Ehunka lagun elkartu dira eskatzeko izan dadila Tolosaldean zerbitzu guztiak izango dituen ospitale publiko eta doako bat. Izan ere, Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinika pribatua da, baina, Eusko Jaurlaritzarekin duen hitzarmen bati esker, zerbitzu publikoa ere ematen du. Eredu horretaz kexu dira ELA eta LAB sindikatuak. Eskatu dute erietxea publifikatzeko, eta hango 350 langileen lanpostuei han bertan eusteko.
Eskari horiek zabaltzeko, manifestaziora irten dira gaur, Tolosan. Jakinarazi dute ez daudela ados orain arte negoziazioek hartu duten bidearekin. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezekin eta Asuncioneko enpresa batzordearekin bildu dira baldintzez hitz egiteko. Esan dutenez, konponbide partzial bat eskaini diete, denboran mugatua, eta hori ez dute ontzat jotzen.
Azaldu dute borondatea baldin badago lanpostuak publifikatu litezkeela. Are, adibide gisa jarri dute Donostiako Onkologikoa. Publifikatu zenean, bertako langileak langile publiko bihurtu ziren.
Horrenbestez, protestaren antolatzaileek berretsi dute aurrerantzean ere lanean arituko direla Tolosalderako osasun zerbitzu osoa eta doakoa emango duen ospitale publiko baten alde. Baita bertako langileen baldintzen alde ere.