HONDAKINAK

Tolosaldean hilaren 17an jarriko dute atez atekoa, sei hilabete barru egoera aztertzeko konpromisoarekin

Alegia, Anoeta, Irura eta Zizurkil hasiko dira hondakinak biltzeko sistema berriarekin, eta zaborra pilatzeko ontziak banatzen hasi dira jadanik. Atez atekoari "aukera bat" emateko eskatu dute hautetsiek.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko ekainaren 7a
18:14
Entzun

Uda aurretik atez atekoa jarriko zutela esan zuten, eta hilaren 17rako zehaztu dute eguna: Alegian, Anoetan, Iruran eta Zizurkilen hondakinak atez ate biltzen hasiko dira. Udal hautetsiek agerraldi bat egin dute, eta "aukera bat" eskatu diete herritarrei. "Behingoz zuzenean egiaztatu ahal izango dugu zer den atez atekoa". Sei hilabete barru azterketa bat egingo dutela hitzeman dute; herritarren iritziak bilduko dituzte, eta hobekuntzak egiteko prest agertu dira.

Ohitura aldaketa gutxi beharko direla esan dute, eta "salto kualitatiboa" ekarriko duela eredu berriak. "Frogatuta dago hondakinen %80 baino gaika biltzeko aukera ematen duela". Hondakinak sailkatzeko ontziak banatzen hasita daude: Alegian herritarren %90ek jaso dituzte dagoeneko, eta Anoetan, Iruran eta Zizurkilen astebururako dute hitzordua. Iruran gaur ere ari dira, eta jendearen joan-etorria etengabekoa da.

Zizurkilen galdeketa bat egiteko asmoa duela azaldu du Tolosaldea Txukun plataformak. Hilaren 22an eta 23an egitekoa dute. Alkateak esan du bi urte daramatzatela atez atekoa ezartzeko lanarekin, eta behin atez atekoa zer den probatuta, sei hilabetera, herritarren iritzia berriro bilduko duela udalak. Ez du zilegi jo galdeketa, gainera: "Plataformarik ez dago Zizurkilen, eta kanpotik etorri da norbait galdeketa egin behar dela esatera".

Hilaren 17an atez atekoa abiatuko duten herriekin batera egin zuen agerraldia Villabonako alkateak ere orain hiru hilabete. Gaurkoan ez du parte hartu. Azaldu dute "kasuistika berezia" duela herri horrek —gainerakoak baino askoz biztanle gehiago ditu—, baina atez atekoaren inguruan ari dela egiten lanketa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.