Tipi-tapa ahizpatasuna ehuntzen

AEK-ko, Korrikako eta La Passem eta Ar Redadeg Korrika ahizpetako ordezkariak Roazhonen bildu dira, elkarren arteko aliantza ontzeko, «estrategia amankomuna» lortzeko: «Nahi dugu sentitzea bidea elkarregaz egingo dugula, handiagoen aurrean».

AEK-ko, Korrikako, Are Redadegeko eta La Passemeko ordezkariak, larunbatean, Roazhonen. IRATI URDALLETA LETE
AEK-ko, Korrikako, Are Redadegeko eta La Passemeko ordezkariak, larunbatean, Roazhonen. IRATI URDALLETA LETE
Irati Urdalleta Lete.
Roazhon
2025eko maiatzaren 19a
16:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Tipi-tapa urratzen da bidea. Eta tipi-tapa, tipi-tapa ari dira antolatzen Korrika ez ezik, La Passem eta Ar Redadeg Korrika ahizpak ere. Urtebete eskas falta da hiru ekimen handietarako, eta, elkarlana sustatu asmoz, Roazhonen (Rennes, Bretainia) batu ziren hiruren ordezkariak larunbatean.

Korrikak, izan ere, baditu zenbait Korrika ahizpa munduaren luze-zabalean. Tokian tokiko hizkuntza gutxiagotuen aldeko lasterketak dira, Korrikaren modukoak; horietako bi dira La Passem —Okzitaniakoa— eta Ar Redadeg —Bretainiakoa—. Batzuen eta besteen errealitatea desberdina da: Korrikak 45 urte beteko ditu aurten, eta 24.nez egingo dute datorren urtean, martxoaren 19tik 29ra; Ar Redadegek 10. edizioa izango du datorren urtekoa; La Passem da hiruren artean berriena: lau aldiz egin dute.

Eta ahizpa horien arteko ahizpatasuna dute orain erronka. Elkarlana, aliantza. Hala azaldu du Ane Elordik, Korrikaren koordinatzaileak: «23. Korrikaren aurretik, Baionan elkartu ginen, eta abiapuntu bat ezarri genuen saretze koordinatuago baterako. Orain arte, beraiek gurean kilometro bat hartzen zuten, parte hartzea puntuala zen; orain, estrategia bateratu bat lortu nahi dugu, hiru ekimenetan parte hartzen jarraitu bai, baina zehaztea zertarako, zelan, zer helbururekin... eta ahalik eta ikusgarriena izatea hizkuntza gutxiagotuen egoera, sentsibilizatzea». Finean, elkarren ondoan daudela sumatzea: «Sentitzea ez gaudela bakarrik, bidea elkarregaz egingo dugula, handiagoen aurrean».

«Interesgarria da ikustea zer lanketa egin behar dugun, [...] eta eredu bat edukitzea nora joan behar dugun jakiteko»

BENJAMIN BOUYSSOULa Passem egitasmoko komunikazio arduraduna

Gainera, bidea elkarrekin ez ezik, elkarrengandik ikasiz urratu asmo dute. Denak dira denen eredu. Elordiren esanetan, «lur hartze» ariketa bat izan da bilkura: «Guretzat, interesgarria da; haiek gu gaituzte eredu, baina egoerak desberdinak dira, eta guk ere badugu haiengandik zer ikasi». Benjamin Bouyssourentzat, La Passem egitasmoko komunikazio arduradunarentzat, garrantzitsua da nora begiratua edukitzea: «Interesgarria da ikustea zer lanketa egin behar dugun, ideiak biltzea, eta, luzera begira, eredu bat edukitzea nora joan behar dugun jakiteko».

«Guretzat, interesgarria da; haiek gu gaituzte eredu, baina guk ere badugu haiengandik zer ikasi»

ANE ELORDIKorrikaren koordinatzailea

Geroa zehazten

Beraz, etorkizunerako bidea marrazten dihardute. Hala dio Maina An Talegek, Ar Redadegen lehendakariordeak: «Hainbat bide lantzen ari gara: agian, elkarren artean ekitaldi bat antolatzea, abestiak egiten dituzten artistak gonbidatzea elkarren ekimenetara... Lanerako arrasto batzuk dira, eta horiek garatzen jarraitu beharko dugu etorkizunera begira». 

«Lanerako arrasto batzuk baditugu, eta horiek garatzen jarraitu beharko dugu etorkizunera begira»

MAINA AN TALEGAr Redadegen lehendakariordea

Halere, bakoitza beren-beregi bere ekimenari begira ere ari da. Ar Redadegeko kideak, esaterako, jendea informatzen ari dira, gogorarazten datorren urtean egingo dutela bretoieraren aldeko lasterketa. Baina, hurrengo urteaz harago, badute luzera begirako asmorik ere: «Diru bilketa ariketa bat da, diwanei [bretoierazko murgiltzea duten ikastetxeak] eta bretoiaren inguruan lanean ari diren beste proiektu batzuei diru ekarpen bat egiteko».

La Passem handia ere datorren urtean egingo dute, Bouyssouk azaldu duenez, eta herritarrek «kontzientzia hartzea» nahi dute: «Ondare kultural bat badaukagu; hori sustatzea dugu helburu. Eta okzitanieraz ari direnei jakinarazi nahi diegu ez direla bakarrik, badela sare bat eta badirela aukerak hori garatzeko». Alta, aste honetan bertan, La Passem labur bat egingo dute, hilaren 23an eta 24an, Okzitaniako eremu guztietara heldu nahi baitute: «Okzitania biziki eremu zabala da, eta luzeegia litzateke lasterketa bakarra antolatzea alde batetik besteraino». AEK-ko eta Korrikako ordezkariak bertan izango dira, Elordik adierazi duenez: «34. kilometroa hartu dugu, maiatzaren 23an».

Ane Elordi La Passem-en lekukoa eskuetan hartuta, iaz, Capbretonen. IRATI URDALLETA LETE
Ane Elordi La Passem-en lekukoa eskuetan hartuta, iaz, Capbretonen. IRATI URDALLETA LETE

AEK-ko eta Korrikako kideak ere buru-belarri ari dira 24. Korrikari begira lanean: «Aurten beteko ditu 45 urte, baina helburuak berak dira, eta horien alde lanean segitzen dugu», dio Elordik. Azaroa begiz joa dute jada: «Gu ja azarora begira gaude, azaroaren erdialdean aurkeztuko baitugu hurrengo edizioa; uda iristeko zorian da, eta dagoeneko ixtear ditugu azken lanak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.