Gaztetxe eta gazte asanbladen komunitatea indartzea, esperientzia ezberdinak oinarri hartuta elkarrengandik ikastea, eta eztabaida arrazionalerako eta eraikitzailerako kulturan sakontzea. Helburu horiek izanen dituzte gidari Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketetan; Elorrion (Bizkaia) eginen dituzte, hilaren 29an eta 30ean.
Gorka Etxabe (Arrasate, Gipuzkoa, 2002) eta Maialen Carlos (Elorrio, Bizkaia, 2002) ari dira prestaketa lanetan. Kontatu dutenez, topaketen antolaketa ahalik eta horizontalena izan zedin, bilkurak egin dituzte Euskal Herriko herrietan barna, eta parte hartze zabala izan dute: ehundik gora gazte asanbladarekin jarri dira harremanetan, eta bilkura irekietan modu aktiboan parte hartu dute 80-90 gazte taldek. Inplikazio hori «gaztetxeen loraldiaren» isla dela diote, eta sinetsita daude topaketak ere «indar erakustaldi» bat izanen direla.
Topaketen aurkezpenean, adierazi zenuten «autoritarismoaren gorakada» bat gertatzen ari dela, eta horrek baduela eraginik Euskal Herriko gazteengan eta haien antolaketan. Egoera horri aurre egin beharragatik datoz aurtengo topaketak?
GORKA ETXABE: Hori da. Garai berri baten atarian gaude: faxismoaren, matxismoaren eta arrazakeriaren gorakada bat dugu. Gaztetxe eta gazte asanbladok eragile aktibo izan nahi dugu zapaltzen gaituzten faktore horien guztien aurka. Topaketak horri bultzada bat ematera datoz, gaztetxe eta gazte asanblada bakoitzaren borroka esperientzietatik abiatu eta gaur egungo testuinguruan hausnartu eta antolatzeko. Izan ere, elkar ezagutzen badugu eta antolatzen bagara, defentsarako gaitasun gero eta handiagoa izango dugu.
Hain zuzen, hausnarketa kolektiboan arreta berezia jarri duzue aurten, eta larunbatean esparru hori izanen da protagonista. Nola planteatu duzue ahalik eta parte hartzaileena izan dadin?
MAIALEN CARLOS: Aurretiaz galdera batzuk planteatu ditugu, denen artean erabakitakoak, asanblada zabaletan. Horrela, talde bakoitzak bere herrian horri buruz hausnartzeko aukera izan du, hausnarketa kolektiboa ahalik eta zabalena eta parte hartzaileena izan dadin.
Zertaz eman diozue lehentasuna eredu horri eta ez horrelako topaketetan ohikoagoak diren mahai inguru edo tailerrei?
ETXABE: Mahai inguruen bitartez gaztetxe jakin baten esperientzia partekatzea litzateke, baina guk nahi duguna da asanblada kide orok aukera izatea bere ideiak edo ikuspuntua botatzeko. Horrela, denon ekarpenak kontuan izango ditugu, gure artean ikasi, elikatu eta erronka berri batzuk identifikatze aldera pauso batzuk eman ahal izateko.
«Gaztetxeak osatzen ditugun pertsonak ideia politiko ezberdinetakoak gara, eta iruditzen zaigu bereziki garrantzitsua eta aberasgarria dela eztabaidaren kultura sustatzea modu eraikitzaile batean»
MAIALEN CARLOS Euskal Herriko gaztetxeen topaketetako antolatzailea
CARLOS: Gaztetxeetarako erronka berriak daudela ikusten dugulako, eta denon artean ideiak elkarbanatuz horiek definitu behar direlako. Gaztetxeak osatzen ditugun pertsonak ideia politiko ezberdinetakoak gara, ez gaude-eta bereizita Euskal Herriko panorama politikotik, eta iruditzen zaigu bereziki garrantzitsua eta aberasgarria dela eztabaidaren kultura sustatzea modu eraikitzaile batean.
Eta nola bideratu daiteke ideian arteko talka hori modu eraikitzailean?
ETXABE: Topaketen antolaketatik hasita, ahalik eta parte hartzaileena eta irekiena izan dadila saiatu gara. Asanblada eta pertsona bakoitzak eskubidea izan du bilera denetan erabakitzen edo proposatzen denaren inguruan edozer gauza esateko. Ulertzen dugu Euskal Herrian, eta batez ere asanbladetan antolatuta daudenen artean, ideia ezberdinak daudela eta horregatik du garrantzia hausnarketa kolektiboak. Izan behar duelako espazio bat eztabaida eraikitzaile eta arrazionalen bitartez ideia ezberdinen artean aurrerapausoak eman eta modu eraikitzaile batean elkarrengandik ikasten jarraitu ahal izateko.
Diferentzia politikoak ez ezik, muga politikoak ere badaude. Nola egin dakieke aurre horrek dakartzan erronkei?
CARLOS: Egia da topaketen antolaketa bileretan parte hartzeko mugak zituztela Iparraldekoek. Parte hartze hori errazte aldera, eta kontuan hartuta Iparraldekoak izaten direla egokitu behar dutenak, erabaki genuen antolaketa bilerak gaztetxe ezberdinetan egitea, tartean Urruña. Garrantzi handia eman diogu lurraldetasuna errespetatzeari, Iparraldetik parte hartzeko erraztasunak izateari.
Hausnarketa kolektiborako espazio ez ezik, gazteen artean kultur eredu berri bat gorpuzteko abagunea dira gaztetxeak. Arlo kultural horrek ere lekurik izanen du topaketetan?
CARLOS: Irakurle taldeak, musika kolektiboak edo borroka taldeak antolatzen hasiak dira gaztetxeetan. Horiek adibide batzuk dira erakusteko gaztetxeek eta gazte asanbladek balio dutela gizarte kapitalistatik kanpo antolatzeko. Eta horiek ostiraleko tailerretan izango dute lekua. Interesgarria iruditzen zaigulako azpimarratzea talde horiek gaztetxeei egiten dieten ekarpena, eta, noski, gaztetxeek talde horiei egiten ahal dietena. Uste dugu gaztetxeetatik beste kultur eredu bat eraiki ahal dela, bizitzeko beste modu bat, eta talde hauek hor ekarpena egiten dute.
«Topaketak izan daitezela gaztetxeek eta gazte asanbladok indarrak batu eta herrira lanera motibazioz bueltatzeko»
GORKA ETXABE Euskal Herriko gaztetxeen topaketetako antolatzailea
Eta topaketen ondoren, zer?
ETXABE: Topaketa hauek aurrerapauso garrantzitsua izango dira gure harremanak sendotzeko, eta gaztetxeek eta gazte asanbladon aurkako ofentsibaren aurrean indar erakustaldi bat egiteko, ehunka gazte antolatuta gaudela erakusteko. Aurrera begira ez dugu pentsatu esperientzia honek nola jarraituko duen, baina guk argi duguna zera da: topaketak izan daitezela gaztetxe eta gazte asanbladek indarrak batu eta herrira lanera motibazioz bueltatzeko; bertan ahalik eta gehien eragin, komunitatea eraldatu eta politizatzeko.