Guardia Zibilak astearte goizaldean atxilotutako andoaindarrei, Iñazio Otaño Ttintto-ri eta Iñaki Igerategiri,atzo goizean kendu zieten inkomunikazio aldia, eta arratsaldean Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko seigarren instrukzio epaitegiko epailearen aurrean deklaratu zuten, konfiantzazko abokatuarekin. Biek uko egin zioten epailearen aurrean deklaratzeari. 20:00ak jota, Velasco epaileak Otaño eta Igerategi espetxeratzeko agindua eman zuen. Epaile instruktoreak ETAko kide izatea egotzi die. Bi egun eta erdi eman dituzte inkomunikatuta, eta Otañok zein Igerategik torturatu egin dituztela salatu diote epaileari.
Bien abokatuek «esperantza txiki bat» bazuten oraingoan tratu txarrik izango ez zela, baina Igerategirekin eta Otañorekin egoteko aukera izan dutenean, egoerak«berdin-berdin» jarraitzen duela egiaztatu dute. Onintza Ostolaza abokatuaren arabera, torturaren aurkako protokoloak ezartzeko eskatu zioten Velascori, baina ez zien «erantzun ere egin».
Inkomunikazio aldian,kolpeak eta mehatxuak jasan dituzte. Atxilotuetako baten kasuan, guardia zibilek drogak erabili dituztela salatu du Ostolazak: «Badirudi zerbait ematen ziotela, eta analisiak egiteko agindu du epaileak». Atxilotuen arabera, ordu askoko galdeketa luzeak egin dizkiete, zutik, hamabi guardia zibilez inguratuta, eta «begiak itxita» zeuzkatela, nekatuta geratu arte, poliziaren deklarazioa ikasi arte. «Berdin-berdin jarraitzen du. Legez kanpoko galdeketak erabiltzen dituzte, beste metodo batzuekin, nahi dituzten autoinkulpazioak lortu ahal izateko. Zigorgabetasun osoz», esan du.
Gaur, Otañorekin eta Igerategirekin lasaiago egoteko aukera edukiko dute, eta, horrenbestez, inkomunikazio aldian izandako torturen xehetasun gehiagoren berri helaraziko diote iritzi publikoari. Ostolazaren arabera, behin inkomunikazioa kenduta, «lasaiago» daude, baina lur jota segitzen dute.
Egungo testuinguru politiko berezian, atxiloketa horiek ezinegon berezia sortu dute Euskal Herrian, batez ere Andoainen, bi atxilotuen herrian. Atzo, udaleko osoko bilkuran, mozio bana aurkeztu zuten Bildu koalizioak eta EAJk. Lekukoen arabera, udal batzarra tentsio handikoa izan zen. Ertzain ugari zeuden barruan eta inguruetan, eta giro horrek komunikabide askoren arreta bereganatu zuen.
Legealdi honetan, Bilduko zazpi zinegotzik osatzen dute udal gobernua. PSE-EEk sei zinegotzi dauzka, eta osoko bilkuraren hasieranudal batzarretik altxatzea erabaki zuten. Bilduren mozioak bost puntu ditu. Besteak beste, mozioak aipatzen du Otaño eta Igerategiren atxiloketen gisako ekintzak garai berrien «aurkako norabidean» doazela. «Kezka» azaltzen du bi andoaindar inkomunikazio egoeran babesik gabe daudelako, eta torturatzeko arriskuaz ohartarazten du. Atxiloketak gaitzesteaz gain, estatuei dei egiten die urratsak egiteko konponbidean.
EAJren mozioa aurrera atera da, Bildu abstenitu egin delako eta PSE udal batzarretik at zegoelako. Mozio horrek dio benetako bakea giza eskubide ororen errespetuan oinarrituta eraiki behar dela. Gainera, bi atxilotuen errugabetasun printzipioa errespetatzeko eskatzen du, «leporatzen zaien horretan errudun izan edo ez». Inkomunikazio aldiak dakarren babes falta ere aipatzen du mozioak.
Bestalde, atzo Gernikako Akordioaren sinatzaileak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako Espainiako Gobernuaren ordezkaritzatan elkarretaratu ziren atxiloketak salatzeko. Sektore batzuk«gatazka luzatzeko egiten ari diren ahalegina» erakusten dute atxiloketek, haien ustez.
Torturak salatu dituzte Igerategik eta Otañok epailearen aurrean
Galdeketa luzeak, kolpeak, mehatxuak eta drogen erabilera salatu dituzte; Velasco epaileak espetxeratu egin ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu