TORTURA

Torturaren biktimek "aitortza handiagoa" behar zutela adierazi du Fernandezek

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Bizikidetza zuzendaria Eusko Legebiltzarrean izan da, 1960-2014 urteen arteko tortura kasuei buruzko txostenaz azalpenak emateko.

Jonan Fernandez, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2018ko martxoaren 19a
07:09
Entzun

1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua izeneko txostena aurkeztu zuen Jaurlaritzak abenduan, eta txostenari buruzko azalpenak eman ditu gaur Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Bizikidetza zuzendariak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean.

Azaldu duenez, zazpi lan ildo ditu Jaurlaritzak txostenaren inguruan:

1. Torturaren biktimei aitorpena egitea: "Guztion arreta handiagoa merezi zuten".

2. Erreparazioa eskaintzeko 12/2016 legea bultzatzen jarraitzea. Gaur egun, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetua du araua.

3. Ertzaintzan torturaren eta tratu txarren prebentzioa indartzea.

4. Txostena Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldearen esku uztea.

5. Agiria Gogora institutuan uztea.

6. Nazioarteko erakundeei txostena bidaltzea, “eraginkortasun handiagoa izan dezan”.

7 Espainiako erakundeei eskatzea prebentzio neurriak hartzeko, ikerketa independentea abiatzeko, gogoeta kritikoa egiteko eta eragindako mina aitortzeko.

Fernandezek azaldu du txostenaren asmoa dela "egiarako eskubidea" bermatzea justiziarik ez duten kasuentzat, eta "pausoz pauso" joan nahi du aurrerantzean. Halaber, Ertzaintzaren lana goraipatu du, eta nabarmendu prebentzio neurriak hartu izan dituela eta ez dagoela haren aurkako epairik torturatzea egotzita.

Biktimen %10ek, kalte psikologikoak

Fernandezek baino lehen, Paco Etxeberria txostenaren koordinatzaileetako batek azaldu ditu lanaren nondik norakoak. Besteak beste, esan du txostenean jasotakoak baino tortura kasu gehiago daudela, eta "bokazioa" dutela lanarekin jarraitzeko, erakundeek babesa emanez gero.

Talde politikoen galderei erantzunda, Etxeberriak azaldu du torturarena "auzi kulturala" dela, eta "kemena" eskatu du haren kontra egiteko: "Protokoloen gainetik, existitzen jarrai dezake torturak; adi egon gaitezen. Hau ezin da gehiago gertatu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.