sortzea da EHE Euskal Herria Euskaraz-ek eta Gazte Euskaltzaleen Sareak martxan jarritako TindEHEr proiektuaren helburua. Hendaiako (Lapurdi) hondartza aurreko pasealekuan aurkeztu dute, gaur arratsaldean. Ekinbidearen helburuak dira euskararen hizkuntza kontzientzia handitzea, pedagogia politiko euskaltzalea egitea, eta eremu soziolinguistiko desberdinetako gazte militante antolatu euskaldunen arteko harremanak sustatzea. Hori «beharrezkoa» dela uste dute proiektuaren bi bultzatzaileek.
EHEko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko kideen iritziz, azken urteetan zabaldu egin da euskararen egoeraren «ustezko normalizazio baten ilusioa», eta aldi berean «despolitizazio joera nabarmena» izan da besteak beste hizkuntza eta nazio auzien inguruan. Euskal Herriko eskualde eta herri desberdinetako gazteak saretzea da asmoa, baina bereziki Ipar eta Hego Euskal Herrikoak batzea. Izan ere, uste dute azken urteetan «lausotuz» joan direla bi eremuen arteko harremanak eta loturak. Hori dela eta, gazteria euskaldunarengan eta gazteria militante antolatuarengan hizkuntza kontzientzia «berpiztu» eta lurraldeen arteko harreman informalak sustatu nahi dituzte, denboran zehar harreman iraunkor bat sortzeko asmoz.
EHEk eta Gazte Euskaltzaleen Sareak azaldu dute zenbait irizpide hartuko dituztela kontuan langintza horretan. Ipar eta Hego Euskal Herriko herrien arteko loturak sortzea lehentasuna da, baina bereziki euskararen «arnasgune» eta eremu «ez oso euskaldunen» artean jardunbideak antolatzea. Aski egoera soziolinguistiko desberdinetako gazte mugimenduek euren arteko dinamika informala saretzea da helburua, jardun hori euren herrietara irekitzeko, eta, esaterako, urtero elkarren berri izateko bidea emango duten topaketak egiteko, jai giroan. Horrez gain, adierazi dute «Euskal Herriko egoera politikoaren jakitun izanik» kontuan hartuko dutela eragileen artean dauden joera politiko desberdinen osaketa, «aldebiko harreman erosorako baldintzak sortzeko».
Izena online eman daiteke gaurtik aurrera, uda osoan. Euskal Herri osoko gazte taldeek edo mugimenduek eman dezakete izena. EHEko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko kideek erabakiko dute zein herrik egingo duten match elkar ezagutzeko, eta irailaren erdialdean argitaratuko dituzte bikoteak. Irizpidea izango da, betiere, herri euskaldunak eta ez hain euskaldunak batzea. Bi herriak edo mugimenduak ezagutzeko topaketa bat egitea izango da helburua. Urria eta abendua bitartean egingo dira horiek, eta topaketa hartuko duen herriko eragileen ardurapean geratuko da antolaketa.
Askotariko jarduera proposamena
Gazteek elkar ezagutzeko egingo dituzten topaketetarako hainbat ekintza proposatu dituzte. Informaltasunez, aisialdia eta eduki teorikoagoak uztartu nahi dituzte. Aisialdiko jardueren artean, antzerki ikuskizunak, herriko historia ezagutzeko ibilaldiak, bazkariak edo afariak, herri kirolak eta kontzertuak planteatu dituzte, besteak beste. Horrez gain, tailerrak eta formakuntzak egitea pentsatu dute, hainbat gairen inguruan: euskararen egoera, jai euskaltzaleak antolatu eta dinamizatzeko erak, euskara eta migratzaileak, euskara eta feminismoa, herri bakoitzeko hizkuntza ohiturak partekatzea eta aurreiritziak hausteko modua egitea. Aipaturikoez gain, beste edozein jarduera egiteko prest daude, euskara ardatz hartuta betiere.