Azken fasean sartu da Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiak 2008an Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian Espainiaren kontra jarritako salaketa. Estrasburgoko Auzitegiak Egunkaria auziko epaia kontuan hartzea onartu zuen joan den irailean, eta Espainiari 2012ko urtarrilaren 16ra arteko epea eman zion alegazioak aurkezteko. Espainiak alegazioak aurkeztu ondoren, Otamendik erantzuteko aukera izan du, eta haren abokatuak erantzunezko idatzia joan den astean aurkeztu du. Bertan, Espainiako Gobernuaren alegazioak ezetsi ditu banan-banan. Argudiatzeko orduan, batez ere, Otamendiren abokatuak Estrasburgoko Auzitegiaren bi epai izan ditu oinarri: 2011ko martxoaren 8an Aritz Beristainen alde ebatzitakoa eta 2010eko irailaren 28an Mikel San Argimiroren alde ebatzitakoa. Aipatutako kasu bietan, Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu du tortura salaketak ikertzeko betebeharra urratzeagatik.
Otamendik 2008ko irailean jo zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegira. Egunkaria auziko operazioan Guardia Zibilaren esku atxilotuta egon zenean jasandako torturak eraginkortasunez ez ikertzeagatik eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik salaketa jarri zuen Otamendik Espainiaren kontra. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu izana egotzi zion Espainiari. Tortura kasuetan, Giza Eskubideen Auzitegiaren arabera, estatuak behartuta daude ikerketa ofizial eraginkorra egitera. Otamendik auzi medikuaren aurrean, Juan del Olmo epaile instruktorearen aurrean, Madrilgo epaitegian eta Tolosako epaitegian salatu zuen torturak jaso izana. Madrilgo Probintzia Auzitegiak, baina, artxibatu egin zuen auzia, eta ondoren jarritako babes helegitea ez tramitatzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak —2008ko martxoan—. Espainian bide judiziala agortuta, Estrasburgoko Auzitegira jo zuen Otamendik 2008ko irailean.
Alegazioak eta erantzuna
Espainiako Gobernuak joan den urtarrilaren 16an aurkeztutako alegazioak bi ataletan banatuta daude. Batetik, ukatu du tratu txarrik izan dela. Bestetik, argudiatu du ezin dela esan «tratu txarren salaketak ikertzeko betebeharraren omisiorik egon denik».
Lehen ildoari dagokionez, Espainiako Gobernuaren letratuak nabarmendu du auzi jartzaileak ez duela «salaketa egiaztatzen duen frogarik» aurkeztu. «Auzi jartzailearen alegazio subjektiboetatik harago, ez dagoalegazio horiek baieztatzea ahalbidetzen duen datu objektiborik», argudiatu du Espainiako Gobernuaren abokatuak alegazioen idatzian. Atxiloaldian Otamendi ikusi zuen auzi medikuaren lekukotasuna da Espainiako Gobernuaren abokatuaren helduleku nagusia, epaitegian egindako deklarazioan kolpe edo indarkeria zantzurik ez zela ageriazaldu zuelako.
Alegazio horien aurrean, Martxelo Otamendiren abokatu Iñigo Iruinek, lehenik, gogorarazi diotribunalari auzibidea soil-soilik Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 3. artikuluaren alde prozesalen urraketagatik aurkeztu dela, hau da, tortura salaketaren ondoren ikerketa eraginkorrik ez egiteagatik. Horrez gain, tratu txarren datu objektiborik ez izatearen argudioari dagokionez, Otamendiren abokatuak Aritz Beristainen kasuan Estrasburgoko Auzitegiak berak ebatzitakoa ekarri du gogora: «Tribunala jakitun da zein zailtasun izan ditzakeen atxilotu batek atxiloaldi inkomunikatuan jasandako tratu txarren frogakaurkeztu ahal izateko, eta batez ere arrastorik uzten ez duten tratu txarren kasuan, auzi jartzaileak eskabidean salatutakoak bezalakoak». Antzeko gogoeta egin zuen tribunalak Mikel San Argimiroren kasuan. Era berean, arestian aipatutako epaian, tribunalak nabarmendu zuen tratu txarren frogak agertzeko ezintasuna «agintarien aldetik, ikerketa sakon eta eraginkorrik ez egotearen ondorio» izan zela.
