Emakume batek salatu du gizon batek sexu eraso bat egin ziola Tolosako (Gipuzkoa) Usabal kiroldegian, entrenatzen ari zela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du emakumeak salaketa jarri zuela, eta ikerketa abiatu duela gertatutakoa argitzeko eta erasoaren egilea identifikatzeko. Badakite nor den, Tolosako Udalak jakinarazi baitu debekatu egin diotela kiroldegira sartzea, «berehalako neurri gisa».
Bi elkarretaratze egingo dituzte gaur herrian, erasoa salatzeko: bata, mugimendu feministak antolatua, 18:30ean, Trianguloa plazan; bestea, berriz, 19:30ean, Itaiak antolatuta, Euskal Herria plazan. Udalak bat egin du mugimendu feministaren deialdiarekin.
Udalak abian jarri du indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko erakunde arteko protokoloa. Erakundeak azaldu du indarkeria matxistaren kontrako protokoloa eguneratzen ari direla, azken urteetan «indarkeria matxistaren trataeran» eta legedian izan diren aldaketetara egokitzeko. Horrez gain, kiroldegiko araudia eguneratzen hasiko dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gaitzetsi egin du Tolosako sexu erasoa. Erakundearen arabera, «horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan, hain zuzen». Emakumeen eta gizonen berdintasuna errespetatzea, bai eta duintasuna, sexu-askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa ere, «eskubide bortxaezinak» direla nabarmendu du.