Memoria

Torturaren biktimak aitortzeko eta erreparatzeko eskatu dute Vicente Lertxundiren heriotzaren 60. urteurrenean

Egiari Zor fundazioak Donostian egindako ekitaldian salatu du hamarkadetan «sistematikoki» torturatu izan dela, eta aldarrikatu hori aitortu gabe ezingo dela «elkarbizitza demokratikorik» eraiki

Donostiako Txomin-Enea auzoan oroitu dute Vicente Lertxundi, preso izan zuten Martuteneko presondegiaren aldamenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko abenduaren 28a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Vicente Lertxundi Donostiako militante anarkista hil eta 60 urtera, ekitaldia egin du Egiari Zor fundazioak. Salatu du haren egiak «ezkutuan» dirauela eta inork ez duela bere gain hartu gertatutakoaren inolako erantzukizunik. Gaurko egunez hil zen Lertxundi, 1962an. Martuteneko presondegian sartu zuten, Alferren eta Gaizkileen Legea aplikatuta. Bertsio ofizialaren arabera, espetxeko erizaindegian bihotzeko gaitz bat diagnostikatu zioten, eta egun horretan bertan utzi zuten libre.

Oso bestelakoa da haren gertukoen testigantza, ordea. Pilar Garaialde Egiari Zor fundazioko kideak gogorarazi duenez. «Beren esanetan, espetxeko kartzelariek modu basatian jipoitu zuten Vicente. Jasotako kolpeen ondorioz presoa hain egoera tamalgarrian zegoela ikusi zutenean, espetxetik kanporatzea erabaki zuten bertan hil ez zedin, horrek eragingo zuen eskandalua ekiditeko». Artean hilzorian zela, Txomin Enea auzoko bizilagun batzuek aurkitu zuten Lertxundi, eta garai hartako erresidentziara eraman zuten. Han hil zen. Orduko testigantzen arabera, «hil egin naute» esan zuen hil aurretik. Lertxundik salatu du inongo erakunde ofizialek ez zuela Lertxundiren heriotza argitzeko ikerketarik zabaldu.

Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan pertsona asko, «gehiegi», hil direla adierazi du Garaialdek, baina salatu du Espainiako Estatuaren aparatuaren indarkeriak kaltetu egindakoentzat ez dela inolako aitortzarik izan. Premiazkotzat jo du hori: «Aldarrikatu nahi dugu ezinezkoa dela etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa eraikitzea heriotza horiek, eskubide urraketa larri horiek, aintzat hartzen ez baditugu, aitortzen eta erreparatzen ez baditugu». Torturaren erabilerari aipamen berezia egin dio, eta esan du «hamarkadetako praktika sistematikoa» izan dela, «ongi diseinatutako egitura» bati esker egindakoa: «Ez zen polizia jakin batzuen kontua izan. Tortura posible izan zen mediku forentseen, epaileen, abokatuen, hedabideen, garaian garaiko gobernu ordezkarien, alderdi batzuetako buruen eta abarren kolaborazioari esker».

Lertxundirena eta torturen ondorioz hildako besteen kasuak «ikertzeko eta argitzeko» beharra azpimarratu du Garaialdek, eta gogorarazi hamalau direla hala hildakoak, eta 5.657, guztira, dokumentatutako tortura testigantzak. «Beharrezkoa da biktima horien guztien esku beharrezkoak diren baliabide instituzionalak uztea», aldarrikatu du.

Erantzukizunei, «aitzakiak»

Ildo beretik, Iñaki Revuelta Lertxundiren senideak —haren osaba zaharra zen Lertxundi— ohartarazi du torturaren ondorioz hildakoek «egiarik eta aitortzarik» gabe jarraitzen dutela, eta, halaber, tortura horien erantzuleek «inpunitate osoa» dutela. Erantzule politiko eta instituzionalek beren erantzukizunak «diluitzeko aitzakiak» darabiltzatela ere salatu du.

Era berean, Revueltak nabarmendu du indarkeria mota guztien biktimei trataera berbera eman behar zaiela, «indarkeriaren gaitzespena sinesgarria izango bada». Alde horretatik, Donostiako udal gobernuari zuzendu zaio, eta «inplikazio handiagoa» eskatu dio «ahaztutako eta baztertutako» biktimak «erreparatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.