Dena den, auziaren mamia bigarren atalean dago, ikerketaren eraginkortasunari buruzkoan. Espainiako Gobernuaren abokatuak ikerketa egon zela argudiatu du, eta Madrilgo Auzitegiak hainbat ekinbideri uko egin izana justifikatu du. Martxelo Otamendiren abokatuak, aldiz, tortura salaketa ez zela eraginkortasunez ikertu berretsi du, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epai batzuek lagunduta berretsi du.
Martxelo Otamendik lau aldiz, lau une prozesaletan, adierazi zuen tratu txarrak jaso zituela. «Guztietan kontakizuna bera da. Auzi jartzaileak egindako kontakizunak nahiko larritasun maila du Konbentzioaren 3. artikuluaren baitakotzat jotzeko», argudiatu du erantzunezko idatzian.
Alde batetik, Auzitegi Nazionaleko epaile instruktore Juan del Olmoren «pasibotasuna» ekarri du gogora, bai auzi medikuen txostenen aurrean bai Otamendiri deklarazioa hartu zioneko salaketaren aurrean. «Auzi medikuaren 2003-02-21 eta 2003-02-22 egunetako txostenetan, argi gelditzen da funtzionario polizialek galdekatzen ari direla era irregularrean eta letratu baten presentziarik gabe. 'Hiru saiotan, galdekatzen zuten bitartean' tratu txarrak jaso dituela dio; eta auzi medikuak 'galdeketen inguruan errepikakorra' dela jaso du; halaber, 'galdeketarako gela batera eraman dutela'. Hori guztia onartu zuen auzi medikuak 2004ko urtarrilaren 27ko deklarazio judizialean. Hala ere, ezerk ez du eragiten instrukzio epailearen esku-hartzea».
Pasibotasunaz gain, ikerketa oztopatzea ere egotzi dio Del Olmo epaile instruktoreari, uko egin ziolako Otamendiren testigantza Madrilgo Guardiako Epaitegira bidaltzeari. Hiru hilabete beranduago arte ez zuen bidali.
Behar bezalako ikerketa ez zela izan erakusteko garrantzitsua da Madrilgo Auzitegiaren jarrera ere. Salaketa aztertu zuen epaileak uko egin zion Martxelo Otamendiri aurrez aurre entzuteari, espetxetik irten zeneko adierazpenen bideoa ikustea baztertu zuen, eta «gertaeren lekuko bakarraren» deklarazioa hartzeari uko egin zion —Fermin Lazkano, Otamendirekin polizia etxeko ziega berean egondakoa—. Horrez gain, Madrileko Lurralde Auzitegiko epaileak ez zuen ikerketarako ekinbiderik egin atxiloaldiko tokia edo zaintzaren arduradunak ezagutzeko. Beraz, Otamendiren abokatuaren ustez, San Argimiroren epaian jasotzen den bezala, kasu honetan ere, «barne jurisdikzioek baztertu egin dituzte gertaera argitzen lagundu zitzaketen frogak».
«Ondorioz», Otamendiren abokatuak aurkeztu berri duen idatziaren arabera, «posible da baieztatzea Konbentzioaren 3. artikuluaren bortxaketa izan dela, auzi-jartzaileak adierazitako tratu txarren ikerketa eraginkorrik ez baita egin».
Tortura salaketa ez zela benetan ikertu nabarmendu du Otamendik Estrasburgon
Espainiako Gobernuaren abokatuak azken alegazioak bideratu zituen urtarrilean, eta Otamendirenak erantzuna aurkeztu berri duEstrasburgoko Auzitegiaren epaiak baliatuz ezetsi ditu Otamendik Madrilen argudioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu