Tolosako gizon baten gorpua aurkitu dute Parisko etxe batean, zatikatua

Bizi zen etxeko jabeak aitortu du berak hil duela, eta atxiloaldian dago. Fiskaltzak ikerketa abiatu du gertatutako argitzeko.

Frantziako Polizia nazionalaren komisaria, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Frantziako Polizia nazionalaren komisaria, artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko martxoaren 4a
08:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tolosako (Gipuzkoa) jatorria duen 33 urteko gizon bat hil dute Parisen, hainbat hedabidek jakinarazi dutenez. Astelehen gauean aurkitu zuen haren gorpua Frantziako Poliziak, hura bizi zen etxean; zatikatua zegoen gorpua. Etxeko jabeak aitortu du berak hil zuela; 50 urteko gizona atxiloaldian dago. Ikerketa abiatu du fiskaltzak. 

Paris aldirietan dagoen Saint-Denis herrian gertatu zen hilketa zehazki. Le Parisien egunkariaren arabera, hildakoaren izebak eman zuen abisua, haren ilobaren berririk ez zuelako. Sokorri zerbitzuak etxera iritsi zirenean, maizterra aurkitu zuten bertan, eta aurre egin zien. Baina polizia agertu zenean sartzen utzi zien azkenean, eta gorpu zatikatua aurkitu zuten. 

Ikerketaren lehen elementuen arabera, istilua izan zuten etxeko jabeak eta maizterrak, eta izandako borrokaren ondotik hil zuen 33 urteko tolosarra. Gorpua desagerrarazten saiatu zen ondotik. «Hilketa eta gorpu bati kalte egitea» leporatuta dago atxiloaldian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.