«Zer da herri zaintzailea?». «Hala al da gure herria?». «Nahi dugun herri zaintzailea lortzeko, zer aldatu nahi dugu, eta nola?». Horrelako galderak jarri dituzte gaur mahai gainean Udalbiltzak eta Emagin elkarteak antolatutako Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak izenburuko jardunaldian. Donostiako Miramon parke teknologikoan hausnartu dute galdera horien inguruan, gizarte zerbitzuetako langileek, sindikatuetako kideek, udal ordezkariek, arkitektoek... Funtsean, eraldaketa horretan esku har dezaketen eragileetako batzuek.
Herri zaintzailerako eraldaketa hori konplexua da, ertz asko ditu, eta gaur jardunaldira batu direnen artera ideia batzuk ekartzeko xedez, lau aditu elkartu dituzte mahaiaren inguruan. Bakoitzak bere lana aintzat hartuta egin du ekarpena, Miren Aranguren Emagineko kideak dinamizatuta. Zaintza zenbait heldulekutatik aztertu dute, baina oinarrian ados agertu dira denak: tokian tokiko komunitateak egin behar du proposamen eraldatzailea, zaintzak gizartean galdu duen zentralitatea berreskura dezan.
«Industriaren etorreraren ondorioz, produktibitatearen logika gailendu zen, eta lantegietako eskulana nagusi bihurtu zen»
KOLDO TELLERIAÂ Arkitektoa
Koldo Telleria arkitekto eta Dunak elkarteko kideak jarri ditu proposamenaren zimenduak. Zergatik utzi du gizarteak zaintza bazterrean? Erdi Arotik gaur egun arte gizarte ereduetan izandako bilakaeraren errepasoa egin du Telleriak, eta garai zehatz batean paratu du arreta: industrializazioan. Hura mugarria izan zen egungo gizartearen egitura ulertzeko. «Industriaren etorreraren ondorioz, produktibitatearen logika gailendu zen, eta gizarte produktibista horretan lantegietako eskulana nagusi bihurtu zen», gogorarazi du.
Izan ere, lurraldearen egitura ideia horren menpeko bihurtu zen erabat. Lantegiak eraiki ziren, eta, horietatik gertu, langileentzako etxebizitzak. Produktibitate ekonomikoaren jainkotzearen izenean, pertsonen zaintza bazterrean geratu zen.

Garai hartan nagusitu zen pentsaeraren ondorengoa da egungo gizartea. Koldo Telleriaren hitzetan, «logika sinple horien menpe daude gure egungo hiriak eta herriak, eta ahaztu zaigu ez garela makinak».
Egungo sistemaren hutsuneak
Gizarte zerbitzuen alorretik hitz egin dute Maider Azurmendik eta Oihane Zabaletak. Zaintzeko eredua goitik behera aldatu behar dela iritzi diote biek. Adinekoentzako zerbitzuak eskaintzen dituen Matia fundazioko kidea da Azurmendi, eta Hernaniko (Gipuzkoa) Zerbitzu Sozialetako arduraduna da Zabaleta.
Azurmendik egungo zaintza sistemak dituen hutsuneak jarri ditu agerian, eta menpekotasuna duten adinekoen zaintzari buruz hitz egin du batez ere: «Arreta eredua zurruna da, familiak oraindik pisu handia du, zerbitzu zorro bera eskaintzen zaie pertsona oso desberdinei, eta zerbitzuez arduratzen diren erakundeen eta sailen arteko koordinazioa falta da».
«Arreta eredua zurruna da, familiak oraindik pisu handia du, zerbitzu zorro bera eskaintzen zaie pertsona oso desberdinei, eta erakundeen arteko koordinazioa falta da»
MAIDER AZURMENDIÂ Matia fundazioko kidea
Desiratzen duen ereduak nolakoa izan beharko lukeen azaldu du gero; pertsona bakoitzean oinarritu beharko litzateke, eta bizitzaren konplexutasuna kontuan hartu: «Zaintza jasoko duen pertsona horren gabezietan arreta jarri beharrean, pertsonaren indarguneak, desioak eta duintasuna sustatzen dituena. Pertsona horren bizi proiektua aurrera eraman ahal izateko eredua». Egungo sistemak errotiko aldaketak beharko lituzke, eta orain barreiatuta dauden zerbitzuak batzea eta leihatila bakarra sortzea izango litzateke aurrerapauso bat, Azurmendiren ustez.
Oihane Zabaletak, bestalde, azpimarratu du zaintza ezin dela elikatu sistemaren soberakinekin. Ongizate sistemaren barruan zaintzaren ardura guztiak oinarrizko zerbitzuetan jartzen direla salatu du Hernaniko Zerbitzu Sozialetako arduradunak: «Sistema horrek huts egiten duenean bidaltzen dituzte guregana pertsonak, eta guregandik irtenbide magiko bat espero dute». Haren ustez, «ongizate sistemaren itoginak» konpondu behar dira, hala nola osasun, etxebizitza eta lan sistemek dituzten hutsuneak, eta «gizarte zerbitzuak ere ongizate sisteman integratu beharko genituzke, ez azkenerako utzi».
«Sistemak huts egiten duenean bidaltzen dituzte guregana pertsonak, eta irtenbide magiko bat espero dute»
OIHANE ZABALETAÂ Hernaniko Gizarte Zerbitzuetako arduraduna
Josefina Roco LABeko ordezkariak zaintzaileengana bideratu du entzuleen arreta: «Zaintza ikusezina da, gutxietsita dago, eta arlo horretan aritzen direnek prekaritate handia pairatzen dute horren ondorioz».
Rocok adierazi du zaintza bizi osoan zehar behar dutela pertsonek, eta eskubide bat dela, baina gogorarazi du zaintzaren arloa, ordaindua zein ordaindu gabea, feminizatuta dagoela. Emakume horien jardunean nagusi dira behin-behinekotasuna eta prekaritatea, baita lan karga eta ardura handiak ere. Rocoren ustez, zaintza eskubide unibertsala den heinean, erakunde publikoek bermatu beharko lukete, eta zaintzan aritzen direnen lan baldintzak ere ondo zaindu.
Ez zaintzeko pribilegioa
Horrekin lotuta, gizonek zaintzaren ardurari ihes egiteko historikoki izan duten jarreraz mintzatu dira parte hartzaileak. «Denok behar dugu zaintza, bizitzaren garai guztietan, eta ez zaintzea gizonen pribilegioa da», esan du Emagineko Miren Arangurenek. Ideia horretan sakondu du LABeko ordezkariak: «Zaintza ez da nesken kontu bat».
«Nahikoa da, gizonek ezin dute mantendu ez zaintzeko pribilegioa. Emakumeok utzi behar diogu ardura hori gure gain hartzeari, eta gizonek hasi behar dute hartzen»
JOSEFINA ROCOÂ LABeko ordezkaria
Nabarmendu dutenez, gizartearen balore gorena produktibitatea denez, gizonek jaso izan dute errekonozimendu guztia, baina «ezin dugu ahaztu zaintzak ere ekoizten duela, eta funtzio horrek balio handia du gizartean, ezinbestekoa da». Josefina Rocok ultimatum bat bota du: «Nahikoa da, gizonek ezin dute mantendu pribilegio hori». Eta emakumeei proposamena egin die: «Utzi behar diogu ardura hori gure gain hartzeari, eta gizonek hasi behar dute hartzen».