Torturaren aurka manifestazioa egingo dute larunbatean Iruñean

Mikel Zabalzaren hilketaren 26. urteurrenean, tortura desagerrarazteko eskaera egingo dute

joxerra senar
Iruñea
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Zoritxarrez, historia errepikatu egiten dela ikusten dugu». Ramon Gonzalez Mikel Zabalza Gogoan herri mugimenduko eledunak gaitzetsi egin du Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatzeagatik Gipuzkoako lurralde auzitegiak zigortutako guardia zibilen aldeko Gorenaren epaia. Haren ustez, zigorgabetasunari ateak irekitzen dizkio. Zabalzaren kasuarekin alderatu du; haren ustez, duela 26 urte bezala, estatuak orain «torturak izan zirela ukatzeaz gain, zigortu gabe» utzi ditu. Larunbatean 26 urte beteko dira «Intxaurrondon jasandako infernu latzaren ondorioz» Guardia Zibilak Zabalza hil zuenetik, eta, horregatik, etziko manifestaziora deitu du herri mugimenduak. Golemetik aterako da, 17:30ean, Torturarik ez, inpunitaterik ez lelopean. Gainera, igandean, Orbaizetan omenaldia egingo diote 12:00etan.

Gonzalezen arabera, Zabalzaren kasuak badu antzekotasunik Sarasolaren eta Porturen kasuarekin. Epaian jasota dagoenez, Portu eta Sarasola atxilotu eta mendiko bidexka batera eraman zituztenean, Sarasolari guardia zibilek pistola buru gainean jarri eta «Mikel Zabalzari egin ziotena egin behar» ziotela esan zioten.

Haren esanetan, beste ehunka euskal herritarrek jasandako tortura saioetan errepikatu da mehatxu bera: «'Hil arte torturatuko zaitugu, eta ez da deus gertatuko, ukiezinak garelako', esan nahi dute. Horixe da inpunitatearen prezioa, tortura eta izua iraunaraztea polizia etxeetan eta kuarteletan». Gonzalezen arabera, horrek erakusten du ezer ez dela aldatu, eta, horregatik, beharrezkotzat jo du kalera irtetea.

Peio Etxabide Lesakako alkateak, berriz, azpimarratu du sinesten duela bai Porturen bai Sarasolaren bertsioa, hala berretsi zuelako Donostiako epaitegiak. Gorenaren epaia «zentzugabekeria galanta» izan dela iritzi dio. «Ziurrenik indultuari itxura judiziala emateko saioa besterik ez da», kritikatu du. Halere, Etxabideren ustez, bakea lortzeko «beharrezkoa» da Espainiako Estatuak desagerraraztea tortura zein hari bide ematen dioten mekanismoak. Lesaka, Baztan, Goizueta eta Arantzako alkateek babesa eman diote manifestazioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.