Tortura salaketa bat berriz ikertzeko agindu du Auzitegi Konstituzionalak

Garazi Rodriguezen zaintza judizial eraginkorrerako eskubidea urratu dela ebatzi du. Estrasburgoren jurisprudentzia oinarri, epaileek diote behar besteko diligentziarik egin gabe artxibatu zutela salaketa

Garazi Rodriguez —erdian— 26/11 sumarioko kideekin, 2013ko urrian Madrilen egindako epaiketan. J. DANAE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
«Poliziaren eta auzi medikuen txostenak eskatzea izan zen instrukzioan egin zen gauza bakarra». Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du Garazi Rodriguezen tortura salaketa ez zela behar beste ikertu, eta prozedura berriz hasteko agindu dio Madrilgo Instrukzioko 29. Auzitegiari. Argi dio sententziak: «Ikerketa itxi zen oraindik instrukziorako bitartekoak bazeudenean». Izan ere, Madrilgo auzitegiak ez zion deklaraziorik hartu inori: ez salatzaileari, ez inkomunikazio aldian harekin egon ziren auzi medikuei, ez haren ardura zuten poliziei. Rodriguezi ez zioten mediku probarik egin torturak utz ditzakeen ondorioen inguruan, eta ez zuen atxiloaldiko grabaziorik eskatu. Hala ere, salaketa artxibatzea erabaki zuen, Konstituzionalak aurreko hainbat epaitan esandakoaren aurka.

2009ko azaroan atxilotu zuten Rodriguez, beste dozenaka gazterekin batera, Segiren aurkako sarekada batean. Gau hartan Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotutako ia denen gisan, torturak salatu zituen 2010eko uztailean, Donostiako Instrukzioko 4. Auzitegian. Handik, Madrilera bideratu zuten auzia epaileek; Rodriguezek jarritako helegite guztiak atzera bota zituzten han.

Madrilgo instrukzio auzitegiak emandako argudioa zen Rodriguezek ez ziela torturarik salatuauzi medikuei inkomunikatua zuten bitartean, eta salaketa judiziala zortzi hilabete pasatu ondoren jarri zuela —kartzelan eduki zuten tarte horretan—. Konstituzionalak gogora ekarri du argudio horiek ez direla nahikoa, eta Rodriguezek Fernando Grande-Marlaska epaileari «zehazki» eman ziola tortura testigantza, poliziek haren esku jarri orduko. Atxilotuak epaileari azaldu zion zergatik ez zien ezer esan auzi medikuei. Hala jaso dute epaian: «Aitortu zuen ez ziela ezer esan [...], beldurragatik, eta poliziak atearen beste aldean zeudelako, esaten zutena entzuten».

Uztailean sinatutako sententzian —astelehenean publikatu dute BOE Espainiako aldizkari ofizialean—, Konstituzionalaren beraren eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia hartu dute oinarri; zehazki, Estrasburgoko auzitegiak torturak ez ikertzeagatik Espainiari jarritako zigorretan esandakoak. Besteak beste, hurrengoa: «Tortura salaketak inkomunikazio egoeretan gertatzen direnean, ikerketa judizialean zorroztasun handiagoa eskatu liteke».

Ondorioz, Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko lehen aretoko epaileek ebatzi dute Rodriguezen kasuan ez zela errespetatu zaintza judizial eraginkorrerako oinarrizko eskubidea, eta salaketa berriz ikertzeko agindu diote Madrilgo auzitegiari. Francisco Perez de los Cobos da areto horretako buru, eta Juan Antonio Xiolek idatzi du sententzia.

Fiskaltzaren iritzi aldaketa

Aurtengo otsailean, auzia Konstituzionalera iritsi ondoren, Rodriguezen helegitearen aldeko iritzia eman zuen fiskaltzak: esan zuen ez zela behar beste ikertu salaketa, Konstituzionalak orain emandako argudioak erabilita. 2010eko abenduan, ordea, auzia oraindik Madrilgo instrukzio auzitegian zegoela, kontrakoa esan zuen, eta ontzat jo zituen auzia artxibatzeko argudioak. Hau da, auzi berari buruzko argudio kontrajarriak eman ditu fiskaltzak prozeduraren hasieran eta salaketa Konstituzionalera iritsi ondoren. Tarte horretan, Estrasburgok gutxienez lau aldiz zigortu zuen Espainia, torturak ez ikertzeagatik.

Rodriguez 2013an epaitu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste 39 gazteren batera, Segiko kide izatea egotzita. Absolbitu egin zituzten denak, eta epaimahaiak zalantzan jarri zuen «modu librean eta borondatez» deklaratu ote zuten auzipetuek.

Gazteen absoluzio epaian, beste «zantzu» bat ere agertu zuen Auzitegi Nazionalak: Rodriguez antifaza jantzita eduki zutela. Izan ere, sarekadaren hurrengo egunean, El Mundo egunkarian atera zuten Rodriguezen atxiloketa uneko argazkia, antifazarekin; legez kanpokoa da antifaza jartzea atxilotuei. Hala jaso zuten epaileek: «Zentzumenak murriztea nazioarteko torturaren metodoak ikertzeko eta dokumentatzeko eskuliburuan jasoa dago, pertsona desorientatzen duelako eta bakartzea larriagotu».

Auzi hartako beste gazte askoren gisan, Rodriguezek ere Grande-Marlaska epailearen aurrean salatu zituen torturak, baina hark ez zuen neurririk hartu. Hala azaldu zuen une hura Rodriguezek bere salaketan: «Hitzez hitz azaldu nion salaketan kontatutako guztia. Une batean bakarrik galdetu zidan torturaz, ea bularrik ukitu zidaten. Horrez gain, ez zuen beste ezer esan».

Antzeko beste sententzia batzuk ere eman izan ditu Konstituzionalak; besteak beste, 2012an Ruben Villaren kasuan, eta 2013an Mikel Beunzarenean. Berriki, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin du Auzitegi Nazionalak Beatriz Etxebarriari, Iñigo Zapiraini eta Saioa Sanchezi ezarritako zigorra, froga psikologiko bat ukatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.