Torturak saihesteko neurriak hartzeari ezezkoa eman dio Grande-Marlaskak

Herri mobilizaziora deitu du AAMk, «errepresioa herritarron mugimenduak geldituko duelako»

Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak eta hainbat atxiloturen senide eta lagunak, Bilbon, atzo. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
BIlbo
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Guardia zibilen eskuetan inkomunikatuta daude astearte goizaldean Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz atxilotu zituzten lau bilbotarrak. ETAko kide izatea egotzita atxilotu zituzten Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria, Daniel Pastor eta Lorena Lopez, eta ordutik, haien senideek ez dute hurkoen berririk. Guardia zibilek torturatuko ote dituzten beldurtuta, habeas corpus deritzon eskubidea ezartzeko eskatu zuten senideek: atxilotuak epailearen aurrera berehala eramateko. Eskubide horri ezezkoa eman zion Marlaskak, baita torturak saihesteko Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batzuek erabili izan duten protokoloa ezartzeari ere.

Atxiloaldi guztia bideoz grabatzea, atxilotuak haien konfiantzazko medikuek artatzea eta senideei hurkoa non eta nola dagoen jakinaraztea da protokoloa ezarrita epaileari eskatu ziotena. Baina Marlaskak uko egin dio neurri horiek ezartzeari, eta senideek ez dute atxilotuen inguruko beste berririk. Berri agentziek polizia iturriak aipatuta zabaldu dutenez, astearte gauean Madrilera eraman zituzten lau atxilotuak.

Atxilotuei emango dieten tratua dela eta, «alarma guztiak» piztu ditu Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. «Guardia Zibilak tortura latzak erabiltzen ditu euskal herritarren aurka, tortura horiek sistematikoak dira eta helburu politiko argiak dituzte», ohartarazi du. Tortura erabiltzea erabaki politikoa dela seguru dago, eta, beraz, Espainiako Gobernua egin du iaz salatutako 64 tortura kasuen erantzule, baita Bilboko atxilotuek jasango duten tratuaren erantzule ere. «Torturarik latzenak erabiltzea erabakitzen dute Moncloako bulegoetan, eta polizia etxeetan jartzen dute praktikan».

EAJren jarrera ere salatu du AAMk. «Tamalgarria» iruditu zaio atxiloketak txalotzea, «badakielako halakoen ostean tortura testigantza izugarriak izaten direla». Galdera bota du hargatik: «Esango al dute ezer, atxilotuek torturak salatzen badituzte?».

Espainiako Estatuaren «errepresio politikoa» arbuiatu, eta egunotako beste kasu batzuk ekarri ditu gogora AAMk. Izan ere, astebetean gertatu denak erakusten du, haren ustez, ondoen, Euskal Herriko egoera. Izpuran itxialdia egin duten gazte independentistak aipatu ditu, horien senide eta lagunek zein Bilboko atxilotuenek osatutako 50 laguneko multzoarekin egindako agerraldi batean. Horiek ere beren herrietatik torturetatik ihesi joan zirela ohartarazi dute, eta lan politiko «erabat publikoa» egiteagatik jazarri dietela. Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik beren etxeetan gorde izanak egoeraren nondik norakoa are argiago utzi duela adierazi du.

«Euskal Herriak duen egiturazko zapalkuntzaren aurka altxatu diren herritarrak zapaltzeko» bidean kokatu du gazte horien egoera ere.

Baina Euskal Herria «aro berrian» dagoela ohartarazi du. Haren ustez, «benetako prozesu bat garatzeko oinarriak» jarri dira, eta elkarlana konpromisoetan gorpuztu da. Espainiako eta Frantziako gobernuak, ordea, oso bestelako bidean daudela salatu du: «Errepresioak gidatzen du bi estatuen plangintza politikoa».

Hala ere, «benetako konponbidearen alde» murgildu direnek hartutako bidean aurrera egin behar dutela ohartarazi du AAMk. «Geure burua indartu behar dugu, konpromisoak areagotuz, mobilizazioak ugarituz». Mugitzeko deia egin du, beraz, «herritarron mugimenduak eta aktibazioak ekarriko dutelako errepresioa gelditzea eta desaktibatzea». Bide horretan, azken atxiloketen eta torturen aurka larunbata arte izango diren protestetan parte hartzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.